Immigrazioa interes handia pizten duen fenomeno sozial eta ekonomikoetako bat da Espainian; izan ere, eragina izan badu arlo sozioekonomiko anitzetan. Ildo beretik, EAEko Lehiakortasunari buruzko 2022ko Txostenak berak ohartarazten du zer-nolako garrantzia duen etorkinak lan-merkatuan arrakastaz integratzeak, egungo erronka demografikoan. Testuinguru honetan, funtsezkoa izango da, dudarik gabe, aurrerapausoak ematen joatea enplegu-, formakuntza- eta migrazio-politikak lerrokatuko dituen estrategia integral baterantz. 

Errealitate horrekiko jakin-mina iturburu, problematikan sakontzeko aitzakitzat hartu dut nire master amaierako lana, UOCeko Analisi Ekonomikoko unibertsitate-masterra burutzeko balio izan didana. Lan horretan, kuantitatiboki aztertzen ditut Espainiako lan-merkatuan bertakoen eta etorkinen artean dauden soldata-desberdintasunak, balizko diskriminazio zantzuen bila. Lanketa horretan aintzakotzat hartzen ditut, besteak beste, soldaten eta lan-baldintzen bilakaera denboran zehar, genero-ikuspegia eta langileen prestakuntza-maila. Zehazki, prestakuntza-maila txikieneko pertsonen soldatan sakondu nahi izan dut, bi arrazoi nagusi tarteko: batetik, horixe izan ohi dela bertakoengandik aurkakotasun jarrerak jaso ohi dituen immigrante taldeetako bat; bestetik, espezializazio-maila baxuak txikitu egiten duela pertsonaren trebetasunak helmuga-herrialdera lekualdatzeko erronka, prestakuntza-maila altuagoko etorkinekin alderatuz. 
Hona hemen ikerlanetik ateratako ondorio nagusietako batzuk: 

Espainiako lan-merkatu osoaren irudi orokor baten arabera, bertako pertsonen aldeko soldata-arrakala egon badago, nahiz eta ez den sumatzen etorkinen aurkako diskriminazio-zantzurik.

Agerian geratzen da lan-merkatuak profil oso anitzeko kolektiboak biltzen dituela, eta sexua eta nazionalitatea erabakigarriak direla pertsonen lansaria ezartzeko orduan. Hori horrela, egon badagoen soldata-arrakala ia bere osotasunean bidezkotzen da bertako pertsonek berezko izan ohi dituztelako baldintza hobeak, eta horiek karrera profesional oparoagoa ahalbidetzen dutelako. Besteak beste, hizkuntzaren ezagutza, lan-kultura integratua edo lan-ibilbidearen jarraitutasun handiagoa dira bertakoen abantailetako batzuk. Pertsona immigranteek oztopo horiek guztiak gainditu behar izanagatik, ageriko arriskua dago haien potentzialaren zati bat alferrik galtzeko; besteak beste, beren burua balioan jartzeko eta karrera profesional arrakastatsua izateko zailtasunak tarteko. Horrenbestez, esan liteke soldata-arrakala egon badagoela, nahiz eta ez den sumatu soldata-diskriminazio zantzurik etorkin-taldearekiko. 

Sexuaren aldagaia analisian txertatuz gero, bertakoen eta etorkinen soldatetan parekotasun handiagoa ageri da emakumeen kasuan, gizonezkoenean baino.

Datuek diote sexua erabakigarria dela pertsonen ordaina ezartzeko orduan. Emakumezkoen soldata, batez beste, nazionalitate bereko gizonezkoena baino baxuagoa dela kontuan izanda, soldaten homogeneizazio moduko bat hautematen da emakume natiboen eta etorkinen artean. Gizonezkoen kasuan, aldiz, nabariak dira soldaten arteko aldeak. 

Kualifikazio-maila baxueneko pertsonen artean, sexuaren aldagaiak are garrantzia handiagoa hartzen du, eta bi portaera desberdin hautematen dira pertsonen sexuaren arabera.

Gizonen kasuan, iturburu diskriminazioa izan dezaketen soldata-desberdintasun zantzuak ageri dira hezkuntza-maila txikieneko gizon etorkinen kaltetan. Aitzitik, lansarien parekatzea ematen da kualifikazio-maila txikieneko emakume espainiarren eta etorkinen artean. Antza denez, zaurgarritasun egoeran daude hezkuntza-maila baxueneko emakumeak, beren nazionalitatea edozein dena dela. Hortaz, kolektibo honetako bertako emakumeek ia ez dute soldata-nagusitasunik kide etorkinekiko. 
 
 Fenomeno honen inguruko lehen hurreratzea baino ez da ikerlan hau. Gaiaren konplexutasunari zor, badira sakontzen jarraitzeko alderdiak, esaterako: 
- Soldata-arrakalan eragin handiena duten ezaugarri pertsonal eta profesionalen identifikazioa
- Bertako eta kanpotik etorritako langileen osagarritasun- eta ordezkagarritasun-mailaren zehaztapena
- Gehiegizko-hezkuntzaren fenomenoaren lanketa
- Langabeen eta ezkutuko ekonomian diharduten pertsonen trataera
- Pertsona etorkinen profilean eragin zuzena duten bestelako faktoreen lanketa; hala nola, jatorrizko herrialdea, ama-hizkuntza edo iritsiera urtea
 
Jakitun banaiz hautemandako soldata-arrakalek egiturazko gizarte-arazo bat jartzen dutela agerian. Horrexegatik, esperantza dut halako ekarpenek lagunduko dutela (txikitasunetik bada ere) migrazioaren fenomenoari trataera integrala eskaintzeko bidean. Izan ere, premiazkoa da erronka honi heltzea kolektibo bakoitzaren behar zehatzei moldatzen zaizkien gizarte-politika egokiak ezarri eta lehenetsi nahi badira.