Miren Estensorok eta Xabier Otxandianok argi dute: hamar urte hauetan Bilbao Next Lab (BNL) osatu duten pertsonek definitu dute laborategiaren norabidea eta ekarri gaituzte gaur gauden tokira. Horregatik, nola lan egiten du gaur Bilbao Next Labek? eta zehazki: nola egiten dugu lan Bilboko Zerbitzu Aurreratuetarako elkarlaneko gobernantza diseinatzen eta bideratzen? galderei erantzuteko, hiri lehiakortasuneko politiken laborategi honetan modu aktiboan parte hartzen dugun hiru pertsonaren ikuspegia hartuko dugu abiapuntu: Javier Garcinuño (Bilbao Ekintzako zuzendaria), María Jesús del Blanco (Enpresa Sustapen, Enplegu eta Talentu Arloko zuzendaria) eta Claudia Icaran (Orkestrako doktorego aurreko ikertzailea).

Hirurok elkartu ginen abenduko goiz batean, bi galdera horiei erantzuteko. Post hau elkarrizketa horren emaitza da, eta gobernantzaren jarduera eremuak jorratzeaz gainera, BNLren eguneroko lanerako hiru erronka nagusiren inguruan hitz egin genuen: erakundeen arteko eta lurraldeko eragileen arteko elkarlana; antolaketa kohesioa eta egokitzapena, elkarlaneko gobernantza bideratzeko; eta Bilbo Ekintzako pertsonen gaitasunak lantzea, elkarlana lortzeko.

Gutako bakoitzak proiektuan dugun roletik abiatuta, erronka horiei lotutako hainbat kezka jasoko ditugu jarraian. Horrela, Javierrek, Xabier Otxandianorekin batera, elkarlaneko gobernantzaren enbaxadore gisa aritzen denez, ikusi du erakundeek eta lurraldeko eragileek elkarlanean aritzea eskatzen dutela. Horregatik, “igurikimen handiak” dituzte prozesu honen inguruan. Igurikimen horiei behar bezala erantzuteko, funtsezkoa da Agentziako Zuzendaritzak, Bilbao Ekintzako lantaldeko beste pertsona batzuekin batera, prozesua bideratzea.

Bestalde, Marijek, metabideratzaile izan denez, ulertu du “barne koordinazioa ezin dela ziurtzat hartu, eta elementu hori funtsezkoa da”. Bilbao Ekintzako lantaldean koordinazioa eta elkarlana sustatzen saiatzeko, agentziako bideratzaile taldeen arteko loturaz eta koordinazioaz arduratzen da. Pertsona horiek gero lan espazioak bideratuko dituzte. Marijek, alde batetik, prozesua aurrera doala ziurtatzen du, eta, bestetik, prozesuan zehar taldea zaintzeaz arduratzen da.

Azkenik, Claudiak Bilbao Ekintzako lantaldean elkarlaneko gobernantza diseinatu eta abian jartzeko beharrezkoak diren gaitasunak sortzeko lan egiten du. Taldeari elkarlaneko gobernantza errazteko behar diren tresnak ematen dizkio, baina aitortzen du “zeregin horretarako denbora behar dela eta ez dugula denbora askorik”.

Kezka horiez gain, hartzen ditugun roletatik erronka horiei lotutako alderdi positiboak ikusteko ere gai gara. Argi daukagu: "taldea benetan motibatuta eta ilusionatuta dago, ekimenean erabat sinesten du"; eta "zerbitzu aurreratuak lan egiteko modu berri baten hasiera izan daitezke".

Ondorio gisa, esan genezake elkarlaneko gobernantza garatzeko, hiru elementu horiek zerbitzu aurreratuen arloko berariazko elementuak bezain garrantzitsuak direla. Post honetan azaltzen den elkarrizketan hiru elementu horiei buruz hitz egiteak aukera ematen digu bakoitzak gure roletik nola hautematen ditugun jakiteko eta gure prozesuan nola eragiten duten azaltzeko kontakizun partekatu bat eraikitzeko. Hori oso lagungarria izango da erronka horiek lantzeko.


Ibon Gil de San Vicente

Javier Garcinuño 

Javier Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, eta 20 urte baino gehiagoko esperientzia du zerbitzuen, banaketaren eta industriaren sektoreko enpresetan hazkunde eta eraldaketa prozesuen gidaritzan. Izen handiko enpresen sorkuntzan eta kudeaketan aritu da, besteak beste, INNOLAB Bilbao proiektua. Proiektu horren bazkide sortzaile dira Bilboko Udala, IBM, Euskaltel, BBK, Mondragon Korporazioa, Deustuko Unibertsitatea eta Iberdrola. Osasun sektoreko enpresa proiektuak abian jartzen parte hartu du, besteak beste Vicomtech IK4rentzat. Elikagaien banaketaren esparruan start-upak sortu eta haien kontseilari ordezkari izan zen. Vocento Taldeko hiru enpresaren zuzendari nagusi ere izan zen.

2019ko abuztuan Bilbao Ekintzako zuzendari nagusi izendatu zuten, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu Arloko garapen agentzia.


Ibon Gil de San Vicente

María Jesús del Blanco 

María Ekonomia Zientzietan lizentziaduna da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, Bilbao Ekintzako Ekonomia Sustatzeko Arloko zuzendaria da, eta haren ardurapean daude Invest in Bilbao, Espezializazio Adimenduna eta Bilbao International Convention Bureau negozio unitateak.


miren larrea

Claudia Icaran

Claudia doktoretza aurreko ikertzailea da Orkestran. Nazioarteko Harremanetako Gradua ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta Gobernantza, Garapena eta Politika Publikoetako Masterra egin zuen Sussex-ko Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi