COVID-19ak, hasieran, enpresen errentagarritasunari egin dio kalte eta, ondoren, bereziki enpresa eta sektore kaltetuenetan, kaudimenean izan du eragina. Pandemiak eragindako enpresei laguntzeko, COVID-19aren krisiaren ondorioz egoera larria duten enpresak identifikatu behar ditugu eta aldez aurretik zailtasunen bat zuten enpresetatik bereizi. Bereizte hori ez da batere erraza, krisiak enpresa gehienei eragin baitie eta, hortaz, antzeko sintomak izango dituzte.

Enpresak COVID-19aren eraginaren arabera bereiztea

captura1

 Blanchard et al.-ek (2020) enpresak bereizteko proposatzen dituzten faktoreak kontuan hartuta, Orkestrak, Eusko Jaurlaritzako Finantzen Euskal Institutuarekin batera egindako lanean, 4 enpresa mota bereizi ditu, COVID-19aren aurrean izan duten portaera sailkatzeko(1)  eta abian jarriko diren programak hobeto bideratzeko.

• Ekonomia ikuspuntutik ERRENTAGARRIAK(2) ETA KAUDIMENDUNAK(3).
• Ekonomia ikuspuntutik ERRENTAGARRIAK baina KAUDIMENIK ez dutenak zorpetzea handitu delako.
• Ekonomia ikuspuntutik ERRENTAGARRITASUNIK EZ DUTENAK baina KAUDIMENDUNAK.
• Ekonomia eta finantza ikuspegietatik ERRENTAGARRITASUNIK eta KAUDIMENIK EZ dutenak.

Helburua da COVID-19aren eragina ebaluatzeko metodologia bat sortzea, abiapuntuko egoera (2017-2019) eta ondorengo bilakaera (2020tik aurrera) alderatuta. Metodologia hori erabiliz, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten 18.025 enpresaren bilakaera aztertu dugu, askotariko sektore eta tamainatakoak.

Finantza tipologien bilakaera COVID-19aren aurrean

Captura

Iturria: SABI-Informa. Geuk egina.

Enpresen lagin horren portaera aztertuta, ikus dezakegu COVID-19ak eragin negatiboa izan dutela, bereziki errentagarritasunean eta, neurri txikiagoan, kaudimenean. COVID-19aren aurretik errentagarri eta kaudimendun ziren 12.727 enpresetatik, % 27k galdu zituen ezaugarri horiek 2020an. Bestalde, pandemiaren aurretik enpresen %12 zegoen kaudimen arazoren bat zuten tipologietan sailkatuta. Eta ehuneko horrek gora egin du: aztertutako enpresen % 14 da orain. Orokorrean, enpresetan errentagarritasunak eta kaudimenak behera egin badute ere, enpresa guztietan ez da berdin gertatu. Eta gutxi badira ere, enpresa batzuetan pandemiaren aurretik zuten egoerak hobera egin du (lehen kaudimenik ez zuten enpresen % 2 kaudimendun izatera igaro da).

Berankortasun maila handitu ez bada ere eta sistemako zalantzazko kredituek oraindik ere % 5aren azpitik jarraitzen badute ere(4), zenbait azterketak aurreikusten dute 2022an gora egingo dutela kaudimengabezia prozesuek(5). Testuinguru horretan, likidezia politikek enpresen kaudimena hobetzera bideratutako politikei utzi diete protagonismo guztia. Politika horien artean daude aurreko maileguak berritzea, mendeko maileguak eta administrazio publikoak zuzenean enpresen akziodun bihurtzeko tresnak. Politika horiek eraginkorrak izan daitezen, ekintza pribatuekin lagundu behar zaie, bai akziodunen ekintzekin (kapitala handitzea) eta bai gainerako finantza hornitzaileen ekintzekin (krisiaren aurreko finantzaketa lerroei eusteko konpromisoa).


    • (1) «Enpresak sendotzeko finantzaketa COVID-19aren ondorengo garaian» ikerketa proiektua
    • (2) Errentagarritasunaren definizioa: COVID-19aren aurretik, enpresak azken hiru urteetan bere jardueran soberakin positiboa lortzea. COVID-19aren ondoren, enpresak 2020an bere jardueran soberakin positiboa lortzea.
    • (3) Kaudimenaren definizioa: «Finantza zor garbia / Ondarea» ratioa 7,5 baino txikiagoa izatea, Europako Batzordeak krisian dauden enpresak definitzeko erabiltzen duen definizioari jarraituz.
    • (4) Espainiako Bankuko Boletín Estadístico argitalpena, 2021eko 2. seihilekoa.
    • (5) Insolvency increases expected amid phase-out of fiscal support, Economic Research, Crédito y Caución, 2021eko urria.


Ibon Gil de San Vicente

Ibon Gil de San Vicente

Ibon Gil de San Vicente, Orkestrako Zuzendariorde Nagusia, Ekonomian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Master in Business Administration egin zuen Kenteko Unibertsitatean (Erresuma Batuan) eta Master in Business Innovation Deustuko Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi


Juan Pablo Salado

Juan Pablo Salado

Juan Pablo Salado, goi ingeniari industriala da, datuen ingeniaritzan espezializatua. Merkatu azterketetan esperientzia du. Gaur egun, Orkestrako hainbat proiektutako ikerketetan laguntzen du, datuen ingeniari gisa, datuen analisia, eraldaketa, osotasuna eta eskuragarritasuna ziurtatzeko.

Profil osoa ikusi

Etiketa: Enpresa lab-a