Zientzialarien ustez, gizakien jarduera ekonomikoaren ondorioz, planetaren birsorkuntza-ahalmenaren mugak argi eta garbi gainditu dira, eta, laster neurri zorrotzak hartzen ez badira, arrisku larria dago atzera bueltarik ez duen prozesu dinamika batean sartzeko, gizateria bera arriskuan jarriz. Adibidez, Stockholm Research Institute erakundeak 2023an planetaren mugei buruzko analisia eguneratu berri du, eta aztertutako bederatzi eremuetatik seitan (klima-aldaketa, biodibertsitatea...) salbu eta segurua egoteko espazioaren mugak gainditu direla erakutsi du. Halaber, Global Footprint Network-ek 2023an argitaratutako aztarna ekologikoaren adierazlearen arabera, 1,7 Lur beharko lirateke munduko biztanleen egungo bizi-mailari eusteko. Horren aurrean, gero eta akademiko eta gizarte-mugimendu gehiago hasi dira desazkunde-politikak beharrezkoak direla aldarrikatzen, planeta mugatu batean hazkunde mugagabea ezinezkoa dela argudiatuz. Egia al da hori?
Horri erantzuteko, ezer baino lehen, jarduera ekonomikoaren hazkunde materiala eta hazkunde monetarioa bereizi behar dira. Lehenengoak, noski, planetaren mugekin talka egiten du eta ezinezkoa du iraunkor izatea. Hazkunde monetario iraunkorra, aldiz, posible da, betiere hazkunde materiala hazkunde monetariotik (hots, BPGtik) deslotzen edo aldentzen bada. Edo, batzuek dioten bezala, BPGaren hazkunde iraunkorra posible da, BPGa desmaterializatzen bada. Ba al liteke hori?
Faktore batzuek desmaterializazio edo deslotze horren alde egin dezakete. Adibidez, baliabide naturalen kontsumoa edo emisioak murrizten dituzten berrikuntzek eta ordezkapen-prozesuek deslotze hori ekar dezakete. Baina beste faktore batzuek kontra egiten diote. Esate baterako, efizientzia-hobekuntza horiek ekarritako prezioen jaitsierak produktuen eskaria areagotu dezake, eta, azkenean, "errebote-efektu" horren ondorioz, baliabide natural gehiago kontsumitu edo emisio eta hondakin gehiago sor daitezke.
Orain arte munduan gertatu denari begiratzen badiogu, argi eta garbi esan daiteke deslotzea edo desmaterializazioa ez dela gertatu eskatutako neurrian edo ezaugarrietan: maila globalean, termino absolutuetan, magnitude nahikoan, modu iraunkorrean... (Ikus Parrique et al., 2019; eta Vaden et al., 2020). Baina orain arte ingurumen-politika egokiak aplikatu ez izanari egotz lekioke hori. Horrela, klima-aldaketa saihets daitekeen edo ez ikusi ahal izateko, hainbat eredu eraiki dira, efizientzia hobetzeko politika jakin batzuen aplikazioan eta CO2 harrapatzeko teknologia jakin batzuen garapenean oinarritzen direnak; bada, eredu horien arabera, neurri eta suposizio horiek hartuz gero, klima-helburuak lor litezke, eta gainera hazkundean ia eragin negatiborik izan gabe. Hala ere, ekonomialari ekologiko gehienek kritikatu egiten dituzte eredu horiek, anbizio gutxiko helburuak finkatzeagatik edo ebidentzia historikoetatik urrun dauden eta oso gertagaitzak diren suposizioetan oinarritzeagatik. (Ikus Dolter eta Victor, 2017)
Funtsean, hiru motatako jarrerak daude hazkunde ekonomikoaren eta ingurumenaren arteko harremanaren aurrean. (i) Hazkunde ekonomikoa posible eta desiragarria dela uste dutenak, bereziki ingurumen- eta egitura-politika egokiak hartzen badira, efizientzia handitu eta sektorearen osaera aldatzen delako, eta hazkundea berde bihurtzen delako (green growth). (ii) Efizientzian eta jarduera ekonomikoaren konposizioan egindako hobekuntzak aski ez direla uste dutenak, eta, beraz, efizientzia hobetzeko neurriekin batera, nahikotasun-neurriak edo jarduera ekonomikoaren maila murrizteko neurriak (degrowth) hartu behar direla azpimarratzen dutenak. Eta (iii) hazkundeaz helbururik planteatu behar ez dela uste dutenak, hazkunde ekonomikoa bitarteko bat baita eta ez helburu bat, eta, gainera, desazkundea aldez aurretik planteatuz gero, herritar eta erabakitzaile publikoak beldurtu egin daitezkeelako eta ingurumen-neurriei aurka egin diezaieketelako. Hirugarren talde horrek, beraz, Lurra planetaren eta gizartearen muga seguruen barruan mantentzeko beharrezkoak diren ingurumen- eta gizarte-politikak onartzea proposatzen du, hazkundean izan ditzaketen ondorioak alde batera utzita. Haientzat, batzuetan hazkunde ekonomikoak gizartearen helburuak lortzen lagunduko du (adibidez, gutxien garatutako herrialdeetan), eta beste kasu batzuetan, berriz, helburu horiek lortzea eragotziko du (adibidez, herrialde garatuetan). Horregatik, hirugarren korronte hori hazkundearen aurrean agnostiko (a-growth) dela esan daiteke.
Egia esan, itxura guztien arabera, egungo ingurumen-arazoei aurre egiteko, ez da aski izango efizientzia-iraultza bat, eta nahikotasun-iraultza bat ere beharrezkoa izango da (hots, produkzio- eta kontsumo-ereduak murriztea eta aldatzea). Efizientziaren iraultza aurrera egiteko behar diren politiken inguruan adostasun akademiko handia dago; baina hala ere, ez dira aurrera atera erregai fosilen industriak eta beste zenbaitek politika horiei egindako oposizioagatik. Hori ikusita, dezente erradikalagoak diren desazkunde-politiken aurrean askoz oposizio handiagoa espero liteke, areago desazkunde-politikei buruz dagoen oinarri teoriko apalagoa eta ondorio positiboen ebidentzia enpirikoen urritasuna kontuan hartuta. Hori horrela, nonbaitetik hasi behar izanez gero, badirudi praktikoena dela aurrera egitea hazkunde berdearen, desazkundearen eta a-hazkundearen aldekoen artean kontsentsu edo adostasuna dagoen horretan.
Nolanahi ere, dagoeneko, gure burutik kentzen hasi behar dugu hazkunde ekonomikoa ongizatearen adierazle egokia dela eta helburu gisa lortu behar dugula. Ez dago ebidentziarik esateko BPGaren handitzea hazkunde materialetik bereiz daitekeenik (beharrezkoak liratekeen magnitudeetan edo ezaugarrietan, behinik behin). Aldiz, argi dago ongizatearen hobekuntza BPGaren igoeratik bereiz daitekeela (ikus Navarro, 2022).
Azkenik, azpimarratu beharra dago desazkunde-mugimendua, bai akademikoa eta bai soziala, ez dela sortzen soilik ingurumenaren aldetik herrialde garatuetako jarduera-mailaren murrizketa beste irtenbiderik ez dagoela uste delako. Mugimendu horrek, era berean –eta ezer baino lehen–, bestelako gizarte bat, gaur egungoa baino hobea, lortzeko nahiari erantzuten dio. Mugimendu horretako kide gehienen iritziz, hori ez da posible kapitalismoaren barruan; beraz, egungo sistema errotik eraldatu nahi duen mugimendua da desazkundea.
