2018ko maiatzaren 29a

Badirudi robotizazioak enpleguaren etorkizunean eragin handia izango duela. Hainbat ikerketaren arabera, gaur egungo lanpostuen %36 eta %50 artean desagertu egingo dira.

Egia da automatizazioaren ondorioz enpleguen ordezte tasa oso handia dela, baina agerian jarri behar da eragin horrek berak lan eta enplegu sorrerako eredu berri bat ekarriko duela. Alderdi positiboei begiratuta, robotizazioak lanaldiak murrizteko aukera ekarriko luke eta, horrela, pertsonek denbora libre gehiago izango lukete aisiarako, ikerketarako edo ideia edo produktu berriak garatzeko.

Joera hori ikusirik, batzuk hasi dira Oinarrizko Errenta Unibertsala proposatzen, lana robotizatuta, nahikoa aberastasun sor baitateke pertsona guztiek errenta bat jasotzeko eta, horrela, oinarrizko beharrak asetzeko. Baina, nola finantzatuko litzateke laguntza  hori?

Susana Franco, Orkestrako ikertzaile eta enpleguari eta ongitzeari lotutako alderdietan adituak, gai horren inguruko gogoeta egin zuen Eztabai eztabaidetan, Antton Tomasena Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Teknologia eta Nazioartekotzeko zuzendari nagusiarekin eta Vincent Lefebvre Audiencia-Nanteseko Merkataritzako Goi Eskolako Zuzendaritza eta Ekintzailetza arloko zuzendariarekin batera.

Saio horretan hainbat aukera aztertu zituzten, besteak beste, roboten zerga, Bill Gatesek babestu zuena, baita Frantziako presidentziarako azken hauteskundeetan alderdi sozialistaren hautagaiak ere. Ez dago oso argi, ordea, enpresei zein arauketa jarri ahal izango zaien. Eta beste zalantza bat ere sortzen du proposamen horrek: nolako eragina izango luke arauketa horrek lehiakortasunean?

"Gizartean, oro har, galdera bat egin behar dugu: gastu publikoaren zein maila eduki nahi dugu eta nola finantziatuko dugu?"

Galdera horren erantzuna ez da batere argia, batez ere lurralde batzuek erabakiak alde bakarki hartzen badituzte. Roboten gaineko zerga, azkenean, kapitalaren gaineko zerga bat izango litzateke, ez bailukete robotek ordainduko, baizik eta ekoizpenean robot horiek erabiltzen dituzten enpresetako jabeek. Ildo horretatik, Susana Francok adierazten du gizartean, oro har, galdera bat egin behar dugula: "gastu publikoaren zein maila eduki nahi dugu eta nola finantzatuko dugu?". Produktibitatea handitzen bada, robotak orobat modu efizienteagoan ekoizteko gai direlako eta sortzen den aberastasuna ez dagoelako hainbeste eskulanaren mende, beharbada zentzua izango du enpresek ordaindu behar dituzten zergak gero eta handiagoak izateak, gizartean desberdintasuna ez handitzeko. Lehiakortasunaren hobekuntzak onura gizartearen zati txiki bati bakarrik ekartzeak ez dirudi egokiena.