2019ko otsailaren 28a
Aurrerapausoak ari gara ematen ekonomia, gizarte, energia eta ingurumenaren ikuspegitik gizarte iraunkorrerako bidean. Horregatik, Institutuko Energia Labaren ikerrildoetako bat da energia ereduen trantsizio prozesuak sakon aztertzea.
Alemaniako Energiewende aztertu ostean, 2018an Frantzian jarri dugu arreta. Labak 2018an egin duen beste lanetako bat izan da hirietako aire kalitatea aztertzea.
Jorge Fernández Orkestrako Energia Labeko koordinatzailearekin hitz egin dugu elkarri lotuta dauden gai horien inguruan.
Zergatik erabaki du Orkestrak Frantziako kasua aztertzea?
Energia ereduaren trantsizioari dagokionez, gure inguruko herrialdeak zer ari diren egiten aztertu nahi dugu, horixe izango baita Euskal Autonomia Erkidegoko Energia sektorearen erronka nagusietako bat: nola egingo dugun eraldaketa hori, berotegi efektuko gasen igorpen txikiko edo igorpenik gabeko ekonomia izateko. Alemaniako kasua aztertu genuen lehenengo, Europan, nolabait, aitzindaria baita. Gero, gure inguruko beste herrialde batzuekin jarraitu dugu. Hain zuzen ere, horregatik aztertu dugu 2018an Frantziako kasua.
Zein dira aldameneko herrialdean bultzatzen ari diren trantsizio berri honen ezaugarriak?
Beste herrialde batzuetako trantsizio prozesuekin alderatuta, Frantzian oso handinahiak izan dira energia mota desberdinak erabiltzeak sortzen duen ingurumen kostua adierazteko seinale ekonomikoak ezartzerakoan.
Seinale ekonomiko esaterakoan, isunak esan nahi al duzu?
Frantzian dagoen zerga egituraren barruan, CO2 igorpenen gizarte kostu zenbatetsia jasotzen duen osagai bat sartu dute, energia iturri guztiei aplikatzen zaiena eta kontsumitzaileek ordaintzen dutena.
Karbonoaren gaineko zerga (carbon tax, ingelesez) izenaz ezagutzen dena ezartzeko modu bat da. CO2aren igorpenen kostuari lotutako seinale ekonomikoak aspaldian hasi ziren erabiltzen Europar Batasunean, sektore batzuek igorpenetan mugak dituztelako eta CO2ren igorpen eskubideen merkataritza mekanismoa deitutakoan parte hartzen dutelako. Aurretik ere horrelako neurrian hartu dituzte, esate baterako, Suediak edo Irlandak, baina Frantziari dagokionez, berrikuntza nagusia da karbonoaren prezioa azken erabiltzaileen energia kontsumoei aplikatzen zaiela (esate baterako, automobilen erregaien eta berogailuen kontsumoei, besteak beste).
Seinale ekonomikoak ezartzeko bide hori, zure ustez garrantzitsua izan al daiteke Euskal Autonomia Erkidegoan energia ereduaren trantsizioa egiteko?
Pizgarri egokiak sortuko dituzten seinale ekonomikoek energia egitura eraldatzeko prozesua erraztuko dute eta kontsumitzaileen portaera aldatzen lagunduko. Gure ustez, Alemanian gertatzen den bezala, zaila izango da energia ereduaren trantsizio prozesu batek arrakasta izatea, herritarren zati handi baten babesik ez badu.
Herritarrak, hasieran, ez dira energia produktuen kostuak modu nabarmenean handituko dituzten neurrien alde egongo. Baina gizarteari jakinarazi beharko diogu trantsizio hori egitea beharrezkoa dela eta, gainera, azkar mugitzen ez bagara, kostuak handiagoak izango direla. Bestalde, hainbat aukera ekonomiko, ingurumeneko eta sozial ere azalduko dira eta horiek aprobetxatu egin behar ditugu.
Horrekin batera, ahal den neurrian, aldaketa horiek sektore kalteberenengan (adibidez, sarrera gutxieneko familiengan edo ekoizpen sektore jakin batzuengan) izan ditzaketen ondorioak arintzeko mekanismoak diseinatu beharko dira, energia pobreziako egoerak edo produktibitatearen jaitsierak saihesteko, ziur aski energiaren kostua handituko egingo baita, industrietan, automobilgintzan, sektore guztietan egin behar den aldaketa finantzatu behar delako.
Zein desberdintasun daude Frantziako eta Alemaniako kasuen artean?
Alemanian, bi erronka handi zituzten, berotegi efektuko gasen igorpenak murriztea lortzeko: energia elektrikoaren sorkuntzaren mixa aldatzea, zentral nuklear guztiak itxiz eta ikatzaren pisua gutxituz, eta energia berriztagarrien hazkundea sustatzea.
Alemaniak CO2ren igorpen tasa handiak ditu, ikatzak pisu handia duelako energiaren matrizean. Eta garrantzia eman zioten energia berriztagarrien sektore oso indartsua eta lehiakorra sortzeari. Frantzian gauzak beste modu batera ari dira egiten. Frantziak ez zuen hainbesteko beharrik CO2 igorpenak murrizteko. Baina Frantziako gizarteak, aspaldidanik, energia ereduaren trantsizio prozesu horretan lider izan nahi zuen.
Hainbat ekimenetan lidergoa hartu du, esate baterako, Nazio Batuen Aldaketa Klimatikoko azken goi bilera Parisen antolatu zuten, eta aldaketa klimatikoaren eraginak arintzeko azkeneko akordio handi globala bertan adostu zen. Energia produktuen prezioetan inplizitu dauden seinale ekonomikoak aldatzeaz gainera, ekonomia zirkularra eta energiaren efizientzia hobetzea sustatzen ari dira, besteak beste, etxeetan, merkataritzan edo industrian. Alderdi horiek ere interesgarriak dira eta hemengo errealitatera ere ekarri ahal izango genituzke.
Gaia aldatuko dugu. Hirietako airearen kalitatea izan da, hain zuzen ere, aurten landu duzuen beste gaietako bat: ikerketa bat egin da eta gero, hainbat tokitan aurkeztu da. Zeri buruz ari gara airearen kalitateaz hitz egiten dugunean?
Hirietako airearen kalitateak esan nahi du arnasten dugun airean hainbat substantzia metatzen direla, nagusiki trafikoaren eraginez, baina baita beste arrazoi batzuengatik ere, esate baterako, berogailuentzat erregai kutsagarrien erabilerarengatik. Horrek eragina du pertsonen osasunean. Eta baita ekonomian ere. Kutsadurak heriotza goiztiarrak eragiten ditu, airearen kalitate txarrak osasun arazoak ekartzen dituelako. Horri erantsi behar zaio hirietako airearen kalitate txarrak kostu ekonomiko batzuk dituela, esate baterako, gaixotasunengatiko bajek eragiten duten lan absentismoa edo osasun sistemak jasan behar dituen kostuak. Harreman estua dago trafikoaren, airearen kalitatearen eta pertsonen osasunaren artean.
Zer neurtzen dugu airearen kalitatea baloratzerakoan?
Airean dagoen ozono kontzentrazioa, NOx kontzentrazioak, kalte handia egiten dutenak, eta partikulen kontzentrazioak (besteak beste, diesel motorrek igortzen dituztenak edo pneumatikoak lurrarekin igurzterakoan sortzen direnak). Munduko Osasun Erakundeak eta Europar Batasunak hainbat adierazle definitu dituzte nitrogeno oxidoaren, partikulen eta ozono kontzentrazioaren maila onargarriak zein diren jakiteko.
Zein da lanaren ardatza?
Airearen kalitateari dagokionez, Espainiako hainbat hiritako adierazleak aztertu ditugu, zehazki euskal hiriburuetakoak eta Madril eta Bartzelonakoak.
Zer adierazten digute euskal hiriburuetako datuek?
Eskuratu ditugun datuek esaten digute, oro har, euskal hiriburuetan Europar Batasunak legez zehaztutako adierazle guztiak betetzen direla, nahiz eta une jakin batzuetan ez betetzeak ere egon. Baina Munduko Osasun Erakundearen erreferentziak zorrotzagoak dira, eta horiek batzuetan betetzen dira eta beste batzuetan, ez. Beraz, Europar Batasuneko adierazleak betetzen baditugu ere, bada zer hobetua.
Eta Madrili eta Bartzelonari dagokionez?
Arazoa bestelakoa da. Urte askotan (eta gaur egun, oraindik ere) adierazle jakin batzuk ez dira bete, modu sistematikoan, bereziki NO2ri dagokionez. Horrela, Europako Batzordeak Espainiari mehatxu egin dio Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean salaketa bat jarriko diola.
Hain zuzen ere, dagoeneko salaketak jarri dizkie antzeko egoeran dauden estatukide batzuei. Espainia oraingoz ez dute salatu azken unean, ia-ia salaketa mahai gainean zegoenean, Madrilgo eta Bartzelonako udalek, Espainiako gobernuarekin batera, hainbat plan aurkeztu dituztelako, trafikoak eragiten dituen igorpenak mugatzeko neurri zorrotzak hartzeko konpromisoarekin. Hain zuzen ere, arrazoi horregatik ari dira trafikoari lotutako neurri berritzaileak eta murrizgarriak hartzen bai Madrilen (Madrid Centro, esate baterako) eta bai Bartzelonan. Baina NO2ren kontzentrazio adierazleak hobetzen ez badira, Europar Batasunak salaketa jarriko dio Espainiari Justizia Auzitegi Nagusian.