2018ko azaroaren 22a

Mikel navarro FP baja

EAEn, industriako eskulanaren % 70 lanbide heziketako tituludunak dira. “Industria lehiakorragoa izatea nahi badugu, lanbide heziketa eraldatzeko erronkari heldu behar diogu. Eta, horretarako, politikak integratzea beharrezkoa da”, adierazi zuen Jorge Arévalo lanbide heziketako sailburuordeak, "Lanbide heziketa eta espezializazio adimenduneko estrategiak” Ekonomiaz aldizkariaren azken alearen aurkezpenean..

Lanak lanbide heziketak eskualdeko berrikuntza sistemen eta haientzat garatzen diren espezializazio adimenduneko estrategien barruan duen edo izan dezakeen egitekoa aztertzea eta ulertzea du helburu. Lanbide Heziketako ikastetxeek, eskari berriei egokitutako prestakuntza eskaintzera iristeko barne dinamikak bultzatzeaz gainera, zeregin proaktiboa izan dezakete eta eragile gakoak bihur daitezke, eskualdeko gaur egungo berrikuntza sistemak eta espezializazio adimenduneko estrategien garapena eguneratzeko eta hobetzeko. Hain zuzen ere, erakunde ikuspegi hori lantzen da Ekonomiazen azken ale honetan. Zeregin hori behar-beharrezkoa da lanbide heziketako ikastetxeek enpresa txiki eta ertainekiko hurbiltasun handia dutelako eta tokikoarekin lotura ziurtatzen dutelako eta horrek ahalbidetu dezake XXI. mendeko lanbide profil teknikoen beharrei aurrea hartzea eta erantzutea.

Ekonomiazeko ale honen aurkezpenean, Jordi Campás Ekonomia eta Plangintzako zuzendariak; Mikel Navarro Orkestrako ikertzaile eta ale honen koordinatzaileak, eta Jorge Arevalo lanbide heziketako sailburuordeak azpimarratu zuten lanbide heziketa gakoa dela euskal enpresen berrikuntzan eta lehiakortasunean. Ildo horretatik, bereziki azpimarratu zen lanbide heziketa adimenduna bultzatzeko beharra, zerbitzu aurreratuak, konektagarritasuna eta errendimendu handiko mekanismoak hobetzen eta abian jartzen aurrerapausoak emateko.

Lanbide heziketako ikastetxeen errealitateak edo ereduak askotarikoak direla jakinik, modu askotara landu daitezke zentroek eskaintzen ditzaketen funtzio gehigarriak ere: lanerako lanbide heziketa, enpresa txiki eta ertainentzako zerbitzu teknikoak, bitartekaritza zerbitzuak, eta tokiko garapeneko estrategiak lagundu eta bultzatzea. Monografiko honek Orkestrako Miren Estensoro, Mikel Navarro eta Javier Retegi ikertzaileek idatzitako artikuluak ditu, eta lanbide heziketa garatzeko hainbat adibide ematen ditu, baita lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko egin dezakeen ekarpenaren inguruko gogoeta ere.

EKONOMIAZ 94

Lanbide heziketa eta espezializazio adimenduneko estrategiak

Ikus monografikoa  HEMEN