”Energiaren munduan” urteak daramatzat, nire tesi zuzendariak, aurkeztu nizkion aztergaiak ikusirik, elektrizitatearen ekoizpenaren kanpo kostuak barneratzea sakon aztertzera animatu ninduenetik. Orduz geroztik, eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian mugaz gaindiko lankidetzan bekadun aritu nintzen urtea kenduta, energiaren inguruko ekitaldi eta gertakari askotara joan naiz, eta trajea eta gorbatak izan dira nagusi gehienetan.

Inoiz ez dut arazorik izan integratua sentitzeko, nahiz eta, kanpotik ez dirudien arren, lotsatia izan. Are gehiago, pentsatzen nuen giro jakin batzuetan nolabaiteko aitorpena eskuratzen ari nintzela. Baina orain dela hiru urte, emakume batek jende askok pentsatzen duen zerbait esan zidan: energiaren mundua “gizonen mundua” dela eta emakume izatea muga bat dela, lanbidean begirunea lortzeko eragozpen bat. Nire lan ibilbide osoan, inoiz ez nintzen hain gaizki eta hain hutsal sentitu. Eta bitxiena da emakume batek sentiarazi ninduela horrela.

Energiaren mundua benetan “gizonen mundu bat” al da, emakume hark esan zidan bezala? Askotan pentsatu izan dut galdera horren inguruan, baina ez nuen ondorio garbirik atera, post hau idaztea eskatu zidaten arte.

Ez dut uste alde handirik egingo denik energiaren sektorearen eta beste sektore batzuen artean, emakumearen presentziari dagokionez. Walt Disneyk orain dela 65 urte jolas parke baten ametsa garatzeko osatu zuen imagineers taldean hainbat emakume zeuden, horien artean, Mary Blair, Harriet Burns edo Alice Davis. Denboran eta espazioan gehiago hurbilduz, karreran izan nuen irakasle emakume bat datorkit burura, Begoña Revuelta, “ingurumen eraginaren analisia” irakasgaian landutakoak eraman ninduen gero tesiko gaia aukeratzera. Begoña Deustuko Unibertsitateko La Comercialen karrera amaitu zuen lehenengo emakumea izan zen, 1970ean. Neure promozioan, 2000koan, jada ikasleen erdia inguru ginen emakumeak.

Energiaren munduan, emakume handi asko izan ditugu. Aitzindarietako bat Herta Marks Ayrton (1854-1923) izan zen, ingeniaritza elektrikoan espezializatua. Arku elektrikoari buruz egin zituen lanek hirietako argiztatze sistemak hobetzea ahalbidetu zuten eta nazioartean ospea eman zioten. Emakumeek energia esparruan izan duten presentzia aipatzerakoan, ezin dugu ahantzi Marie Curie (1867-1934) ezaguna. Pierre Curie senarrarekin batera, erradioaktibitatea aztertu zuen. Ikerketa horiek, beste zientzialari batzuenekin batera, gaur egungo zentral nuklearren oinarria dira.

Edith Clarke (1883-1959), lehenengo ingeniari elektriko emakumea izan zen. Gainera, Massachusetts-eko Teknologia Institutu (MIT) ospetsuko diploma bat eskuratu zuen lehenengo emakumea izan zen, 1918an, baita Ingeniaritza elektrikoko lehenengo irakasle emakumea ere. Energiaren ingeniaritzaren esparruan erreferentziazko eskuliburu bat idatzi zuen eta Clarkeren transformatua garatu zuen, motor elektrikoen kontrol modernoaren oinarria. Maria Telkes (1900–1995) ere MITen aritu zen lanean, eguzki energia ikertu zuen eta etxeko eguzki berogailuen lehen sistema eta lehen sorgailu termoelektrikoa sortu zituen, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gutxira.

Helen Edwards (1936-2016), elektromagnetismoan espezializatutako fisikari emakumeak 1980ko hamarkadan Tevatron makinaren lantaldearen ardura izan zuen, garai hartako energia partikulen azeleragailu handiena, CERNeko Hadroi Talkagailuaren anaia nagusia.

Kasu gutxi batzuen adibideak besterik ez ditugu eman, baina horietan ikus daitekeenez, emakumeak energiaren ingeniaritza esparruan sartzen joan dira, eta kasu batzuetan, arrakastaz, nahiz eta aitorpena eskuratzea zaila izan. Kontuan harturik gaur egun STEM arloetako ikasketak (zientziak, teknologia, ingeniaritza eta matematika) egiten dituzten emakumeen kopuruak gora egin duela, beste garai batzuekin alderatuta, ondoriozta genezake gero eta handiagoa izango dela emakumeen presentzia energiaren munduan, nahiz eta, beharbada, inoiz ez den iritsiko gizonen kopurura. Eta iritsi beharko luke? Batek daki...

Beste alderdi bat ere azter dezakegu: energiaren munduan, nolako presentzia dute emakumeek teknologiatik eta ingeniaritzatik urrunen dauden esparruetan? Kasu horretan, emakumeen ekarpena, ziur aski, ez da hain ezaguna izango. Denbora gehiago behar izan dugu goi mailako arduretan emakumeek duten presentzia sendotzeko, eta horrek lotura du lanpostu horietara iristeko behar diren ikasketekin.

Baina, urrunegi joan gabe, gure herrialdean baditugu emakumeen adibide esanguratsuak energia munduan. Horien artean aipatzekoak dira María Teresa Costa-Campi, Espainiako Energia Batzordeko presidentea 2005 eta 2011 urteen artean eta gaur egun, Bartzelonako Unibertsitateko Energia Jasangarritasuneko Katedraren zuzendaria; Marina Serrano, Aelec-Espainiako energia elektrikoaren sektoreko enpresen elkartea; eta Teresa Ribera, energia trantsiziorako ministroa, IDDRItik (Garapen Jasangarriko eta Nazioarteko Harremanetako Frantziako Institututik) datorrena eta, besteak beste, Energia Eraldaketaren Geopolitikako Munduko Batzordeko kidea dena, Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentzian (IRENA).

Enpresa esparruari dagokionez, Ángeles Santamaría Martín Iberdrolako kontseilari ordezkaria da 2018az geroztik; María Victoria Zingoni Repsoleko Bezeroen eta Karbono gutxiko Sorkuntzaren zuzendari nagusia da, Batzorde Exekutiboko kidea eta 2020az geroztik, Enerclubeko presidentea. Blanca Losada, Fortia Energiako presidentea, aurretik Unión Fenosa Distribución enpresako presidentea eta kontseilari ordezkaria izan zen; eta Alyazia Al Kuwaiti Cepsako administrazio kontseiluko kidea da.

Adibide horiez gainera, Espainiako Energiako Emakumeen Elkarteak, AEMENERrek duen behatokiaren emaitzek erakusten dute, maila globalean, emakumeek sektorean duten presentzia handitzen ari dela. Hala, 2018an, energia sektoreko enpresen lantaldeetan % 28,3 ziren, beste industria sektoreetan baino askoz ere gehiago, energiaz bestelako sektoreetan % 10aren inguruan baitago langile emakumeen presentzia. AEMENER 2018an sortu zuten eta enpresaren arlo guztietan emakumeen presentzia orekatua lortzea du helburu, STEM arloetako emakumeen bokazioak sustatuz, enplegagarritasunari lagunduz, emakumeek energia sektoreko maila guztietan duten presentzia indartuz, eta sektore horretan lan ibilbideak garatzea ahalbidetuz. Antzeko ekimenak badira beste herrialde batzuetan ere, besteak beste Ameriketako Estatu Batuetan, Erresuma Batuan edo Alemanian.

Urte hauetan energiari lotutako ekitaldietan izan naizenean, aukera izan dut ikusteko emakumeen kopuruak gora egin duela. Hizlari trebeak ikusi ditut, jakintza handikoak, eta sektorean aitorpen handia dutenak.

Emakumeak une eta abiadura desberdinetan sartu dira lan merkatuko esparruetako bakoitzean, hainbat arrazoirengatik, hezkuntzarekin eta prestakuntzarekin lotutakoak batzuk eta gustu edo lehentasunekin lotutakoak besteak. Baina datuek erakusten digute esparru guztietara iristen ari garela, baita energia mundura ere.

Beraz, energiaren mundua benetan gizonen mundua al da? Irakurri, aztertu eta ikusi ahal izan dudanarengatik, ezezkoan nago. Hala ere, horrek ez du esan nahi mundu horretan parte hartzeak eta kokatzeak erronka izateari utzi dionik, gainerako lan jardueretan bezala, etengabe erakutsi behar baitugu gaitasuna badugula eta guregandik espero den maila eman dezakegula.
Atzera begiratuta, uste dut akats handia izan zela emakumeek energia sektorean duten pisuaren inguruko iritzi negatibo hori kontuan hartzea. Eta, horregatik, hemendik aurrera, Eleanor Roosevelt Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiaren emazteak esan zuena hartuko dut gogoan: ez diot inori ni gutxiesten utziko, nire oniritziarekin ez bada.

Hain zuzen ere, urte hauetan energia munduan gizon handiak topatu ditut eta haien aitortza ere jaso dut. Horregatik, eta Edith Clarkek esandakoa energiaren esparrura egokituz: beharbada ez da emakumeen eskaririk egongo energiaren munduan… baina beti behar izango dira beren lana ongi egiteko gai izango diren pertsonak.

Oharra: Nire lankide gizonei eskerrak eman nahi dizkiet post honi egin dizkioten komentarioengatik.

 


macarena larrea

Macarena Larrea

Macarena Larrea, Orkestrako Ikertzailea, Enpresen Sustapen eta Garapenean doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatean, “Internalización de los costes externos de la producción eléctrica” tesia egin ondoren.

Perfil osoa ikusi

Etiketa: Energia lab-a