Gure enpresa txiki eta ertainen irekitzea, nazioartekotzea eta hazkundea lehiakortasunaren eta ongizatearen iturri dira. Hala ere, testuinguru globala gero eta aldakorragoa eta tentsio handikoa den garai honetan, irekitze horrek berak ahuldu egin ditzake hamarkadaz hamarkada enpresek beren ingurunearekiko izan duten konpromisoaren oinarrian dauden tokiko loturak. Hortxe sortzen da, hain zuzen ere, hazkundearen eta errotzearen arteko tentsioa.

Errotzearen inguruko eztabaida areagotu egin da, egun gutxitan euskal aztarna duten enpresetan eragiketa esanguratsuak izan direlako. Carlos Etxeberrik abenduaren 7ko zutabean Noticias de Gipuzkoa egunkarian dierazi duen bezala, lurralde errotzea indartu edo ahuldu egiten da erabaki bakoitzarekin. Talgoren kapitalean, adibidez, eragile publikoak eta inbertsiorako euskal partzuergo bat sartu dira, eta enpresak birfinantzaketa bat lortu du, funtsezkoa bere norabidea egonkortzeko. Eusko Jaurlaritza, BBKrekin eta Kutxabankekin batera, Ibermatica (Ayesaren teknologia dibisioa) berreskuratzeko bidean da, enpresaren erabakiguneak gurera hurbiltzeko eta funtzio estrategikoak Euskadin finkatzeko. Eta Uvescoren jabetza eskuz aldatzear da, zuzendaritza taldearen lidergoa sendotuz, tokiko inbertsiogileek lagunduta.

Lurralde errotzeak ekonomia eta kultura harremanak lurraldeko gizarte eta erakunde egituretan txertatzea esan nahi du. Ez da etiketa juridiko bat, ezta argazki finko bat ere; aitzitik, erabakiekin eraikitzen den harreman bizi eta metagarri bat da: nork kontrolatzen duen enpresa, non kokatzen diren aktibo estrategikoak, zer enplegu sortzen duen, nola txertatzen den jarduera balio kateetan, eta zein neurritan egiten duen komunitateak enpresa proiektua bere. Horregatik esaten dugu lurralde errotzea enpresa bere ingurunearekin lotzen duten eta bere proiektuari denboran eusten dioten lotura ekonomiko, sozial eta instituzionalen multzoa dela. 

Harreman hori ulertu nahian, Deusto Business Schoolek eta Orkestrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta, ERROGI proiektua garatu dute. Proiektuak dimentsio askotako esparru bat proposatzen du, errotzea eta haren bilakaera aztertzeko. Errotzea konplexua denez, ereduak askotariko dimentsioak hartu behar ditu kontuan fenomenoa ongi ulertzeko, bereziki enpresa txiki eta ertainetan. Era berean, enpresen eta erakundeen gaitasunak bideratu behar ditu, errotzea sustatu eta denboran iraunaraziko duten baldintzetara.

Horregatik, esparru horretan, funtsezko bi dimentsio proposatzen dira; batetik, lurralde inplikazioa, enpresak bere ingurunearekin duen lotura jasotzen duena: akziodunen jatorria eta kontrola, aktibo kritikoen errotzea (lantegiak ez ezik, baita ingeniaritza, I+G edo diseinua ere), erabakiak hartzen dituzten pertsonen loturak, eta erakunde eta gizarte elkarrizketaren kalitatea. Eta, bestetik, enpresa erakargarritasuna, enpresak garapenari egiten dion ekarpena jasotzen duena: enplegua, inbertsioa, berrikuntza, sektore egokitzapena eta lurraldearen lehentasunekiko lerrokatzea. Bi dimentsio horiek, batera aztertuta, “egotetik” esanguratsuak “izatera” igarotzeko aukera ematen dute.

Ekarpen teoriko honek beste urrats bat ematen du errotzeari buruzko eztabaidan, eta neurketa operatibo bat proposatzen du. Enpresei lurraldean jarraitzen lagunduko dieten politikak diseinatu nahi baditugu, eredu komun bat behar dugu, enpresa eragile bakoitzaren errotze mailaren eta arriskuen mapa egiteko. Ildo horretatik, proiektuan adierazle berritzaile bat garatu dugu, eragile monitorizatu bakoitzak errotzean duen kokapena erakusteko eta, aldi berean, lurralde errotze horren egoeran aldaketak identifikatzera eramango gaituzten seinale goiztiarrak antzemateko. Tresnak informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa alderatzeko moduko puntuazioetara eramaten du, aldagai multzo zabal batetik abiatuta, eta aurkeztutako esparruarekin bat, erabakiak hartzeko inplikazioa eta erakargarritasuna balioesteko, presentzia hutsari edo tamainari bakarrik erreparatu beharrean. Interesgarriena ez da banakako puntu bakoitza, arreta eremuak identifikatzea da garrantzitsuena: errotze txikiko enpresak, arrisku faktore askoko enpresak eta, bereziki, bi elementuak konbinatzen dituztenak. Ez da epai bat, iparrorratza baizik, enpresen eta erakunde publikoen artean igurikimenak lerrokatzen laguntzeko.

Captura de pantalla 2026 01 12 113426

Eta, horretan, garrantzi handikoa da erakunde publikoen rola. Post honetan zehar aipatu ditugun adibideetako batzuetan, administrazio publikoak eta inbertsiogile pribatuak batera ari dira, euskal enpresetan akziodunen inplikazioa sendotzeko. Horrekin batera, erakunde publikoek hainbat jarduera bultzatzen dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko akziodunen kontrolpeko enpresek lurraldean aktibo estrategikoak izan ditzaten. Duela gutxiko adibide bat aipatzearren, Mercedes-Benz 1.000 milioi euro inguruko inbertsioa egiten ari da Gasteizko bere lantegia eraldatzeko eta industria proiektua indartzeko. Horrelako erabakiek enpresaren etorkizuneko lehiakortasuna lurraldearekin lotzen dute, eta errotzea indartzen dute, atzerri kapitaleko enpresa izan arren.

Bestelako adibideak ere badira; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan aritu arren, enpresa batzuek ez dute inbertsiorik egiten, ez dute ahalmenik handitzen eta ez dute lotura esanguratsurik beren enpresa, gizarte edo erakunde ingurunearekin. Dinamika horiek ez dakarte nahitaez berehalako deserrotzea, baina deserrotze ibilbidearen seinale goiztiarrak izan daitezke, eta komeni da garaiz identifikatzea, arriskuei aurrea hartu eta bidelaguntza politikak bideratu nahi badira.

Ikusgarritasun handiagoko jarduera horiekin batera, beste politika batzuk ere badira, enpresa txikiagoetara bideratuak. ERROGI proiektuak errotzean eragina izan dezaketen Gipuzkoako Foru Aldundiko 48 esku hartze zerrendatu ditu, bost familiatan taldekatuta: dirulaguntza aktibatzaileak, egiturazko dirulaguntzak, pizgarri fiskalak, kapital edo finantzaketa publikoa, eta bidelaguntza estrategikoko zerbitzuak. Erakargarritasunaren dimentsiora bideratutako jarduerak dira nagusi (I+G, digitalizazioa, nazioartekotzea, sektore eta lurralde laguntza); inplikazio, berriz, modu mugatuagoan lantzen da (adibidez, akziodunen kontrola edo partaidetza formulak).

Ahalegin publikoa, beraz, nabarmena da; koordinazioa eta narratiba komuna indartzea da erronka, politika horien guztien multzoa enpresentzat zorro koherentea, ikusgarria eta eskuragarria izan dadin. Euskal Autonomia Erkidegoa bezalako lurralde industrial eta interdependente batentzat, funtsezko galdera ez da irekitzea ala ez irekitzea, baizik eta nola uztartu irekitze aktiboa eta errotze sendoa. Lurraldean errotuta egoteak esan nahi du enpresak ingurunearekin konektatuta daudela eta ingurune horrentzat esanguratsuak direla, kokapenagatik ez ezik, baita erabakiak hartzeko, inbertsioak egiteko eta lurraldearekin lotzeko moduagatik ere.

Horretan lagundu nahi du lan honek: mahai gainean tresna bat jarri dugu lurralde errotzearen faktoreak kuantifikatzen, enpresen egoerak bereizten, eta enpresa edo enpresa talde baten bilakaeraren jarraipena egiten laguntzeko. Harreman hori neurtzeko, esku hartzeak lehenesteko eta erabakiak bideratzeko aukera emango duten tresnak izatea funtsezkoa da hazkundearen eta errotzearen arteko tentsioa kudeatzeko. Izan ere, inplikazioak eta erakargarritasunak bilakaera koherentea dutenean, indartu egiten da lurraldearen lehiakortasuna.


ainhoa arrona

Cristina Aragón Amonarriz

Cristina Aragón Amonarriz Deusto Business School-Deustuko Unibertsitateko Management Saileko irakasle katedraduna da, eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaile senior elkartua ere da. Familia-enpresan, lurralde-errotzean eta politika publikoen ebaluazioan oinarritutako ikerketa-proiektuetan laguntzen du.

Perfil osoa ikusi


Ibon Gil de San Vicente

Ibon Gil de San Vicente

Ibon Gil de San Vicente, Orkestrako Zuzendariorde Nagusia, Ekonomian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Master in Business Administration egin zuen Kenteko Unibertsitatean (Erresuma Batuan) eta Master in Business Innovation Deustuko Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi


ainhoa arrona

Cristina Iturrioz-Landart

Cristina Iturrioz-Landart Deusto Business School-Deustuko Unibertsitateko Management Saileko irakasle katedraduna da, eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuarekin lankidetzan aritzen da ikertzaile senior gisa, bere ikerketa-jarduerarekin lotutako hainbat proiektutan, bereziki enpresa txiki eta ertainen lehiakortasunaren azterketarekin, familia-enpresarekin, lurralde-sustraitzearekin eta politika publikoen ebaluazioarekin lotuta.

Perfil osoa ikusi


ainhoa arrona

Ander Sánchez

Ander Sánchez Orkestrako ikerketako teknikari gisa ari da lanean. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta finantza-arloan espezializatu zen. Ondoren, unibertsitate bereko Master in Economics: Empirical Applications and Policies batekin osatu zituen ikasketak. Bertan, gaitasun analitikoa garatu ahal izan du, kualitatiboa zein, batez ere, kuantitatiboa.

Perfil osoa ikusi