2025
Jorge Fernández Gómez
https://doi.org/10.18543/QKTQ7920
Lehiakortasunerako Euskal Institutua - Deustu Fundazioa
Laburpena
Lan honetan hidrogeno berriztagarriaren eta harekin lotutako produktuen nazioarteko merkataritzaren egungo garapen aurreikuspenak aztertzen dira, baita aurreikuspen horiek portuetan izan ditzaketen ondorioak ere. Horretarako, literatura akademikoaren eta ez-akademikoaren berrikuste ez-sistematiko bat egin dugu, arreta berezia jarriz energiaren arloko nazioarteko erakunde garrantzitsuenetan. Literaturaren azterketa horri esker, hidrogenoaren merkatu globala garatzeak dakartzan erronka garrantzitsuenak identifikatu ahal izan dira: (a) hidrogeno berriztagarriaren eskariarentzat eta eskaintzarentzat espero den bilakaera, epe ertainera eta luzera; (b) ekoizpen kostuak; (c) itsaso bidezko eta distantzia luzeko garraioaren bideragarritasun ekonomikoa; (d) erregulazio esparruaren garapena; (e) portuetako azpiegiturak garatzea; (f) garraioarekin lotutako ingurumen eraginak eta beste arrisku batzuk (osasunari, segurtasunari eta abarri dagokienez); eta (g) proiektuak finantzatzeko zailtasuna. Hidrogeno berriztagarriaren merkatu globalaren bilakaerak zalantzak sortzen baditu ere, energia bektore hori garrantzitsua izatea espero da eskualdeko industria hubetan, kontuan hartuta horietan nazioarteko merkataritza bolumena mugatua dela eta, oro har, kontinente bereko eskualdeez ari garela.