2017 urtarrilak 6

HALL OF FAME

Harvardeko Unibertsitateko Estrategia eta Lehiakortasunerako Institutuak, Michael Porterrek zuzenduak, aitorpen berezia egin berri dio Deustuko Unibertsitateko Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuari, bere ibilbideko lehenengo hamar urte hauetan izan duen bilakaerarengatik eta nazioartean lortu duen eraginarengatik. Aitorpen hori MOC sareko (Microeconomics of Competitiveness) kideek Harvard Business Schoolen urtero egiten duten bileran egin zaio, mundu osoko 130 unibertsitatetako ordezkarien aurrean.

Orkestraren jardueraren eta bilakaeraren aitorpena bi alderditan egin da: alde batetik, Orkestra kasua aurkeztu da Harvarden; beste aldetik, Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusia “Hall of Fame” aretoan sartu dute, lurraldeko lehiakortasunari ekarpena egin dioten munduko beste pertsona ezagun askoren ondoan.

Orkestra kasua Harvardeko Unibertsitateak idatzi du. Kasuak Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren balio berezia azpimarratzen du, baita bere gaitasuna ere ikerketa akademikoa eta prestakuntza batetik eta lurraldeko beste eragile publiko eta pribatuekin batera lankidetzan proiektuak aurrera eramatea bestetik uztartzeko. Harvardeko Unibertsitateko kasuak ospe handikoak dira mundu osoan zehar. Eta Orkestra aztertu nahi izateak Institutuari babes handia ematen dio eta nazioartean duen kokapena izugarri indartzen du.

Maria Jose Aranguren Harvardeko Estrategia eta Lehiakortasunerako Institutuko “Hall of Fame” aretoan sartzeak bere ibilbidea aitortzen du, baita Orkestraren jarduera ere, Euskadiren ekonomia eta enpresa ingurunea eraldatzeko prozesuan, lehiakortasunari lotutako gaietan jakintza berria sortu baitu eta nazioartean gero eta eragin handiagoa baitu lurralde lehiakortasunaren esparruan.

Michael Porterrek berak, Harvardeko Unibertsitateko katedradunak eta estrategia eta lehiakortasunean adituak, bereziki azpimarratu du Orkestraren egitekoa eta Euskadiren ibilbidea, lehiakortasuna eta kluster politikak bultzatzeko nazioarteko erreferentzia baita. Maria Jose Arangurenekin batera, “Hall of Fame” aretoan dago Jon Azua lehendakariorde ohia, MOC Sareko irakaslea eta ikertzailea, eta Lehiakortasunerako Aholku Batzordeko kidea World Economic Forumen.