2023ko udan, blog honetako argitalpen batean aurreratu genuen zer gaitan sakonduko zuen Lehiakortasunari buruzko 2023ko Txostenak. Ez dugu berriro azalduko zenbateko garrantzia duen jasangarritasunerako trantsizioan aurrera egiteak, une hartan agerian utzi baikenuen nahitaezkoa zela berehala ekitea.

Gaur, Lehiakortasunari buruzko azken Txosten horren gai nagusietako bati buruzko gogoeta labur batzuk jaso nahi ditugu; zehazki, trantsizio horretan aurrera egiteko landu behar ditugun sei palanka dinamikoen ingurukoak.

Lehen palanka kapital naturala da. Elementu hauek osatzen dute: herrialdearen natur baliabideak (energia baliabideak, mineralak, hidrikoak eta biotikoak), airearen kalitatea, ura eta lurzorua. Horiek guztiek lurraldearen eta enpresen lehiakortasun jasangarria hobetzen lagundu dezakete, kanpoarekiko mendekotasuna murriztuz eta enpresa jarduera sortuz, besteak beste. Azken urteetan ingurumena babesteko araudian eta beste tresna batzuetan aurrera egin bada ere, oraindik erronka ugari ditugu lantzeko: energia berriztagarrien pisua handitzea; eskura dauden natur baliabideen balioa nabarmentzea; lehengaien hornidura egonkorra eta jasangarria lortzea eta haien zirkularitatea handitzea; hondakinak bereizi, sailkatu eta berrerabiltzea babestuko duen legeria izatea; baliabide hidrikoen kudeaketa egokia lortzea; berotegi efektuko gasen eta gas kutsatzaileen isuriak murriztea; lurzoruen eta uren berreskurapena handitzea; eta monitorizazio eta aurreikuspen tresnak garatzea.

Bigarren palanka kapital fisikoa da. Euskal Autonomia Erkidegoak oinarri egokia du kapital fisikoan trantsizio jasangarriari heltzeko, eta horrek hainbat esparrutan aurrerapausoak ematen lagunduko du: berriztagarriak, elektrifikazioa, mugikortasun jasangarria, zirkularitatea, trantsizio digitala, etab. Baina zenbait itogune konpondu behar dira, enpresa eta teknologia aukerak arriskuan jartzen dituztelako. Aurrean ditugun erronken artean honako hauek daude: azpiegitura berrien gizarte babesa eta onarpena ziurtatzea (energia, garraioa, komunikazioa, hondakinen kudeaketa, etab.); plangintza holistiko eta integratua indartzea eta eguneratzea; energia sektoreen osagarritasuna sustatzea, efizientzia areagotzeko; azpiegitura kritikoak klima aldaketaren aurrean duen erresilientzia eta egokitzapena areagotzea; inbertsioen finantzaketa erraztea.

Hirugarren palanka finantzaketa da, funtsezkoa aurreko bi palanketarako eta beste batzuetarako. Behar-beharrezkoa da baliabideak trantsiziora bideratzen lagunduko duen finantza ekosistema bat edukitzea, jakintzaren hesiak, gobernantzako zailtasunak eta abar gaindituta. Finantzaketa publikoak finantzaketa pribatua bultzatu behar du. Euskal Autonomia Erkidegoan finantza eta inbertsio kluster bat sustatzeko ekimena aukera garrantzitsua da berrikuntza eta jakintzako gaitasun kolektiboa handitzeko eta hori proiektu eta azpiegitura jasangarrietarako finantzaketa tresna berriak garatzera bideratzeko. Erronka nagusia da finantza ekosistema indartzea eta helburu jakin batzuetara bideratzea, finantzaketa fluxuak sortzeko gaitasuna handitzeko, inbertsioen erritmoari eusteko eta pizgarriak eskaintzeko, enpresek ekoizpen prozesuak eraldatzen aurrera egin dezaten.

Laugarren palankan, jakintzari dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoak potentzial handiko erakunde, politika eta jakintza oinarria du, trantsizio jasangarrian eraginkortasunez aurrera egiteko. Hori erakusten du hainbat adierazleren azterketak, esate baterako, I+Gko gastua, bikaintasun zientifikoa eta jasangarritasunarekin lotutako patenteen emaitzak. Beharrezkoa da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen politikak, tresnak eta ahaleginak jasangarritasunean eta lehiakortasunean emaitzak ekarriko dituzten jakintza, teknologia eta mekanismoak sortzera bideratzea. Erronka nagusiak bi dira: jasangarritasunari buruzko jakintzan kokapen ona sendotzea eta jakintzaren transferentziako mekanismoak indartzea, argitalpenak eta patenteak jasangarritasunaren aldeko aplikazio eta berrikuntza bihur daitezen eta ehun ekonomikoari onura ekar diezaioten.

Bosgarren palankak, giza kapitalak, egokitzea eskatzen du, jasangarritasunerako trantsizioak enplegu berriak sortzea eta beste batzuk ordezkatzea ekarriko baitu. Horretarako, kritikoa da gaitasun berdeak edukitzea. Potentzial berde handiko 26 lanpostu daude arlo tekniko, profesional, zientifiko eta intelektualetan. 2022an, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria landunaren % 9,2 inguru hartu zuten jarduera horiek. Prestakuntzaren esparruan, jasangarritasunaren inguruan lan egiten duten tituludun gehien dituzten ikasketak ingeniaritza mekaniko zibileko eta biologiako graduak dira, unibertsitatean, eta arrisku profesionalen prebentzioko eta kalitate kontroleko titulazioak, lanbide heziketan. Palanka honetan, erronka bikoitza da: gaitasun eta trebetasun berdeen garapenean aurrera egitea eta ziurtatzea trantsizio jasangarriaren eragin negatiboak jasango dituzten langileentzat eta balio kateentzat etengabeko prestakuntzako mekanismoak egongo direla, haien gaitasunak eta trebetasunak errealitate berrira egokitzeko.

Azken palanka gizarte eta erakunde kapitala da. Nahiz eta erakundeek eta arau esparru eraginkor, efiziente, garden eta egonkorrek garrantzia izan, elkarlaneko gobernantzak trantsizio jasangarriarekin lotutako arazoei irtenbideak bilatzeko duen potentziala aztertu du Txostenak, Euskal Autonomia Erkidegoak eragileen arteko lankidetzan duen ibilbide luzea oinarri hartuta. Ildo horretatik, eta Orkestraren esperientzia kontuan hartuta, garrantzitsua da arazoa definitzea eta arazoa lantzeko espazioak diseinatzea; elkarrekikotasunean eta konfiantzan oinarritutako rolak definitzea; ikuspegi partekatuak eta ekintzarako agendak eraikitzea; eta lerrokatuta ez dauden kokapen, interes edo ikuspegien ondorioz sortzen diren gatazkak kudeatzea.

Gai horietan guztietan egin du lan Orkestrak azken urteotan, eta horien inguruan ikertzen jarraituko du etorkizunean ere, argia egiteko eta eragileei erabakiak hartzen laguntzeko. Gure ekarpen guztiak -txostenak, artikuluak, biltzarrak, hitzaldiak- interesgarriak izan daitezke lehiakortasun jasangarrirako trantsizioan aurrera egiteko.


macarena larrea

Macarena Larrea

Macarena Larrea, Orkestrako Ikertzailea, Enpresen Sustapen eta Garapenean doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatean, “Internalización de los costes externos de la producción eléctrica” tesia egin ondoren.

Perfil osoa ikusi