Europako Regional innovation scoreboardaren 2025eko (RIS)  emaitzek erakusten dute, indize konposatuari begiratuta, Euskal Autonomia Erkidegoak berritzaile indartsua edo Strong Innovator izaten jarraitzen duela. Horrek esan nahi du Europako sailkapeneko bigarren multzoan dagoela, goitik hasita. Zehazki, Europar Batasuneko #81 tokian dago, eta multzo horretan Espainiako beste lau erkidego besterik ez daude: Katalunia (#72), Madril (#90), Nafarroa (#104) eta Valentziako Erkidegoa (#107).

Emaitza hori ona da. Indizearen balioak eta bertatik ondorioztatzen diren titularrek hala adierazten dute. Baina datuek arreta handiagoa merezi duen beste zerbait ere erakusten dute: EAEko berrikuntza sistemaren dimentsio guztiak ez daude maila berean. Nahiz eta Europako Batzordeak egiten duen indize konposatuak ondo betetzen duen informazio multzo zabal bat komunikatzeko erraza den eta eragin mediatiko handia duen zifra bakar batean laburbiltzeko funtzioa, sintesi horrek informazio asko uzten du bazterrean. Indizea kalkulatzeko erabiltzen den informazio multzo bakoitzaren ñabardurak galtzen dira eta, hala, eskualdeko berrikuntza sistemen “argi-ilunak” ezkutuan geratzen dira.

Post honetan, indize agregatua xehatu eta hura osatzen duten dimentsioak eta banakako adierazleak irakurtzea proposatzen dut. Zehazki, RISen emaitza globala lau dimentsio handietan eta banakako 23 adierazleetan bereizi nahi izan dut.

RISetik haratago: EAEko berrikuntza sistemaren azterketa osoagoa helburu

 

euskadi distribucion ris2025

 

Iturria: Regional innovation scoreboard 2025 

 

Euskal Autonomia Erkidegoaren berrikuntzarako oinarriak nahiko lituzkete Europar Batasuneko gainerako eskualdeek ere

Euskal Autonomia Erkidegoa berrikuntza sistemaren oinarrietan nabarmentzen da bereziki: giza kapitala, oinarri zientifikoa eta konektagarritasun digitala. Hirugarren mailako hezkuntza duten biztanleen proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoa Europar Batasuneko eskualdeen buruan dago, 2. tokian, hain zuzen ere. Banda zabalaren ezarpenean eta etengabeko ikaskuntzaren mailan ere emaitza onenak dituzten EBko eskualdeen % 25ean sartzen da (4. kuartila). Ekosistema berritzaile oro oinarri horien gainean eraikitzen da, eta ikuspegi horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoa Europako eskualde onenekin lehiatzen da.

Inbertsioak. Euskal Autonomia Erkidegoan ikusten diren hainbat sintomak emaitzak mugatu ditzakete

Enpresetan cloud computingaren ezarpenari eta berrikuntza gastuari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoa Europako eskualdeen beheko multzoan kokatzen da. Bi adierazle horiek nolabaiteko itoguneak adierazten dituzte, teknologia berriak eskuratzearekin eta jakintza merkatura bideratutako aplikazio bihurtzeko egiten den inbertsioarekin lotuta baitaude.

Emaitza horiek are deigarriagoak dira enpresen I+Gko gastuan ikusten diren emaitza onekin alderatzen badira, adierazle horretan Euskal Autonomia Erkidegoa Europako % 25 gorenean kokatzen baita. Informazioaren baterako irakurketak aditzera ematen digu gure berrikuntza sistemak ikerketaren eta garapen teknologiko aurreratuaren aldeko apustu argia egiten duela, baina hobetzeko tartea duela jakintza hori enpresentzako berrikuntza praktikoetara eramateko ahaleginean.

Jarduera berritzaileen dimentsioan, transferentzia teknologikoaren adierazleak nabarmentzen dira

Europako Batzordeak jarduera berritzaileen dimentsioa neurtzeko erabiltzen dituen adierazleei erreparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoa toki onean dago lankidetza publiko-pribatuaz baliatuta egindako argitalpenetan eta, bereziki, zientzia, teknologia eta berrikuntzako ekosistemako eragileekin elkarlanean aritzen diren enpresa berritzaileen proportzioan. Bi adierazle horiek EAEko transferentzia teknologikoko kanalak egokiak direla erakusten dute. Kanal horien artean aipatzekoa da zentro teknologikoen, IKZ-Ikerketa Kooperatiboko Zentroen eta jakintzaren sorkuntza eta enpresa aplikazioa lotzen dituzten gainerako bitarteko eragileen sarea. Aitzitik, eta neurri batean transferentzia horrek eskualdearentzat sor litzakeen onura potentzialak mugatuz, produktuan eta prozesuan berrikuntzak egiten dituzten EAEko enpresen kopurua Europar Batasuneko beheko aldean dago.

Kalitateko transferentzia teknologia enpresa kopuru txiki batera iristeak transferentzia horren eragin agregatua mugatzen du. Ildo horretatik, eta Orkestraren Koadernoan jasotzen den bezala, EAEko enpresa sarearen egiturak zeregin erabakigarria du. EAEko industria enpresen % 71k 10 langile baino gutxiago ditu, eta soilik % 6k du 50 langile baino gehiago. Enpresen tamaina funtsezkoa da, transferentzia teknologikoko prozesuetan parte hartzeko baliabide ekonomikoak eta langileak behar baitira. Erronka, beraz, euskal enpresen demografiaren arabera optimizatutako eredu bat eraikitzea da, jakintza enpresa txikietara iristeko eta merkatura bideratutako aplikazio bihurtzea sustatzeko.

Identifikatutako itoguneak gorabehera, merkatuak baliozkotzat du EAEko berrikuntza sistemak ekoizten duena

Euskal Autonomia Erkidegoa ez da erdi-goi teknologiako esportazioen adierazlean nabarmentzen, eta Europar Batasuneko batezbestekotik hurbil dago laneko produktibitateari, enpresa berritzaileen enpleguari eta gas isuriei dagokienez. Hala ere, berrikuntzak dituzten produktuen salmentek erakusten dute eskualdeak oso emaitza onak lortzen dituela enpresek hobekuntzak sartu dituzten produktuetatik. Horrek adierazten du EAEko enpresen berrikuntza baliozkotzat duela merkatuak. Eta hori, neurri batean, aurretik azaldu ditugun bi adierazleen ondorio da: enpresen I+Gko gastu handia eta ii) berrikuntza prozesuetan lankidetza tasa handia.

Berrikuntza politikarako inplikazioak

RISen emaitzek lehen mailako oinarria duen berrikuntza sistema erakusten dute, baina oinarri horrek ez dakar jarduera berritzaile orokortua. Nire ustez, hori ez da gainbeheraren seinale, baizik eta sistema heldu bat erakusten du, azpiegitura sendoa eraiki duena, baina oraindik ez duena lortu azpiegitura horren onurak enpresa guztietara iristea.

Hain zuzen ere, oinarri zientifiko, teknologiko eta giza kapitalekoa ongi garatua izatea da urrats hori egiteko abiapunturik egokiena. Baina horretarako enpresa txikienek berrikuntzaren zirkuituan sartzeko dituzten eragozpenak murriztera bideratutako politika publikoak behar dira, hasi bidelaguntza tresnetatik eta gaikuntzatik eta enpresa txiki eta ertainei zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal ekosistemako baliabideetara iristea errazteko mekanismoetara arte. Produktibitatean, digitalizazioan eta prozesuko berrikuntzan ditu lurraldeak hobetzeko tarterik handienak, eta horietan izan dezakete eraginik nabarmenena politika publikoek.

RISetik haratago: EAEko berrikuntza sistemaren azterketa osoagoa helburu

RISen emaitzek EAEko berrikuntza sistemaren argazki baliagarria baina osatugabea eskaintzen digute. Indizea elkarren artean oso desberdinak diren Europako eskualdeetan eredu komunak antzemateko diseinatuta dago, eta datuen eskuragarritasunak zer eta nola neurtzen den baldintzatzen du. Zenbait aldagaik ez dituzte ondo islatzen EAEko ereduaren berezitasunak. Nire ustez, kasurik argienetako bat transferentzia teknologikoarena da; izan ere, RISek ez du egoki islatzen zentro teknologikoek eta IKZek zientziaren eta enpresaren arteko bitartekari gisa duten zeregin garrantzitsua.

Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2026ko Txostenak transferentzia teknologikoa eta jakintzaren fluxuak izango dituzte aztergai nagusi, baita horien eragina ere berrikuntzan eta enpresen emaitzetan.  Horrela, ongizatea helburu duen lehiakortasunaren funtsezko zutabeetako batean sakonduko dugu, zutabe oso esanguratsua enpresa txiki eta ertainak nagusi diren industria sektorerako. Gainera, Euskadi 2030 Industria Planaren lehentasun estrategiko eta ekintza ardatz askorekin zuzeneko lotura du horrek.


Agustín Zubillaga

Aitor Sedano

Aitorrek Orkestrako ikerketako teknikari gisa ari da lanean. Masterra du Ekonomian, Aplikazio Enpirikoetan eta Politika Publikoetan, eta Gradua Ekonomian, biak Euskal Herriko Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi