2016 Urtarrilak 17

BE LOCAL GBROUP SERVICIOS AVANZADOS WEB copia

Bilbok hiriaren eraldaketa ekonomikoa espezializazio estrategiaren bidez lortzeko Ekintza Plana lantzen jarraitzen du. Horretarako, 2016ko uztailean egindako lehenengo bileran, hiriaren hiru espezializazio esparruak definitu ziren: sormen industriak, zerbitzu aurreratuak eta ekonomia digitala.

Joan den urtarrilaren 12ko saioan, InFocus proiektuko tokiko taldeak zerbitzu aurreratuen sektorea aztertu zuen, baita esparru horretan espezializatzen lagunduko duten bi proiektu traktore ere, Euskal Autonomia Erkidegoko RIS3 estrategiarekin lerrokatuta.

Zerbitzu aurreratuek zerbitzu horiek hartzen dituzten enpresen lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzen laguntzen dute, zuzen-zuzenean, zerbitzutze prozesuetan palanka izan baitaitezke. Horregatik, beren kokaleku diren lurraldeen garapen ekonomikoari eta berrikuntzari laguntzen diote. Gainera, kualifikazio handiko pertsonei ematen diete lana eta teknologia berriak modu intentsiboan erabiltzen dituzte. Bilbon zerbitzu aurreratuetako 8.000 enpresa inguru daude, Bilboko BPGren % 25,9 sortzen dute gaur egun, eta 28.000 pertsona baino gehiagori ematen diete lana.

Saioaren hasieran, Henar Alcalde Orkestrako ikertzaileak zerbitzu aurreratuek Bilbon gaur egun duten egoera aurkeztu zuen, eta hiria, Espainiarekin eta Europar Batasunarekin alderatuta, zein jardueratan dagoen espezializatua nabarmendu zuen: Informazio eta komunikazioetako zerbitzuak, merkatu azterketak, jarduera juridikoak eta kontabilitatekoak, ikuskaritza eta zerga aholkularitza, informatika eta publizitatea.

Jarraian, bi proiektu traktore aurkeztu ziren. Biek betetzen dituzte Bilbo hirian zerbitzu aurreratuen garapenaren bultzatzaile izateko behar diren irizpideak: “As Fabrik, zerbitzu aurreratuen lantegia", eta Avicek eta Gaiak bat egiteko proposamena. Nora Sarasola Bilbao Ekintzako zuzendariak As Fabrik aurkeztu zuen. Proiektu horren baitan, Zorrotzaurren eraikin publiko bat birgaituko da, enpresei zerbitzuak eskaintzeko aukera emango duten gaitasunak garatzeko lankidetzako ekosistema bat sortzeko, 4.0 industriaren inguruan. Tomas Iriondo GAIAko zuzendariak Eraldaketa Digitaleko Industriaren klusterra bultzatzeko aukera ikusten duela azaldu zuen, AVIC-Ingeniaritza eta Aholkularitzako Enpresen Elkartearekin elkarlanean.

Bi proiektu traktore horien aurkezpenaz eta ondorengo gogoetaz gainera, bileran Decidata eta Zylk enpresetako ordezkariek hartu zuten parte. Bi enpresak datu analisian aritzen dira eta, haien laguntzaz, zerbitzu aurreratuetako enpresek aurrean dituzten erronken inguruan gogoeta egiteko aukera izan zen (sektorearen bilakaera, prestakuntza beharrak, lantaldeak, etab.). Gainera, Bilbo hirian izan dezaketen eragina ere aztertu zen, hiriaren lehiakortasunari laguntzeko.

Tokiko taldearen hurrengo bilera martxoaren 17an izango da eta Ekonomia Digitala izango dute aztergai.