Unibertsitateko ikasleekin ariketa erraz bat egin nuen duela gutxi. "Berrikuntza hitza entzutean, zein beste ideia bururatzen zaizkizue lehen instant batean?". Berehala ekin zioten jarioari: “Aldaketa, teknologia, Iphone5, etorkizuna, azkar, I+G...”. Minutu batean beste hainbeste hitz bildu genituen, denak ildo beretik, hain zuzen ere, berrikuntzaren ikuspuntu murritza erakusten duen ildotik.
Azken hamarkadetan euskal enpresek adibide apartak utzi dizkigute berrikuntzak mundu mailan lehiatzean duen berebiziko garrantzia gertutik ulertu ahal izateko. Lan honetan industria izan dugu eragile, eta ikerketa eta garapena bidelagun. Horregatik ohitu gara berrikuntza teknologiaren ikuspuntutik ulertzera, eta arrazoiarekin gainera.
Dena den, garai berriak iritsi dira, eta gure inguruko ezegonkortasuna larritzen doan neurrian, berrikuntza teknologikoa soilik motz gelditzen hasi zaigu lehiakortasunerako bidean. Bada ba garaia berrikuntzaren esanahia zabaltzen hasteko, besteak beste, erronka berriei erantzun aproposak bilatzeko asmoz. Ez da moda berri bat, ezta nere burugogorkeri bat ere; lehiakortasun iraunkorra berma diezagukenaren oinarria da. Horixe azaltzen saiatuko naiz hurrengo lerroetan.
Lehenik eta behin, berrikuntza hitzaren beraren esanahia argitzea komeni da, bereziki, hainbeste erabilita, esanahi lausoan gelditzeko arriskuan baitago. Berrikuntzaren inguruan lanean ari garenok berrikuntza produktu, prozesu, marketing edo antolaketa metodo berri baten ezartzea dela ulertzen dugu.
Euskal enpresetan orain arte lehen bi arloetan jarri dugu arreta gehien, hau da, produktu eta prozesu berrikuntzan. Horri esker, kostu baxuetan oinarrituz hil arte lehiatu ordez, merkatuan desberdintzeko gaitasuna duten produktu eta zerbitzuekin irten gara mundura, eta barne prozesuetatik hasita, kalitate eta eraginkortasun maila altuak izan ditugu helburu. Gauzak horrela, lehiakortasunerako gure bidea zein den argi izanik ere, orain erronka handia bihurtu da berrikuntzarako aurrekontuak behar moduan handitzea, eta baita mantentze hutsa ere. Nola egin aurrera lehia garrazten doan heinean baliabideak murrizten direla ikusita? Berrikuntza eredu berri bat behar dugu.
Maiz defendatu ohi dut aurreko mendean diseinatu eta landutako berrikuntza ereduak eta hura sustatzeko tresnak zaharkitzen hasiak zaizkigula. Kontuz! Ez dut esan nahi orain arte egindako lan itzela alboan utzi behar dugunik, baizik eta berrikuntzari jarraipena eta bultzada sendoa eman nahi badiogu, I+G eta dirulaguntza zuzenaz haratago joan behar dugula. Hauxe da nere proposamena: har dezagun antolaketa berrikuntza bidelagun.
Gaiak berria dirudien arren, ikerketa mordoa bildu dira jada produktu eta prozesu berrikuntza batetik eta antolaketa berrikuntza, bestetik, osagarriak direla erakusten digutenak. Adibide bat. Frogatutzat eman da erakunde batek, antolaketa berrikuntza garatuz, bere langileek berrikuntza prozesuetan duten partehartzea handitzen duenean, aukera gehiago dituela merkaturatu dituen produktu ala zerbitzu berriak arrakastatsuak izateko.
Adibidea bera ikusiz, berrikuntzaren ikuspuntua asko zabaltzea dela dirudi baina, zeri deitzen diogu ba antolaketa berrikuntza? Izatez, erakunde baten barne praktika edo jardunbideetan, lan antolakuntzan edo kanpo harremanetan antolatzeko metodo berri bat ezartzea da. Hemen erantzuna!
Definizioak berak lagun gaitzake ulertzen antolaketa berrikuntzaren garrantzia ez dela soilik berrikuntza teknologikoa garatzen laguntzeari mugatzen. Jakina da jada antolaketa berrikuntza erakundeentzat lagungarria izan daitekela behar dituzten gaitasun eta ezagutzak eskuratu, garatu eta ustiatzeko orduan. Azken finean, ezagutza da gaur egungo urrea, eta gutariko bakoitza gara urre horren ustiapenaren nagusi. Orduan, nola sor eta kudea dezakete erakundeek jakintza, bere inguruan lan egiten duten pertsonak kontutan hartu gabe? Jakintzaren gizartean lehiakor izan nahi badugu, pentsa dezagun zer-nolako antolaketa metodoak behar ditugun pertsona bakoitzak bere gaitasun eta ezagutzak taldean ustiatu nahi eta ahal izateko.
Azkenik, jakintzaren garapena eta berrikuntza teknologikoa sustatzeaz gain, antolaketa berrikuntzak berezko balioa. Izan ere, erakunde batek bere eguneroko ekintzak, lan banaketak, erabakitze prozesuak edo kanpo harremanak antolatzeko metodo berri bat erabiltzen duenean, abantaila lehiakor baten aurrean aurkitu daiteke. Metodo hori bere lehiakidearengandik desberdina bada, bakarra izateraino, aukera du merkatuaren aldaketen aurrean gainontzekoak baino malguago, eraginkorrago, azkarrago ala berritzaileago izateko. Horri deitzen diogu abantaila lehiakorra, eta iraunkorra izatea denez helburu, ez al da akaso zailagoa pertsonen harremanetan oinarritutako abantaila bat kopiatzea, produktu bat kopiatzea baino? Saiatu gaitezke denok ping-pong mahaiak jartzen gure bulegoetan, baina ez dut uste Google-en antolaketa metodoa kopiatzera errez iritsiko garenik.
Ez da gai erraza. Inork ez digu esan, behar dugun tamainako eredu aldaketan, ezer erraza izango denik. Galdera asko sortzen zaizkit niri ere antolaketa berrikuntza sustatzeko moduan pentsatzean, baina hara hor non bidai labur batean ikasi dudan hau ez dela nere buruhaustea soilik. Europar Batzordeko Enpresa eta Industriarako Zuzendaritza Orokorrak gonbidatuta, Bruselasen izan nintzen orain bi hilabete lurralde desberdinetako beste hogei adituekin antolaketa berrikuntzaren inguruan eztabaidatzen. Ondorio argi bat atera dugu, behintzat: lehiakortasunerako berrikuntza eredu garatuago baten beharrean gaude, eta eredu hori sendotzeko merkaturatze eta antolaketa berrikuntza indartzetik hasten da. Galdera asko gelditzen dira airean, bai Euskal Herrian bai Bruselasen, baina oinarriak sendoak dira, eta aurrekontu murrizketaz haratago, etorkizunerako eredu berriei buruzko eztabaidetara iritsi bagara, bide onetik goazenaren seinale.
Berrian argitaratua 2012ko abenduaren 2an, Egitura atalean.