2022ko maiatzaren 2a

Diagnóstico de Competitividad del Territorio Histórico de Bizkaia

Bizkaia Orekan Sakonduz eskualdeko lehiakortasunaren estrategiaren barruan, Orkestrak txosten bat prestatu du Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko Sailarentzat, lurralde historikoaren lehiakortasunaren eta ongizatearen erradiografia azaltzeko, bere egiturazko ingurunea aztertzetik abiatuta eta palanka dinamikoetan sakonduta.

Txostenak erakusten du Bizkaiko lurraldearen kokapena ona dela eta epe ertain eta luzera pertsonen ongizatea areagotuko duen lehiakortasun hori eraikitzen joateko, berrikuntza, ekintzailetza eta jakintza bultzatzen duten lehiakortasunaren palanka dinamikoak indartu behar direla. Hain zuzen ere, esparru horietan Bizkaiak zenbait indargune baditu dagoeneko.

Lurraldearen erronkei dagokienez, txostenak enpresen nazioartekotzea nabarmentzen du, baita trantsizio demografikoak eta berdeak lehiakortasun estrategiari jarrizko dizkion erronkak ere. Bizkaiko eskualdeen berezitasuna kontuan hartuta, diagnostikoak azpimarratzen du garrantzitsua dela maila askotako eragileekin estrategia partekatua indartzen jarraitzea.

Informe de Competitividad
ARGITALPENA

Bizkaiko Lurralde Historikoko Lehiakortasunaren Diagnostikoa

Bizkaiako lehiakortasunaren eta ongizatearen erradiografia, bere egiturazko ingurunea aztertzetik abiatuta eta palanka dinamikoetan sakonduta.

+ Jaitsi txostena

Jarraian, txostenaren ondorio nagusiak aurkeztuko ditugu, aztertutako dimentsioetako bakoitzean:

Egiturazko ingurunea

Bizkaiak gizarte eta demografiako erronkak ditu, bereziki immigrazioari eta biztanleriaren zahartzeari dagokionez. Bere ekonomia egituran zerbitzuen sektorea da nagusi, beste lurralde batzuetan baino gehiago. Eta enpresen tamaina txikiagoa da. Jakintzan intentsiboak diren zerbitzuak nabarmentzen dira. Hain zuzen ere, 2020an enpleguaren % 40,7 hartzen zuten. PCT patenteen kontzentrazio indizeak lurraldeak teknologia jakin batzuetan espezializatzeko egin duen apustu estrategikoa erakusten du. Indize horrek lehen bost esparru teknologikoetako (garraioa; bioteknologia; farmaziako produktuak; material biologikoen analisia; gailu elektronikoak, ingeniaritza elektronikoa eta energia elektrikoa) ehunekoa hartzen du. Bizkaian, PCT patenteen % 43,4% bost esparru horietan kontzentratzen da. EAEn, ordea, patenteen % 32,7 kontzentratzen da bost esparruetan eta Alemanian, esate baterako, patenteen % 34,7. 

Ongizateari lotutako emaitzak

Diagnostikoak Bizkaiak ongizatearen dimentsioetako batzuetan dituen indarguneak azpimarratzen ditu, horien artean, bizitza materiala eta hezkuntza. Erronkei dagokienez, enpleguaren eta ingurumen jasangarritasunaren arlokoak identifikatu dira. 2020ko datuen arabera, urteko errentaren mediana baliokidea handiagoa zen Bizkaian eta Euskal Autonomia Erkidegoan (20.570 € eta 20.400 €, hurrenez hurren), Espainian eta EB-27an baino (15.015 € eta 17.325 €, hurrenez hurren). Errentaren mediana Alemaniakoa baino txikiagoa bada ere (23.515 €), azken urteetan proportzio handiagoan handitu da Bizkaian herrialde hartan baino (% 29 Bizkaian eta % 19 Alemanian). Etengabeko ikaskuntzari dagokionez, Bizkaian 16 eta 64 urte arteko herritarren % 13,4k hartzen du parte jarduera horietan; EAEn, % 12,3k; eta Alemanian, % 7k. Lurraldeko erronka nagusiak bi dira: langabezia tasa (15 eta 74 urte arteko biztanleria aktiboaren % 11,3 izan zen 2020an) eta ingurumenaren jasangarritasuna eta CO2 isuriak.

Ekonomia eta enpresa emaitzak 

2020ko krisiaren aurretik, Bizkaiak produktibitatean eta unitateko lan kostuetan zituen indargunerik handienak. Gainera, enpresak egoera onean zeuden, errentagarritasun ratio onak zituzten. Azpimarratzekoa da, halaber, lan egindako ordu bakoitzeko produktibitatea beste lurraldeetan baino gutxiago jaitsi zela 2020an; hortaz, Bizkaiak COVIDaren ondorengo susperraldiari ekiteko abiapuntu ona du. Horretarako, berrikuntzari lotuta, indarguneak ditu, jauzi kualitatiboa eman baitu bai enpresa txiki eta ertain berritzaileen ehunekoan (2014ko % 36,2tik 2019ko % 41era) eta bai produktuan berrikuntzak egiten dituzten enpresen ehunekoan (2014ko % 20tik 2019ko % 31,1era). Ekintzailetzako datuak ere onak dira, azken urteetan politika aktiboen bidez indartu nahi izan da esparru hori. Baina kokapen hori ez da nazioartekotzea islatzen. Hain zuzen ere, Bizkaiak esparru hori sendotu beharko luke, enpresa esportatzaileen kopurua eta enpresa horiek esportatzen duten ondasunen bolumena handitzeko, baita modu erregularrean esportatzen duten enpresen kopurua areagotzeko ere. 

Bizkaiko lehiakortasunaren palanken azterketa

Lurraldeak lehiakortasun ekonomikoan duen kokapen ona palanka jakin batzuen gainean eraiki da. Palanka horien artean nabarmentzekoak dira Bizkaiak finantzaketan duen indargunea eta atzerriko kapitala erakartzeko nolabaiteko gaitasuna, azpiegitura fisikoetan egiten diren inbertsioak, patenteen errendimendua, gazteen hezkuntza –horrexek baldintzatuko du etorkizuneko lehiakortasuna–, eta erakundeak eta gizarte kapitala. Palanka horien guztien gainean eraikiko da ongizatea helburu izango duen epe ertain eta luzeko lehiakortasuna. Erronka nagusia da energia berriztagarrien kuota hobetzea eta natur baliabideetan intentsiboak diren sektoreekiko mendekotasuna murrizteko bidean jarraitzea, energia eta klima trantsizioan aurrerapausoak eman ahal izateko.