2019ko uztailak 18an

Usue henar competitiveko web

Competitiv’eko mugaz haraindiko lankidetza proiektu bat da, Euskal Autonomia Erkidegoa, Akitania eta Nafarroa lotzen dituena. Hiru urteko lankidetza trinkoaren ondoren, proiektua amaierara iritsi da. “Emaitza zedarri bat izan da bai Europan eta bai tartean dauden hiru lurraldeetan", dio Henar Alcaldek. Orkestrako ikertzailea, Usue Lorenz erakunde bereko ikerketa bideratzailearekin batera, Europako proiektu honetan lanean aritu da, jakintza, metodologia, analisia eta eztabaidarako elementuak eskainiz.

"Zaila da lankidetzaren logikan pausoak ematea, sektore bereko enpresak direnean eta lurralde edo eremu geografiko desberdinetakoak. Egoera horretan, are nabariagoa da lehia"

82 enpresak egin dute bat proiektuarekin, berrikuntzarako aukera eskaintzen duten sektore berriak bultzatzeko ahaleginak biltzeko. Sektore horien artean daude gehikuntzako fabrikazioa, medikuntzako neurrirako gailuen fabrikazioa eta adimen artifiziala.

Enpresen arteko lankidetzak aukera ugari eskaintzen baditu ere, erronka handiak jartzen ditu aurrean eta horiei arreta berezia jartzea gomendatzen da. Halaxe jasotzen du “Retos de la colaboración empresarial transfronteriza: experimentación en la eurorregión Nueva Aquitania-Euskadi-Navarra” argitalpenak. Hain zuzen ere, horri buruz hitz egin dugu elkarrizketa honetan.

3 partzuergo, osasun sektoreko 6 berrikuntza plataforma, 82 enpresa elkartu… zerekin gelditzen zarete?

HENAR: Ikerketa institutu baten ikuspuntutik, guretzat ikaskuntzarik handiena izan da mugaz haraindiko lankidetza bultzatuko duen metodologia bat lantzea. Bestela esanda, hainbat fasez baliatuz, berez sortzen ari diren lankidetza horiek bideratu ahal izatea, sinergia horien potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

USUE: Analisirako guneak eta ekintzarako guneak uztartzen dituen proiektu bat landu dugu. Horrek ahalbidetu du prozesua egituratua izatea eta ikaskuntzen inguruan gogoeta egitea. Hori ez da hain ohikoa Europako proiektu mota hauetan, lehentasuna ematen baitzaio ekintzari, lankidetza sustatzeari eta merkatu aukerak antzemateari, besteak beste. Gure ikuspuntutik, prozesuak lagundu du ikusten zein ekarpen egin dezaketen gurea bezalako institutuek, analisi eta ikaskuntzaren aldetik.

Enpresak proiektuaren erdi-erdian egon dira. Eta horrek emaitzak lortzen lagundu du.

Joan den urtean, esaten zenuten lehenengo begiratuan, logikoa dirudiela bizilagunak elkarrekin lanean aritzea, baina errealitatean, ez dakigula zer dagoen mugaren beste aldean eta ez garela gai indarguneak aprobetxatzeko eta sinergiak sortzeko. Orain hobeto ezagutzen al dugu bizilaguna?

HENAR: Aurrerapauso handiak eman dira eta Merkataritza Ganberek edo Sodenak ahalegin handia egin dute lurralde askotako enpresak eremu berera ekartzeko. Horrela, sektoreko lau enpresa elkartu ditugu eta erronkak eta aukerak partekatu ahal izan dituzte. Hazia hor dago, baina oraindik ere bizilagunok ez dugu elkar ezagutzen eta zaila da mugaz bestaldekoekin lankidetzan aritzea, lehiakidetzat ikusten ditugulako. Zaila da lankidetzaren logikan pausoak ematea, sektore bereko enpresak direnean eta lurralde edo eremu geografiko desberdinetakoak. Egoera horretan, are nabariagoa da lehia.

USUE: Proiektuak, zalantzarik gabe, lagundu digu hiru lurraldeak elkarrengana hurbiltzen eta industria eta espezializazio politikei buruz hitz egiten. Competitiv’eko proiektuak zarata handiagoa ateratzea eta, bai enpresa ikuspegitik eta bai politiken ikuspegitik, indarrak mugaz haraindiko lankidetzan jartzea ahalbidetu du.

 Zertan gauzatzen da lankidetza hori, lorpenei erreparatzen badiegu?

HENAR: Osasun esparruan, esate baterako, poloak enpresen arteko lankidetza zehatzak lortu ditu, esparru hori bultzatzeko indarra eta gogoa nabarmenak izan direlako, bai trakzio talde handien aldetik eta bai enpresa txiki eta ertainen aldetik. Zergatik? Neurri batean, sektorea estrategikoa delako hiru lurraldeetan. Hala, hiru urtean 82 enpresa batu dira polora. Guretzat, zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da hori.

USUE: Askotariko jakintzak oso modu trinkoan integratu dira esperientzia honetan. Adibidez, balio kateak eraikitzerakoan. Lan hori, normalean, analistek edo partzuergoko kideek egiten dugu, baina proiektuan izan ditugun lan saioei esker, lana aberastu ahal izan dugu, kateak sortzerakoan eta eraikitzerakoan enpresen jakiteak txertatuz. Aldi berean, prozesu honetan enpresek definitu ahal izan dute poloen jarduera. Enpresak proiektuaren erdi-erdian egon dira. Eta horrek emaitzak lortzen lagundu du. Enpresak ere iritzi berekoak dira.

Enpresa txiki eta ertainek muga handiak izan ohi dituzte produktu eta negozio ideia bat garatzeko, baina lankidetzari esker, elkarrekin partekatu eta lan egin dezakete, helburu hori lortzeko.

Muga, lan osoan zehar, aukera gisa azaltzen zaigu. Nolako abantailak ditu mugaz haraindiko lankidetzak?

HENAR: Masa kritikoa sortzeari dagokionez, lankidetzak abantaila handiak ditu. Adibidez, enpresa txiki eta ertainek muga handiak izan ohi dituzte produktu eta negozio ideia bat garatzeko, baina lankidetzari esker, elkarrekin partekatu eta lan egin dezakete, helburu hori lortzeko. 15 enpresak osatutako polo batean, adibidez, masa nahikoa sortzen da proiektuen lehiaketetara aurkezteko, aukerak identifikatzeko eta arakatzeko, baliabide teknologikoak eta giza baliabideak eskuratzeko, izapide burokratikoak eta administraziokoak kudeatzeko, etab.

USUE: Mugaz haraindiko eremuak merkatu berriak ireki ditu. Adibidez, INNOV MEDICA poloan, eskualde bakoitzeko ospitaleek beste eskualdeetako ospitaleekin harremanak izan dituzte, eta eskualdetako enpresek mugaz haraindiko ospitaleekin harremanak hasi dituzte. Horrela, merkatu eta berrikuntza aukera berrietara irits daitezke.

Aitzitik, zein hesi daude?

HENAR: Hesi nagusiak burokraziari lotutakoak dira. Jardunbide horiek finantzatzeko orduan, zaila da gobernu bati proposatzea beste lurralde batean garatuko den enpresa jarduera bat finantzatzeko, jarduera aurrera eramango den lurraldean spilloverrak eta kanpo eraginak sortzen dituelako horrek. Horregatik, tentsio politikoak sortzen dira eta, zenbaitetan, poloen biziraupena zalantzan jartzera ere irits daitezke. Eguneroko harremanak mugaz haraindiko lankidetza politika baino urrunago doaz. Ildo horretatik, garrantzitsua da administrazio publikoek, lurraldean pentsatzeaz gainera, euroeskualdean ere pentsatzea eta lankidetza horri lagunduko dioten tresna politikoak eta publikoak sustatzea, jarduera, ikuspegi fisikotik, non egingo den kontuan izan gabe. Hori erronka handia da, zalantzarik gabe.

USUE: Kultura eta hizkuntza ere hesiak dira, nahiz eta hurbil egon, oso modu desberdinean lan egiten dugulako eta, batzuetan, elkar ulertzea ez delako hain erraza. Asko aurreratu da horretan, baina, hala ere, eragozpen handi bat da. Beste erronka bat proiektuaren iraunkortasuna da, bultzada, laguntza, finantzaketa, eremu eta abarri dagokionez. Erakunde publikoek lankidetzan jarraitzeko borondatea eta konpromisoa agertu badute ere, oraindik zehaztu gabe dago nola egingo den hori.

Ondorio gisa, azpimarratzen duzue proiektuan zehar sortu den guztiaren etorkizunari buruz pentsatu behar dela. Eskualdeen arteko lankidetzarako erabil daitezkeen tresna politikoei buruzko lan bat aipatuz, esaten duzue ahalegin handiagoa egin behar dela eragileentzat eta politikentzat adimen estrategikoa garatzeko. Zer esan nahi duzue horrekin?

HENAR: Uste dugu garrantzitsua dela aztertzea non egon daitezkeen lankidetzarako aukera horiek, identifikatu, ikusi zein sektoretan izan gaitezkeen osagarriak. Aztertu zein enpresak lan egin dezaketen esparru horretan eta, politika publikoen ikuspegitik, haien bidelagun izan eta laguntza eskaini proiektu horiek finantzatzeko. Orkestan uste dugu horrek lagundu dezakeela lurraldeko lehiakortasuna hobetzen.

Era berean, zuen argitalpenean gomendatzen duzue epe ertainera begiratzea, epe laburreko eragina bilatu beharrean. Nolakoa izango litzateke proiektua epe ertainera/luzera pentsatu izan balitz?

HENAR: Epe luzeagoa edo malgutasun handiagoa izan bagenu, gogoeta eta analisirako gunea luzatu ahal izango genukeen eta horrela, bidelaguntza beste modu batera eskaini ahal izango genukeen. Gauza zehatzagoetara iritsiko ginatekeen, gogoetarako lagungarriak izango liratekeen input analitiko berriak eskainiz.

USUE: Argi dago epe luzeak laguntzen duela proiektuan ditugun erronkei arrakasta handiagoz erantzuten. Kasu honetan, jarraitzeko borondate argia dago, bai politikarien aldetik, bai enpresen aldetik, eta bai prozesuan lagundu duten eragileen aldetik. Guri dagokigunez, uste dugu proiektuaren lehenengo fase honetan sortu diren poloek arrakasta handiagoa edo txikiagoa izango dutela lankidetzako ikuspegi estrategikoaren arabera. Lankidetza epe luzeko ikuspegiarekin eraiki behar da, bai proiektuaren barruan eta bai kanpoan.


Henar Alcalde

Henar Alcalde

Cum Laude doktorea Business Adminstration and Quantitative Methods (European Mention) arloan, Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Doktoregoko egonaldia Copenhagen Business Schoolen, INO-Innovation and Organizational Economics Sailean. Masterra Business Adminstration and Quantitative Methods-etan Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaduna Burgosko Unibertsitatean.

usue lorenz

Usue Lorenz

Usue Lorenz Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, Nazioarteko Kudeaketako espezialitatean. Nazioarteko kudeaketako Masterra egin du eta lurraldeen lehiakortasunari buruzko beste hainbat ikastaro (berrikuntzari, lurralde garapenari eta Europako berrikuntza programei buruzko ikastaroak eta hitzaldiak)..

Ikusi profil osoa

Etiketa: Enpresa lab-a