2018ko uztailaren 9a

Lurraldeen espezializazio adimendunaren estrategia aukeratu du Europako batzordeak lurraldearen lehiakortasuna eta ongizatea bermatzeko. Estrategia mota horiek aplikatzeak lurraldeko eragile guztiekin lan egitea esan nahi du, oinarri komunak partekatuz, elkarrekin, modu efizientean eta antolatuan, aurrera egiteko.

mirenes noticia orkestra

Baina espezializazio adimendunaren gobernantzak hainbat erronka ekartzen dizkigula azpimarratzen dute Miren Larrea eta Miren Estensoro Orkestrako ikertzaileek eta Eskarne Arregui-Pabollet Europako Batzordeko Joint Research Centreko Scientific Officerrak, "Handbook on Higher Education and Smart Specialisation" liburuan, RIS3 estrategien gobernantzan unibertsitateek duten egitekoa lantzerakoan: “besteak beste, gobernuaren ministerioen edo sektoreen arteko koordinazio horizontala, gizarte zibila estrategia horren eraikuntza prozesuan txertatzea, edo lurraldeko eragileen artean ikuspegi partekatua eraikitzeko beharra".

Unibertsitateak, lurraldeko parte denez eta jakintza arloko eragile, RIS3aren gobernantzan parte hartzen du edo parte hartu beharko luke. Baina, zein egiteko eduki beharko luke?, Nola ari dira arlo hori lantzen Europan? Eta Euskal Autonomia Erkidegoan?

Lanaren hiru egileekin hitz egin dugu, unibertsitateak RIS3aren gobernantzan izan behar duen egitekoaren inguruko beren ikuspegia jasotzeko.

Zein izan beharko litzateke unibertsitateen egitekoa espezializazio adimendunaren gobernantzan?

MIREN ESTENSORO (M.E.) Unibertsitateak izan dezakeen egitekoa erronka batetik bestera aldatu egingo da, beraz, ukaezina da rol asko izan ditzakeela: horien artean daude jakintza aditua eskaintzea edo espezializazio adimendunak eskatzen dituen gobernantza eredu berrien eraikuntzan laguntzea.

Zuen artikuluan azpimarratzen duzue unibertsitate guztiek ez dutela eskualdea lehentasun hartzen. Hori gertatzen al da gurean?

"Unibertsitateak edozein eskualdetako ikerketa eta berrikuntza sistemaren eragile traktore gakoetako bat dira."

MIREN LARREA (M. L.) Unibertsitate ereduak eztabaidatu ditugun guneetan, hainbat adibide azaldu dira. Horietako bat Oxfordeko Unibertsitatea izan da: ikasleen % 45 Erresuma Batutik kanpokoak dira eta nazioarteko ikuspegi oso sendoa dute. Unibertsitate horiek nazioarteko kokapen horretatik diseinatzen dituzte beren ikasketak eta bideratzen dute beren ikerketa eta, hortaz, ez dituzte hainbeste kontuan hartzen eskualdearen behar zehatzak. Ildo horretatik, esan genezake EAEko unibertsitateek, nahiz eta beren helburuen artean nazioarteko kokapena izan, neurri handiagoan hartzen dutela kontuan eskualdearen egoera, beren jarduera definitzen dutenean. Asmo hori edukita ere, parte hartu dugun prozesuetan ikusi dugu oraindik ere bide luzea dugula aurrean unibertsitatearen jarduerak gure gizartean duen eragina optimizatzea ahalbidetuko diguten metodologiak eta lan egiteko moduak aurkitzeko.

Orduan, Unibertsitateak espezializazio adimendunaren garapenean esku hartzeko beharrezko baldintzak betetzen al dira?

ESKARNE ARREGUI (E. A.) Unibertsitateak edozein eskualdetako ikerketa eta berrikuntza sistemaren eragile traktore gakoetako bat dira, eta are gehiago jakintzan oinarritu nahi duen gizarte baten garapenari buruz ari garenean. Baina HESS-Higher Education in Smart Specialisation proiektuan landu ditugun azterketa kasuen ebidentziak aurrean izanik, esan dezakegu zenbaitetan unibertsitateak ez direla behar bezala integratu S3ak definitu eta ezartzeko prozesuan eta oraindik bide luzea dagoela aurretik. Gainera, unibertsitateek zailtasunak dituzte S3en ondorioz I+Gko politiken gobernantzan dauden aldaketa garrantzitsuetan parte hartzeko. Izan ere, lurralde jakin batean kokatuta daude eta ekarpen erabakigarria egin diezaiokete eskualdearen ekonomia eta gizarte garapenari, unibertsitatearen hiru zereginetatik, baina, aldi berean, nazioartean ere lehiatzen dira, talentua erakartzeko, nazioarteko sailkapenetan toki honetan egoteko edo ikerketa munduan kokatzeko.

"Garrantzitsua da administrazio publikoak, prozesuaren gidari direnak, konturatzea unibertsitate guztiak ez direla berdinak eta ezin diezaioketela ekarpen berdina egin lurraldearen garapenari."

Garrantzitsua da administrazio publikoak, prozesuaren gidari direnak, konturatzea unibertsitate guztiak ez direla berdinak eta ezin diezaioketela ekarpen berdina egin lurraldearen garapenari. Unibertsitate batzuek nazioarteko bokazioa dute eta izen handiko ikertzaileak erakartzen dituzte; beste batzuek nazioko eta tokiko enpresekin lotura estua bilatzen dute; eta beste batzuk lurraldeko eragileekin lotuta daude baina, aldi berean, nazioartean kokatu nahi dute. Beraz, interes askotatik eta modu askotara lagundu diezaiokete unibertsitateek S3aren garapenari eta gobernantzari. Bestalde, unibertsitateen parte hartzea, kasurik gehienetan, ikerketa gaitasunak identifikatzera bideratu izan da. Baina unibertsitateen hezkuntza misioak garrantzi handia du eskualdearen gaur egungo eta etorkizuneko ekonomia garapena ziurtatzeko, bereziki hezkuntzak eskualdeak etorkizunean aurrean izango dituen erronkei erantzuten lagundu behar duelako eta enpresek behar izango dituzten lanbideko profil eta gaitasunak eskaini behar dituelako.

Gure unibertsitateak prestatuta al daude estrategia horien diseinuan eta garapenean lurraldeko gainerako eragileekin batera laguntzeko, elkarrizketa oinarri hartuta?

"Beren ekarpena errealitate bihurtzeko, ikertzaileek prestakuntza jaso behar dute."

M. E. Horretarako lehenengo baldintza espezializazio adimendunaren alde lan egin nahi izatea da, noski, eta espezializazio adimenduna gertatzeko nahia partekatzea. Ikertzaileek estrategia horiei lagundu nahi badiete ere, kasu askotan, beharrezkoa izango da horretarako gaitasunak garatzea. Beren ekarpena errealitate bihurtzeko, ikertzaileek prestakuntza jaso behar dutela uste dugu.

Zuen ustez, orain zertan jarri behar ditugu indarrak, unibertsitateak RIS3aren garapenean lan egin dezan? Alegia, zer hobetu behar dugu?

M.L. Liburuan behin eta berriz azaltzen da gai bat: pizgarri sistemak unibertsitateko ikerketan. Gaur egun, diskurtsoa lurraldearekin lotutako ikerketaren aldekoa bada ere, karrera akademikoan aurrera egiteko argitalpen mota jakin bati ematen zaio garrantzia, nagusiki. Horren eraginez, batez ere ikertzaile gazteek, oso zaila dute jakintza lurraldeko eragileekin elkarlanean sortzea eskatzen duten ikertzeko moduak hautatzea, RIS3aren bidetik.

E.A. Unibertsitatean ikertzaile eta kudeatzaileen beste profil batzuk ere –jakintza elkarrekin sortzeko prozesuetan, txostenak prestatzen eta aztertzen aritu direnak– sartzea interesgarria izan daiteke unibertsitateek S3an duten egitekoa bultzatzeko. Garrantzitsua da, halaber, Errektorego taldeak S3ko gobernantza sisteman inplikatzea. Izan ere, eragileek jakintza elkarrekin sortzeko prozesuak eskatzen du eragile bakoitzak, eskualdeko etorkizuneko garapenari begira, bere egitekoa bilatzea eta igurikimenak argitzea, eta horrek inplikazio eta baterako gogoeta sakona eskatzen du. Ezinbestekoa da, hortaz, unibertsitateak barne gogoeta egitea S3an parte hartzearen inguruan eta estrategia horiek ezartzen egin dezakeen ekarpenaren inguruan.

Zein irakaspen nagusi atera daitezke Orkestrako ikertzaileak hainbat gobernurekin RIS3 estrategiak garatzeko aurrera eramaten ari diren proiektuetatik?

M. L. RIS3ak lan egiteko modua aldatzea eskatzen du eta epe luzeko aldaketa da hori, bai politikak egiten dituztenak eta bai unibertsitatea bera hartuko dituena. Aldaketa prozesu horiek, ordea, ez dira bat-batean sortzen; pertsona bideratzaileak aritzen dira, aldaketak gertatzeko baldintza egokiak sortzen. Bideratzaile horiek badaudela ziurtatzeko estrategia esplizitu bat da rol hori aitortzea, behar dituzten baliabideak ematea eta prestakuntza jaso ahal izatea. Hori indar gune garrantzitsu bat izango litzateke.

"Ikerketa-ekintza gobernantza eredu berriak eraikitzeko estrategia bat da."

M. E. S3 estrategien garapenean bideratzen ari garen ikerketa-ekintzako prozesuetatik ateratzen dugun irakaspenetako bat da gobernantza eredu berriak eraikitzeko estrategia bat dela. Beraz, per se, lurralde garapenerako estrategia bat da. Ikerketa-ekintza ez da ikertzaileek bereganatzen duten ikerketa metodo soik bat, baizik eta lurralde garapeneko estrategia bat da eta, horregatik, prozesuan parte hartzen duten gainerako eragileek ere bere egiten dute.

Europan zein adibide nabarmendu daitezke?

E.A. Europan adibide oso interesgarriak daude eta horietako batzuk ekarri ditugu liburura, beste eskualde batzuentzat inspirazio eta gogoeta iturri izan daitezen. Horien artean nabarmenduko nuke Euskal Autonomia Erkidegoaren adibidea: Orkestrako gizarte zientzietako ikertzaileen egitekoa oso garrantzitsua ari da izaten S3aren esparruan ikerketa-ekintzako prozesuak bideratzeko, bide horretatik, baterako ikuspegia garatu, prozesuaren inguruko jakintza sortu eta eragile bakoitzaren berariazko rola bilatzeko orduan. Bilbo eta beste zenbait udalerritako adibidea ere interesgarria da maila askotako gobernantzaren artikulazioa lantzeko. Adibide horien bidez ikus daiteke nola txertatu daitezkeen eskualdeaz azpiko administrazioak S3an eta zein izan daitekeen ikertzaileen bideratzaile eta aktibatzaile rola prozesu horietan.

Bestalde, Frantziako Centre-Val de Loire eskualdea adibide ona da ikusteko nola mugiarazi dituen eskualdeak bere goi mailako hezkuntzako erakundeak, goi mailako, ikerketako eta berrikuntzako eskualdeko plan bat garatzeko. Plan horren bidez lurraldean unibertsitateek izan behar duten zeregina garatzen lagundu nahi da, Frantziako goi mailako hezkuntza esparruaren osagarri. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa institutuetan diziplina askotako ikerketa gaitasunak indartu ditu, ikertzaileen komunitateari S3en prozesuan integratzen laguntzeko.

Nolanahi ere, garrantzitsua da gogoratzea adibide horiek lurralde testuinguru jakin batzuetan izan dutela arrakasta, ezaugarri jakin batzuekin, eta ez dela beti posible izaten testuinguru eta ezaugarri horiek beste lurralde batzuetan errepikatzea.