2019ko ekainak 7an 

Smart Spezialization Strategy (S3) kontzeptuak interesa sortu du Europako hiri askotan, beren garapen estrategia definitzeko bidea izan baitaiteke. Bilbo “Urban Smarts Specialization Strategy” deitutakoarekin lan egiten duten hirien adibide bat da. Hiria estrategia hori abian jartzen aitzindaria izan zen Europan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskualde osoan RIS3 estrategia hartu eta garatzeko apustua ere kontuan hartuta, Urbact in Focus proiektuaren gidaritza hartu zuen. Proiektu horrek hiriei eta lurraldeei lagundu nahi die espezializazio adimenduna hiri mailan lantzen.

Orkestra 2013az geroztik ari da lanean espezializazio adimenduneko estrategia horren garapenean, Bilbao Next Lab proiektuaren bidez. Ekimen horretan Bilbao Ekintzak eta Bilboko Udalak hartzen dute parte. Miren Estensoro Orkestrako ikertzaileak koordinatzen du proiektua Orkestran. Ikerketa-ekintzaren metodologiaz baliatuz, Bilboren S3 estrategia arrakastaz garatzea ahalbidetuko duten erronken eta "ikuspegi partekatua eraikitzeko" kontuan hartu behar diren elementuen inguruko gogoeta egiten du.


miren estensoro perfil baja

Bilbo aitzindaria da espezializazio adimenduneko estrategien garapenean. Zergatik hasi zen Bizkaiko hiriburua estrategia mota hori garatzen?

Bilbok 2012an ekin zion estrategia hori garatzeari. Orduan, eta hiriaren eraldaketa fisikoaren ondoren, aldaketaren hirugarren fasean pentsatzen hasi ziren, garapen ekonomikoaren fasean, hain zuzen ere. Garapen ekonomikoari dagokionez, hiriaren gaitasunak mugatuta zeuden, bai ikuspegi politikotik begiratuta eta bai aurrekontuaren ikuspegitik begiratuta. Horregatik, Alkatetzako kabinetea, esparru horretan zeregin aktiboagoa aldarrikatu nahian, eta Eusko Jaurlaritza prestatzen ari zen espezializazio adimenduneko estrategiarekin bat, bere Smart Specialisation estrategia garatzen hasi zen. Orkestra ordurako Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari zela ikusterakoan, Bilboko Udala gurekin harremanetan jarri zen eta elkarrekin Bilbao Next Lab proiektuari forma ematen hasi ginen.

"Alkatetzako kabinetea, hiriaren eraldaketa ekonomikoan zeregin aktiboagoa aldarrikatu nahian, eta Eusko Jaurlaritza prestatzen ari zen espezializazio adimenduneko estrategiarekin bat, bere Smart Specialisation estrategia garatzen hasi zen"

Eta orduz geroztik, zazpi urte daramazue hiriaren S3a lantzen. Nola eraikitzen da estrategia hori?

Guk ikerketa-ekintzaren bidez lantzen dugu hori. Espezializazio adimenduna bultzatzeko erronkak eta prozesua aurrera eramateko Bilbo hiriak eta, zehazki, Udalak dituen zailtasunak definitu ditugu.

Zehazki, hiru erronka nagusi definitu eta lantzen ari gara. Lehenengoan, politikari, zuzendari eta teknikari talde batekin ari gara lanean, fazilitadore bihurtuz, hiriaren espezializazio adimenduna bultza dezaten.

Bigarren erronkan, espezializazio adimenduneko estrategia Euskadiko RIS3arekin uztartzea da helburua, maila askotako ikuspegia kontuan hartuta.

Azkenik, udaleko hainbat arloren artean espezializazio adimendunaren inguruan ikuspegi partekatu bat eraikitzeko lanean ari gara, besteak beste, Zorrotzaurreri dagozkion kontuetan.

Bigarren puntua hartuta, "Euskadiko RIS3 eta Bilboko espezializazio adimenduna uztartzea", nola egiten da lan, jakinik gure lurraldean erakunde konplexutasuna handia dela?

Prozesuan pertsona gakoak barneratuz eta elkarrizketarako espazio bat diseinatuz, erakundeek, eragileek eta ikertzaileek elkarrekin lan egin dezaten. Ikusten genuen EAEko erakunde bakoitzak espezializazio adimenduna siloetan banatuta lantzen zuela. Orkestra Bizkaiko, Gipuzkoako, Bilboko eta Eusko Jaurlaritzako estrategien garapenean laguntzen ari da, eta ikusi genuen guk ere lan egiteko modu bera genuela. 2018ko apirilean Bilbon Europako Batzordeko S3 Platform espezializazio adimenduneko plataformaren lantegia izango zela eta bertan EAEren kasua aurkeztu behar genuela aprobetxatuz, espazio bat sortu genuen proiektuen artean elkarrekiko ikaskuntza bultzatzeko eta, horrela, estrategien arteko artikulazioari laguntzeko.

Zer ikasi da orduz geroztik?

Hizkera partekatu bat eraikitzen hasi gara, eta horrek garrantzi handia du, aurrera lerrokatuta egin nahi badugu. Eztabaida interesgarri bat dago RIS3ko estrategia ofizialaren izenaren inguruan. Izen egokia “aterki estrategia” izango zela erabaki genuen. Gainera, erronka komunak identifikatu dira, esate baterako, RIS3arekin enpresa txikietara iristea. Elkarrekiko ikaskuntzan aurre egiteko, eta adibide gisa, Bilbok Bizkaia Orekan proiektuan erabili den metodologiatik ikasi nahi du, balio kateak identifikatzeari dagokionez.

Ikerketa-ekintzaren metodologia erabiltzen ari zarete espezializazio adimenduneko estrategiak eraikitzeko. Ikerketa-ekintza aplikatzeko orduan, alderik ba al da hirien, lurralde historikoen eta abarren artean?

Hiria mikro ekosistema bat da, dena dago hurbilago. Eskalako ekonomia bat da. Aktibo asko kontzentratzen dira espazio oso txiki batean; beraz, errazagoa da esperimentuak egitea. Bestalde, Bilbo eta Bizkaia edo Euskal Autonomia Erkidegoa alderatzen baditugu, garapen ekonomikoari begiratuta, sektoreek ez dute zerikusirik. Bizkaiko hiriburuan ez dago industriarik, gainerako lurraldeetan ikusi dugunarekin alderatuta; kultur eta sormen industria dago eta zerbitzuen sektorea. Lurraldeko gainerako udalerrietako jardueraren osagarri da hori, 4.0 industriarako zerbitzu aurreratuak baitira horietako asko. Gainera, gurekin batera prozesuan ari den eragile mota ere desberdina da eta horrek eskatzen du ekintza mota ere bestelakoa izatea. Esate baterako, Bilbon garapen agentzia bakarrarekin egiten dugu lan eta lurralde historikoetan, ordea, hainbat garapen agentzia ditugu. Berezitasun horrek ekintzarako bide berriak irekitzen dizkigu, esate baterako, erakunde publikoen antolaketari dagokionez. 

Desberdintasunak aztertzen jarraituz, eta Urbact In Focus proiektuan ikasitakoa kontuan hartuta, zein desberdintasun ditu Bilbok, Europako beste hiri batzuekin alderatuta?

"Europako beste hiri batzuetatik ikasi ahal izateko, Bilborentzat adibide egokia dira zerbitzu aurreratuetan espezializatu diren hiriak, gai izan baitira lurraldeko industriari erantzuten dioten zerbitzuak garatzeko"

Bilbok tamaina oso ona du berritzaile izateko. Kokapen geografiko bikaina du. Adibidez, ekonomiaren garapenean jakintzan intentsiboak izan nahi duten zerbitzuetan nabarmen espezializatu da, eta horrelako zerbitzu batzuk garatu ditu jada. Hiriak ikuspen handiko politikak garatzen ditu, izugarrizko apustua egin da eraldaketaren alde. Horrek ez du esan nahi etorkizun hurbil batean hainbat erronkari erantzun behar ez dionik: lurraldeko beste maila batzuekin eta maila horietako estrategiekin artikulatzeko mekanismoak landu beharko dira, edo talentua garatu (atxiki eta erakarri). Europako beste hiri batzuetatik ikasi ahal izateko, Bilborentzat adibide egokia dira zerbitzu aurreratuetan espezializatu diren hiriak, gai izan baitira lurraldeko industriari erantzuten dioten zerbitzuak garatzeko. Nolanahi ere, garrantzitsua da Bilbon sortzen ari diren zerbitzu aurreratuak gai izatea lurraldeari erantzuteko eta, gainera, beste merkatu batzuetara zabaltzeko.

Etiketa: