2017 urriak 26 

Basque cluster day

Klusterrak enpresaren eta lurraldearen arteko zubiak dira. Enpresen arteko lankidetza, administrazio publikoarekiko harremana eta beste kluster batzuen arteko elkarlana sustatzeko gai direnez, funtsezko tresna dira balio partekatua sortzeko prozesuaren baitan. Horixe da Orkestrak eta SPRI Taldean antolatu duten Basque Cluster Day ekitaldian ateratako ondorioetako bat. Hain zuzen ere, ekitaldia Bilbon izan da gaur eta bertan parte hartu dute Euskal Autonomia Erkidegoko 22 klusterretako arduradun nagusiek eta enpresa eta erakundeetako ordezkariek.

James Wilson eta Henar Alcalde Orkestrako ikertzaileek klusterrek enpresa eta lurralde lehiakortasunaren garapenean izan behar duten egitekoaz hitz egin dute.

Zehazki, Wilsonek azpimarratu du garrantzitsua dela klusterrak aukera iturritzat hartzea, enpresei beren jarduera harremanetan jartzen laguntzen baitiete eta lurraldeak dituen gizarte eta ekonomia erronketara hurbiltzen. Hala, azpimarratu du garrantzitsua dela “kluster estrategietan eta klusterretan oinarritutako politiketan pentsatzea, enpresen eta lurraldearen interesak uztartu ahal izateko”.

Bestalde, Henar Alcaldek balio partekatuaren kontzeptua azaldu du eta klusterrek horri lotuta duten zereginaz aritu da. #beyondcompetitiveness blogean idatzi duen bezala, “klusterrak enpresetan balio partekatuko estrategiak sortzeko tresna bat dira".

Javier Zarraonaindia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak nabarmendu du, egunaren hasieran, azterketek erakusten dutela klusterretan elkartzen diren enpresek emaitza hobeak lortzen dituztela fakturazio, esportazio, berrikuntza eta enpleguari dagokionez. “Hala ere, zuen lana ez da erraza. Enpresa elkartuen oinarria zabaltzea, bereziki enpresa txiki eta ertainena, eta lankidetza dinamiketara eramatea da klusterren eguneroko erronketako bat”.

Basque Cluster Day hirugarren aldiz ospatu da, klusterren dinamismoa indartzeko gai gakoen inguruan gogoeta egin ahal izateko, horrela, lehiakortasuna hobetzen lagundu dezaten, lankidetzan oinarrituz. Orkestrak parte hartze aktiboa du ekitaldi honetan eta Eusko Jaurlaritzarekin, SPRI taldearen bidez, partekatzen dituen beste proiektu batzuetan, esate baterako, Cluster S3, Europako Batzordearen Interreg Europe ekimenak finantzatutakoa, neurri batean.