2016 Ekainak 10

Foto Kevin Innosbasque web

Kevin Morgan Orkestraile ikertzaile elkartu, Cardiffeko Unibertsitateko irakasle eta Europako Batzordeko aholkulariak “Espezializazio adimenduna, estrategia berritzailea Euskadirako" jardunaldian parte hartu du. Jardunaldi horretan euskal gizarteari azaldu zaizkio RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategia hedatzen egin diren aurrerapausoak, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren baitan.

Morganek eskarmentu handia du eskualdeko sistemak eta eskualdeko berrikuntza estrategiak aztertzen. Morganen aurkezpena ‘Implementing RIS3: The Case of the Basque Country’ txostenean oinarritu da. Hain zuzen ere, txosten hori egiten parte hartzen ari dira, Morganekin batera, Mari Jose Aranguren eta James Wilson Orkestrako ikertzaileak. Bertan azpimarratzen da Euskadik bere RIS3a diseinatzeko beharra aprobetxatu duela bere berrikuntza sistema eta berrikuntzako eskualde estrategia aztertzeko eta egokitzeko. Gainera, eskualde aitzindarietako bat da estrategia diseinatzetik gauzatzera eramaterakoan.

Morganek RIS3 estrategiaren Euskadirako kanpo ebaluazioa aurkeztu du, "Europar Batasunean ikusi izan dugun zorrotzenetako bat”, eta azpimarratu du RIS3a eskaintzen ari den aukerak aprobetxatzen ari direla. Era berean, nabarmendu nahi izan du “Euskadin RIS3ak lidergo banatua duela eta horrek esan nahi du gobernuak egiteko kritikoa duela, guneak sortzea ahalbidetuko duten joko arauak ezartzen dituelako, gero gune horietan beste eragile batzuek, eskuzabaltasunez eta gaitasunez, beren interes eta esperientzia arloetan gidaritza har dezaten”. “EAEko RIS3a plan bizia da, kritika eraikitzailera, ikaskuntzara eta berritasunera irekia, adituen kontseilu bat sortzearen eta kanpoko ebaluazioaren bitartez", esan du.

Jardunaldia Innobasquek antolatu du eta bertan parte hartu dute, lehendakariaz gainera, Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak; Octavi Quintana Triasek, Europako Batzordeko Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko zuzendariak; Pedro Miguel Echeniquek, EHUko Materia Kondentsatuko Fisikako katedradunak; José Esmoris, CIE Automotiveko I+G+Bko zuzendariak; eta Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak.