2022ko ekainaren 13a

DeustoForum 2022

Joseph McMonigle, Arantxa Tapia eta Jorge Fernández, Bilbon egindako ekitaldian. © DeustoForum

Joseph McMonigle Energiaren Nazioarteko Foroko idazkari nagusiak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gaur egungo egoera geopolitiko eta energetiko konplexuaren inguruko gogoeta egin dute DeustoForumen

Mundu mailako ekonomia jasangarri baterako trantsizioa fase erabakigarrian sartzen ari da, eta, 2015eko Parisko Akordioaren helburuak betetzeko, datozen urteetan ekonomia deskarbonizatzeko prozesuan aurrerapen nabarmena eskatuko du. Energiaren balio kate osoan eraldaketa sakonak egiteko premiak eta egungo egoera geopolitiko eta energetiko konplexuak hainbat erronka planteatzen dizkie mundu osoko gobernuei, enpresei eta gizarteei.

Joseph McMonigle IEF-Energiaren nazioarteko Foroko idazkari nagusiak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak energia trantsizioaren eta deskarbonizazioaren erronka globalak eta tokikoak aztertu zituzten, joan den ostegunean, DeustoForumen ekitaldian.

Topaketa Jorge Fernández Orkestrako Energia eta Ingurumeneko Labeko koordinatzaileak moderatu zuen. Fernandezek ekitaldiari hasiera eman zion energia trantsizioaren eta deskarbonizazioaren erronkari berehala heltzeak duen garrantzia azpimarratuz: “EAEn industria honetan dugun esperientzia aprobetxatu behar dugu eta haren indarguneak energia trantsizioaren zerbitzura jarri”.

Joseph McMoniglek adierazi zuen energia merkatuak une kritikoan daudela, baina egoera ez dela soilik Ukrainiaren inbasioaren ondorio. IEFeko idazkari nagusiaren esanetan, 2021eko urrian dagoeneko ikusten zen joera hori eta egiturazko arrazoiak ditu. Hain zuzen ere, arrazoi horiek eraman behar gaituzte energia iturriak gehiago dibertsifikatzera: “Gaur egungo energia merkatuak aztertu eta berreraikuntzarako bide orria pentsatu behar dugu, pandemiaren eta gerraren ondorenerako”.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Basque Green Deal ekimena aurkeztu zuen. Lanerako plan horren helburua da Euskadin 2023erako berotegi efektua eragiten duten gasak % 45 murriztea eta 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzea. Horretarako, epe labur eta ertaineko helburuak zehazten ditu, Euskadin energia trantsizio hirukoitza eraikitzeko: langabezia % 10etik behera murriztea, BPGn industriaren eta zerbitzu aurreratuen pisua % 40tik gorakoa izatea, berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak % 30 murriztea, energia berriztagarriak energiaren azken kontsumoaren % 20 izatea lortzea, eta beste energia iturri batzuekiko –ikatza edo gas naturala, adibidez– mendekotasuna gutxitzea.