2021eko uztailaren 20a

Entrevista grupo uplift

  • Orkestrak agentzien eta Aldundiaren arteko harremanetan eredu berri bat eraikitzen lagundu du, 4.0 industriaren esparruan, enpresa txiki eta ertainen eraldaketa bultzatzeko.

Orkestra 2016az geroztik ari da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, lurraldeko enpresa txiki eta ertain industrialen 4.0 eraldaketarako, Etorkizuna Eraikiz Lurralde Garapeneko Laborategiaren bidez. Elkarlan horri lotuta, 2019an txosten bat argitaratu zen, enpresa horien egoeraren diagnosia aurkezteko.

Aste honetan, Miren Estensoro, Amaia Zumeaga eta Juan Pablo Saladok Orkestrako koaderno bat argitaratu dute eta bertan bildu dituzte Gipuzkoako 85 enpresa txiki eta ertain industrialen 4.0 trantsiziorako ekintza planak. Elkarrizketa honetan, Mirenek eta Amaiak urte hauetan egin duten prozesuaren eta horri lotutako ikerketaren ondorio nagusien inguruan hitz egin digute.

Lurralde Garapeneko Laborategian Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei 4.0 industrian barneratzen laguntzeko lan egiten duzue. Zergatik da garrantzitsua enpresa hauek 4.0 trantsizioaz kanpo ez gelditzea?

Euskal Autonomia Erkidegoko industria enpresa gehienak enpresa txikiak eta ertainak dira. Enpresa horiek 4.0 Industriaren paradigman integratzea da EAEko industria trantsizioaren erronka nagusietako bat.

Integrazio horren alderdi ekonomikoa argia da; gure herrialdeko balio kate industrial nagusiak hornitzaile txiki eta ertainen mendekoak dira. Baina gizarte erronka ere bada. Enpresa txiki eta ertainen 4.0 trantsizioa bultzatzeko ahalegin nahikorik egiten ez badugu, enpresa horietako asko paradigma horretatik kanpo gelditu daitezke eta horrek ondorioak izango ditu enpleguan eta gure tokiko ekoizpen sistemen biziraupenean, sistema horiek enpresa txiki eta ertainetan oinarritzen baitira.

Enpresa txiki eta ertainak trantsizio horretan integratzeko kontuan hartu behar dira enpresa horien berezitasunak: beti ez dituzte argi ikusten 4.0 Industriak ekar ditzakeen onura estrategikoak; baliabide mugatuak dituzte eta horrek egunerokoari lehentasun guztia ematen dakar eta, aldi berean, berrikuntza zailtzen du; eskaintzen duten prozesu edo produktu mota estandarizatua eta automatizazio maila txikikoa izan ohi da; askok ez diote oraindik heldu teknologikoa ez den berrikuntzari; eta, sarritan, lankidetza gaitasun txikia dute. Ezaugarri horiek erakusten dute gizarte erronka handia dugula aurrean eta berariazko politikak eta programak behar dituela.

2016az geroztik ari zarete erronka honen inguruan lanean. Zein lorpen azpimarratuko zenituzkete?

Proiektuak hainbat fase izan ditu. Lehenengo fasean, 2017an eta 2018an, agentziek banakako diagnostikoak egin zituzten 404 enpresa txiki eta ertain industrialetan, 4.0 trantsizioari heltzeko zein egoeratan zeuden xehetasunez jakiteko. Diagnostikoa ez zen helburua, baizik eta enpresei beren eraldaketa prozesuan laguntzeko urrats bat. Bigarren fasean, 2019tik aurrera, hasierako diagnostiko horretatik abiatuta, agentziek 4.0 industriarako ekintza planak definitzen lagundu diete enpresei. Orain arte, 85 enpresatan definitu dira planak.

Gipuzkoako Lurralde Garapeneko Laborategiko ikerketa-ekintzako proiektu honek azken batean ahalbidetu du enpresen epe luzeko eraldaketarako oinarriak jartzea. Oinarri horien adibide dira Gipuzkoako Foru Aldundiak, agentziek eta Orkestrak elkarrekin definitu duten metodologia; agentzietan enpresa txiki eta ertainei laguntzeko eta eskualdeko berrikuntza sistemako eragileen arteko zubiak eraikitzeko gaitasunak garatzea; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta agentzien lidergo partekatua; edo ikertzaileak prozesu horien fazilitadore edo bideratzaile aritzea, besteak beste.

"Pymen ezaugarri horiek erakusten dute gizarte erronka handia dugula aurrean eta berariazko politikak eta programak behar dituela".

Zehazki, zertan datza 4.0 trantsizioa egiteko ekintza plan bat?

Enpresan 4.0 trantsizioa egiteko bide orri bat definitzea dela esan genezake. Bi zati ditu. Alde batetik, 4.0 teknologia(k) nola integratu proposatzen du eta, beste alde batetik, integrazio teknologiko hori errazteko enpresak garatu behar dituen alderdi ez teknologikoak definitzen ditu. Zatietako bakoitzak antzeko egitura du: integrazio teknologikoaren eta teknologiaz bestelako baldintzen garapenaren helburuak, integrazio teknologiko horretan edo teknologikoak ez diren alderdietan enpresari lagunduko dioten eragileak (bidelagunak), prozesu hori garatzeko ekintzak, aurrekontua, aurrerapen maila, eta zailtasunak.

Proiektuan parte hartu duten 85 enpresa txiki eta ertainen ekintza planak aztertu dituzue. Zein erronka komun identifikatu dituzue?

Azterketa honetatik hiru ondorio nagusi atera daitezke. Alde batetik, planek erakusten dute enpresa txiki eta ertain industrialen 4.0 trantsizio planak 4.0 teknologien integrazioaren eta integrazio teknologiko hori ahalbidetuko duten baldintza ez teknologikoen garapenaren araberakoak direla (plangintza estrategikoa edo prestakuntza, besteak beste).

Beste alde batetik, ikusi dugu plan horietan aurreikusitako 4.0 industriarako inbertsioen helburua, nagusiki, enpresaren ekoizpen prozesuetan efizientzia handitzea eta prozesu adimendunak bideratzea dela. Horretarako gehien aipatzen diren teknologiak automatizazioa, sistema horizontalak eta bertikalak integratzea, eta datuen analisia eta big data dira. Sistema ziber-fisikoak balio kateetara zabaltzea oraindik ere erronka da enpresa txiki eta ertain gehienentzat.

Azkenik, ikusi dugu planak definitzeko eta gauzatzeko garrantzitsua dela bidelagunekin lan egitea, hau da, berrikuntza sistemako eragileekin (lanbide heziketako ikastetxeak, zentro teknologikoak eta zerbitzu aurreratuetako enpresak, bereziki ingeniaritzak edo aholkularitzak). Gainera, planak, neurri batean, inbertsioak egiteko laguntza programak badaude egingo dira.

Eskualdeko garapen agentziak funtsezkoak izan dira planak egiteko eta ezartzeko orduan. Zer azpimarratuko zenuke haien lanaz?

‘Familia sendagilea’ terminoa erabiltzen dugu plan horiek egiteko eta ezartzeko orduan agentziek duten rola deskribatzeko. Familia sendagileek egiten duten bezala, agentziek, 4.0 trantsizioaren paradigmarekin bat egiteko potentzialaren inguruan sentsibilizatzeaz gainera, enpresen eraldaketa bideratzen dute, lehenengo egoeraren diagnostikoa eginez eta ondoren, jakintza aditua duten eragileak inplikatuz, enpresetan baldintza teknologiko eta ez teknologiko zehatzen garapenean laguntzeko. Beraz, agentziak konfiantzazko eragileak dira enpresen eta berrikuntza sistemako eragileen arteko zubiak eraikitzeko. Gainera, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza programak enpresa txiki eta ertainei hurbiltzen dizkiete. Bestalde, eragile hurbilak dira, eraldaketa prozesu osoan baitute enpresarekin harremana. Hain zuzen ere, enpresetako askok eta agentziek lehendik zuten harremana eta proiektu honen ondoren ere jarraituko dute harremana izaten.

"enpresa txiki eta ertain industrialen 4.0 trantsizio planak 4.0 teknologien integrazioaren eta integrazio teknologiko hori ahalbidetuko duten baldintza ez teknologikoen garapenaren araberakoak direla".

Lan hori guztia ikerketa-ekintzako prozesu baten bidez egin da. Zein abantaila eskaintzen ditu metodologia honek?

Proiektu honek erakusten du gizarte ikertzaileak aldaketaren eragile izan gaitezkeela, industria politiketan. Horrek esan nahi du ikertzaileek rol aktiboa izan dezaketela industria eta lurralde garapenaren esparruan, aditu, aholkulari edo aztertzaileen ohiko rolaren osagarri. 4.0 Industrian dugun jakintza aditua funtsezkoa izan da agentziak enpresetara hurbiltzeko eta planak metodologia elkarrekin definitzeko. 4.0 industriaren esparruan enpresa txiki eta ertainen eraldaketa bideratzeko agentzien eta Aldundiaren artean harremanetako eredu berri bat eraikitzen laguntzean eragina du, halaber, elkarrizketa, negoziazio eta gatazkaren kudeaketa prozesuak bideratzearen inguruko jakintza adituak ere. Proiektu honetan aplikatu dugun ikerketa-ekintzako hurbilketak politika egiteko modu honen konplexutasuna kudeatzea ahalbidetzen du, hain beharrezkoa enpresa txiki eta ertainak 4.0 paradigmara batzea nahi badugu.