2017ko abenduaren 5ean 

Noticia ECO Innovacion

Ekoberrikuntzako jarduerak aukera bikaina dira prozesuan, produktuan edo zerbitzuan hobekuntza proiektuak aurrera eramaten dituzten enpresentzat. Merkatuen hazkunde igurikimenak, bereziki nazioarteko merkatuenak, % 11-25 handiagoak dira ekodiseinua aplikatuz garatutako produktuentzat ohiko produktuentzat baino. 2020rako, ekodiseinatutako produktuen fakturazioa fakturazio osoaren % 46 izatea espero da.

Jabier Retegi eta Bart Kamp Orkestrako ikertzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei ekodiseinuak eskaintzen dizkien negozio aukerak lana aurkeztu dute. Horretarako, ekodiseinuari lotutako hainbat enpresa esperientzia aztertu dituzte, jarduera mota horiek enpresen lehiakortasunean duten eragina sakon jorratzeko.

Guztira, 40 enpresa baino gehiago aztertu dituzte, hainbat sektoretakoak: energia eta ekipo elektrikoak, aeronautika, siderurgia, telekomunikazioak, makina-erreminta, bioteknologia, automobilgintza…, nagusiki nazioarteko merkatuetan lehiatzen direnak.

Orkestrak Ihobe sozietate publikoarentzat egin duen lan honetan, ekoberrikuntzako jarduerak honela definitzen dira: ekodiseinuko jardunbideak aplikatzea produktuak, zerbitzuak edo prozesuak hobetzeko, besteak beste, produktuaren bizitza zikloa aztertuz; protokoloak aplikatzea, ekoetiketa motaren bat lortzeko, Europako etiketa, ingurumen arrastoa; produktuaren ekodiseinurako arauren edo metodoren bat erabiltzea (esate baterako, ISO 14600); edo produktu, zerbitzu eta prozesuko berrikuntzak egitea, produktuaren bizitza zikloan zehar ingurumen eragina murriztea helburu izanik.

Azterketaren ondorioen artean azpimarratzekoak dira prozesu mota horiek aplikatzen dituzten enpresek lortzen dituzten etekinak, hainbat ikuspegitatik: fakturazioa, irudia hobetzea, merkatu berrietara irekitzea, nazioarteko merkatuan kokatzea, eta energia kontsumoa eta igorpenak murriztea, bai enpresan bertan eta bai produktua erabiltzerakoan. Ildo horretatik, Jabier Retegi Orkestrako ikertzaileak adierazten duen bezala, "lan honetarako elkarrizketatu ditugun enpresen % 45ek esan du ekoberrikuntzako ekintzak abian jarri dituztenetik energia faktura txikiagoa dutela". Era berean, “aztertutako kasuen % 93an, ekoberrikuntzak produktu eta prozesuak diseinatzeko eta garatzeko gaitasuna areagotu du”.

Aplikatzeko eragozpenak

Nolanahi ere, ekoberrikuntzako tresnak erabiltzeak dakartzan onurak argiak izanik ere, prozesu horiek aplikatzeak baditu bere eragozpenak: hasieran dakarren kostua, produktua eta prozesua aldatu behar direlako: merkatuari ekoberrikuntzaren balioa jakinarazteko zailtasuna; edo, neurri txikiagoan, aldaketak egiteak eskatzen duen lan eskerga, produktuaren barne mugak eta produktua aldatzeko aukerarik ez izatea, bezeroarekiko mendekotasun handia dugulako.

Ildo horretatik, Bart Kamp Orkestrako ikertzaileak azpimarratzen du deigarria dela finantza baliabide nahikorik ez edukitzea ez dagoela prozesu horiek abian jartzeko eragozpen nagusien artean. “Inkestari erantzun dioten enpresa gehienek ongi ezagutzen dituzte ekoberrikuntzari lotutako laguntza publikoak edo tresnak (% 74) eta haietako askok (% 51) erabiltzen dituzte. Kopuru horiek are handiagoak dira ekoberrikuntzako ekintzak modu sistematikoan eta jarraituan egiten dituzten enpresen artean (% 78)”.

Ekoberrikuntza aplikatzeko pizgarriak

Enpresek ekoberrikuntza aplikatzeko dituzten arrazoi nagusiak gaur egungo legeria betetzea eta etorkizuneko legeria betetzeko beharrezko aldaketei aurre egitea dira. Hala, administrazio publikoen funtzio legegilea gakoa dela uste dute.

Bigarren, bezeroen eskakizunak betetzeko beharra, lehiakideen presioa edo zuzendaritzaren asmoa egongo lirateke.

Jarduera mota horiek bultzatzeko asmoz, inkestari erantzun dioten euskal enpresek adierazten dute administrazio publikoak B2B edo B2C merkatuetan gai honekiko sentsibilitatea areagotzeko lan egin beharko lukeela, erosleei informazioa zabalduz produktuek ingurumenean dituzten eraginen inguruan. Ildo beretik, erosketa hobea egiteko eta produktuak hobeto erabiltzeko moduak ezagutzera ematen lagun beharko lukete.

Bestalde, ekoberrikuntzara bideratutako laguntza publikoak hobetzea beharrezkotzat ikusten dute, I+G+Bko proiektuak elkarrekin finantzatzeari lotuta, enpresen eta ikerketa zentroen arteko lankidetzaz baliatuz. Azkenik, uste dute garrantzitsua dela produktu eta zerbitzuen ingurumen eskakizunei lotutako legerian aurrera egiten jarraitzea.

Erosketa publikoari dagokionez, elkarrizketatutako enpresek uste dute erosketa publikoan prezioak gehiegizko eragina duela eta ez direla kontuan hartzen ez ingurumen eragina eta ez produktuaren bizitza zikloa.

Ekoberrikuntzan aktiboak izateak etorkizunean izango duen garrantzia

Elkarrizketatutako enpresek uste dute ekoberrikuntza etorkizuneko lehiakortasunerako palanka bat dela, merkatuan lider izateko bidea izateaz gainera. Hala, enpresen % 59k uste du ekoberrikuntzak helburuko merkatuetan desberdintzen laguntzen duela eta lagunduko duela.