2022ko maiatzaren 11a

Presentacion monográfico EKONOMIAZ 99

Jorge Fernández, Orkestrako ikertzailea, JIEEC ekitaldiaren inaugurazioan.  © EVE, Orkestra eta TECNALIA 

Energiaren Euskal Erakundeak, Orkestrak eta TECNALIAk nazioarteko biltzarraren XVII. edizioa antolatu dute. Ekitaldiak garrantzizko topagune bat sustatzen du hainbat herrialde eta eremutako aditu eta ikertzaileentzat.

Sare elektrikoek energia-sistema egituratzen dute, eta funtsekoak dira energia-trantsizio efiziente bat ziurtatzeko bidean. Testuinguru horretan, Ekipo Elektrikoen Nazioarteko XVII. Jardunaldiek (JIEEC) nazioarteko 150 aditu baino gehiago bildu dituzte Bilbon honako hauekin zerikusia duten alderdiei sakonetik heltzeko helburuarekin: batetik, hurrengo urteetan energia-sistemaren jasangarritasunaren eta deskarbonizazioaren, zibersegurtasunaren eta datu-kudeaketaren eremuetan sare inteligenteak garatzea, eta, bestetik, sistema elektrikoaren erabiltzaile berriaren eta energia-komunitatearen zeregina.

Edizio honek garrantzi berezia eman die sare elektriko inteligenteen zereginari, eta Europako Itun Berdean eta Suspertze Planetan funtsezko teknologia gisa egiten duten ekarpenari eta inpaktuari. Europako Itun Berdeak EB eraldatuko du, ekonomia modernoa, baliabideen erabileran efizientea eta lehiakorra izan dadin, 2050erako berotegi-efektuko gasen emisioak sortzeari uztea, hazkunde ekonomikoa baliabideen erabileratik bereiztea eta pertsona eta toki bat ere atzean ez geratzea bermatuz. Testuinguru horretan, sare elektrikoak funtsezko elementu egituratzaileak dira, besteak beste: interkonektatutako energia-sistemak eta hobeto integratutako sareak eraikitzea ahalbidetzen dutelako, energia-iturri berriztagarriei laguntzeko; teknologia berritzaileak eta azpiegitura modernoak sustatzen dituztelako; energia-efizientzia bultzatzen dutelako; gasaren sektorea deskarbonizatu eta sektore guztietan integrazio inteligentea sustatzen dutelako; eta Europan itsas energia eolikoaren ahalmen osoa garatzeko bide ematen dutelako.

JIEEC 2022 2

Inaugurazio instituzionala Iñigo Ansola Kareaga EEEko zuzendari nagusiaren, Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiaren eta Jorge Fernández, Orkestrako energiaren ataleko koordinatzailearen eskutik izan da. Bere hitzaldian, Fernándezek pandemiak erangindako krisiak eta Ukraniako gerrak energia-sektorearen oinarrietan izan duen inpaktuari buruz aritu da eta hurrengo urteetan elektrifikazioak energia-trantsizioaren oinarri gisa izango duen zeregina indartu egingo dela nabarmendu du.

Zentzu horretan, azpimarratu du sare adimendunen garapena “funtsezko baldintza” izango dela ekonomiaren elektrifikazioan behin betiko aurrera egiteko, eta Europako Batasuneko energia-helburu klimatikoak lortzen lagunduko duela, Europako Itun Berdearen eta “Fit-55” paketearen jarraibideen arabera.

Jardunaldiak eta horien edukia

Biltzarraren lehen saioan, DG Energy European Commission-eko, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko, Energiaren Nazioarteko Agentziako eta Banco Interamericano de Desarrollo-ko zenbait aditu bildu dira sare elektrikoek energia-trantsizioan duten zereginaren gainean eztabaidatzeko. Aclara-Hubbell, Arteche, Hitachi Energy, Iberdrola, Ibil, Ingeteam, Ormazabal, Schneider Electric eta Siemens enpresetako adituek ere ideiak eta ikuspuntuak elkartrukatu dituzte sektore elektrikoaren aktualitatearen gainean.

Sare elektriko inteligenteetarako datu-kudeaketaren eta zibersegurtasunaren gakoei ere heldu zaie lehen jardunaldian. Foroaren bigarren egunean, aldiz, adituek sistema elektrikoaren erabiltzaile berriaren eta energia-komunitateen zereginean sakondu dute.