2018ko abuztuaren 1a
Enplegu hartzailearen eta enplegu emailearen arteko harremanak aldatzen ari dira. Gero eta ohikoagoak dira autoenplegua eta aldi bateko lanak. Horrenbestez, enplegua jada ez da mugatzen lanpostu bat eskuratu eta enpresa horretan bertan mailaz igotzera. Zer ari da gertatzen?
Balioak etengabe ari dira aldatzen eta kontzeptu berriak sortu dira azken urteetan, horien artean, ekonomiaren uberizazioa, zerbitzuak eskaintzeko plataformak erabiltzea eta sarrerak eskuratzeko irtenbide berriak etengabe bilatzea.
Bestalde, ez dugu ahaztu behar lan guztiak ez direla ordaintzen; horren adibide dira pertsonen zaintza eta etxeko lanak, eta hori ere kontuan hartu beharko dugu enpleguaren etorkizunari buruz hitz egiten dugunean.
Susana Franco, ikertzaile eta ongizate eta enpleguaren arloko espezialistak gai horien inguruko gogoeta egin zuen, orain dela hilabete batzuk, Eztabai eztabaidetan. Lehiakortasunari lotutako erronka horiek aurrean izanik, galdera bati erantzuten ahalegindu zen: zer egin dezakete gobernuek eta erakundeek testuinguru horretan?
Erakundeek egin behar dutenaren eta egin behar ez dutenaren inguruko eztabaida irekita dago, eta eztabaida horren erdian azaltzen da malgusegurtasun kontzeptua. Estrategia horrek aukera emango lieke administrazio publikoei segurtasuna eskaintzeko, lana egonkorra ez den garaietan. Hainbat elementu konbinatzen dituen estrategia da: kontratu malguak baina arduratsuak; bizitzan zeharreko ikaskuntza estrategiak, gaitasun berriak eskuratzen joateko; enplegu politika aktibo eraginkorrak; eta segurtasun sistemak egokitzea, enplegu batetik besterako tartean, diru sarrerak egokiak izan daitezen.
Helburua lanpostu zehatz batzuei urteetan eusten ahalegintzea izan beharrean, pertsonek lanpostu batetik bestera errazago igarotzeko eta, horrela, beren lan ibilbidean aurrera egiteko bitartekoak jartzea izango litzateke. Estrategia horrekin lan egonkorrak eta kalitatezkoak dituztenen eta lanik gabe edo enplegu prekarioekin daudenen artean, itxuraz, sortu den dualtasuna murriztea ere bilatzen da.
Malgusegurtasunaren kontzeptua ez da berria. Europako Batzordeak 2007an argitaratu zuen gai horren inguruko komunikazio bat, eta hainbat bide proposatu zituen helburu hori lortzea ahalbidetuko duten politikak ezartzen joateko.
Orduz geroztik, Europak krisi ekonomiko larri bat izan du eta, hartatik ateratzen ari garela dirudien arren, dualtasuna, enpleguari dagokionez, 2007an baino handiagoa da, ziur aski. Egokia dirudi, hortaz, malgusegurtasunaren kontzeptu hori berreskuratzea, nahiz eta jakin praktikara eramateko ideia zaila dela eta hura finantzatzeko funtsak bilatu behar izango direla.
Argitalpen hau interesgarria iruditu bazaizu, agian "Roboten zergak: nola eragiten diote lehiakortasunari?" gustatuko litzaizuke. Ikus hemen: