2016 ekainak 9 

off European INTERREG Project CLUSTERS3 WEB

Orkestrak INTERREG CLUSTERS3 “Kluster Politikak Sustatzea RIS3 egoki ezartzeko” Europako proiektua abian jartzen lagundu du, SPRIren zuzendaritzapean eta Tecnaliarekin eta TCI sarearekin lankidetzan

Bruselan "Smart Regions Conference" hasi baino lehentxeago, James Wilson, Aitziber Elola eta Anastasiia Konstantynova Orkestrako ikertzaileak SPRIren ondoan azaldu ziren INTERREG CLUSTERS2 “Kluster Politikak Sustatzea RIS3 egoki ezartzeko” proiektua abian jartzeko ekitaldian. Proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan egin da.

CLUSTERS3 Europako proiektua Europako Batzordeak INTERREG EUROPA deialdiaren baitan hautatu dituen 64 proiektuetako bat da. Haren helburua da kluster politiken aplikazioa sendotzea eta hobetzea eta politika horiek Espezializazio Adimenduneko Eskualde Estrategien (RIS3) baitan txertatzea. Euskal Autonomia Erkidegoa, beste herrialde batzuetako eskualde eta nazio gobernuekin batera (Italiako Piamonte, Letonia, Poloniako Lublin, Hungariako Hajdú-Bihar eta Erresuma Batuko Eskozia eta Ipar Irlanda) Tecnaliarekin eta TCI sarearekin elkartu da, politika horien ikaskuntza eta eguneratze prozesua bideratzeko. Klusterren mapaketa egiten eta politikak diseinatzen duen esperientzia zabala abiapuntu hartuta, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Orkestrak proiektuan parte hartzen du, kluster politiken ebaluazio alderatuaren eta kluster politiken diseinuaren inguruko orientazio kontzeptuala eskainiz.

Proiektua abian jartzeko topaketaren lehenengo bi egunak ikaskuntza lantegi moduan antolatu ziren. Proiektuko bazkideek esperientziak trukatu zituzten klusterren, politiken eta RIS3 estrategien inguruan. Lantegietan parte hartu zuten 7 eskualdeek interesa azaldu zuten proiektuan parte hartzeko, hainbat ezaugarri komun dituztela kontuan harturik. Hala ere, eskualdeetako bakoitzak bere berezitasunak ditu, klusterrei, kluster politikei eta RIS3 estrategiei dagokienez. Ikaskuntza esparru bateratuaren bidez, Orkestraren zuzendaritzapean landua, eskualdeko bazkideek beren esperientziak aurkeztu zituzten, guztion intereseko arloak identifikatu, balizko ekarpenak zehaztu eta igurikimenak azaldu. Kluster politika gai konplexua dela jakinik ere, beste bazkideengandik ikasteko interesa oso handia da. Horrek berresten du kluster politikaren abantaila eta garrantzia, RIS3 estrategien barruan.

Ekitaldiaren hirugarren eguna biltzar irekia izan zen. Bilbon antolatu zen, BECen, Makina Tresnen Biurteko Azokarekin batera. Ongi etorria emateko hitzetan, Alexander Arriola SPRI Taldeko zuzendari nagusiak CLUSTERS3 proiektuaren garrantzia azpimarratu zuen, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoko Kluster politikak modernizatzea helburu izanik, Basque Cluster Day, EAEKo Klusterren lehenengo Egunean aurkeztu zen bezala, 2015ean. Ondoren, Tecnaliak eta IK4 Research Alliance aliantzak gogoeta egin zuten Euskal Autonomian kluster politikak izan duen bilakaeraren inguruan. Eskualdean industria indarguneak eraikitzeko ezinbestekotzat hartu zuten, aukera ematen baitu enpresa handi eta txikietara iristeko, sektore askotan. Amaierako ekitaldian, EAEko kluster elkarteek hartu zuten parte (ACICAE, AFM, BIOCLUSTER, ENERGIA klusterra, GAIA, HEGAN). James Wilsonek CLUSTERS3 proiektuan elkartutako eskualdeekin mahai inguruan gidatu zuen eta kluster politikaren diseinutik hasi eta ezarpenaz eta ebaluazioaz hitz egin zuen, baita RIS3an txertatzeaz ere.

Hiru eguneko topaketa eskualde mailako esperientziak trukatzeko proiektuaren lehenengo urratsa besterik ez da. Adituen laguntzaz, egindako berrikusteaz eta politika eta ekintza planei lotutako dokumentuak lantzeaz gainera, CLUSTERS3 proiektuak parte hartzaileak elkartutako eskualde guztietan barrena eramango ditu eta, horrela, kluster politikak eskualde bakoitzeko espezializazio adimenduneko estrategietan hobeto txertatzen lagunduko du. Klusterren eta RIS3ren inguruko ikaskuntza bidaiaren hurrengo geltokia Piamonte izango da, Italian.