Patricia Canto, Susana Franco eta Miren Larrea 

 Ikerketa tokiko eragileen eskutik egiteko konpromisoa hartzen duten akademikoek, maiz topatzen dute euren burua tokiko hizkuntzaren eta akademian ezinbestekoa den ingelesaren arteko zurrunbiloan. Zurrunbilo horrek, ikerketa prozesuaren fase guztietan ematen denean, hizkuntza desberdinen arteko elkarbizitzarako gaitasunak garatzen laguntzen du, eta horien eskutik, inklusio eta pluraltasunerako gaitasunak. Gure ustez, gaitasun hauek ikerketaren bidez arazo konplexuei erantzunak emateko aukerak areagotzen dituzte.

Ingelesa da, akademian,  jakintza-trukeetarako lingua franca eta honek ikerlarientzat ezinbesteko hizkuntza bilakatzen du.  Nazioarteko biltzar eta aldizkari ospetsuenetan erabiltzen den hizkuntza da eta, gehienetan, nazioarteko  ikerketa taldeek erabiltzen duten hizkuntza ere bai. Hala ere, ingelesa, hizkuntza akademiko estandarra eta ikerketaren bikaintasuna sustatzeko garrantzitsua izan arren,  oztopo bat ere izan daiteke ingelesez hitz egiten ez den herrialdeetako aktoreekin ikerketa egiterakoan. Ingelesa eta tokiko hizkuntzaren arteko itzulpenak garestiak izan ohi dira, denboratan eta dirutan. Gizartean eragina izango duen jakintza sortu nahi duten hainbat unibertsitate eta ikerketa-institutuk, ondorioz, etengabe dihardute tokiko eta maila globaleko eraginen arteko oreka lortzeko ahaleginetan.

Gure ikerketa Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dugunez, horrelako egoera ugaritan  aurkitzen gara. Ingelesez jasotako kontzeptuak euskara eta gaztelerara pasatzeko, eta horrela teoria praktikara lotzeko etengabeko lana egiten dugu. Ondoren, praktikan, euskaraz edo gazteleraz ikasitakoa berriro ingelerara itzultzen dugu. Horrek ez du gure bizitza akademikoa errazten eta, hala ere, onura garrantzitsuak dituela uste dugu.  Egoera honek konplexutasunaz jabetzen eta hau kudeatzeko gaitasunak garatzen laguntzen digu eta, ondorioz, inklusiorako eta pluraltasunerako egokiagoak diren mekanismoak sortzera behartzen gaitu. Horregatik, hizkuntza aniztasuna eragozpen gisa hartu beharrean, egoera honekin esperimentatzen ari gara konplexutasuna ulertzen launduko duen ikerketa garatzeko.

Prozesu hauen lanketarako gure gunea Orkestra da, Lehiakortasunerako Euskal Institutua. Berau 2006an Deustuko Unibertsitatearen barruan sortu zen eta bere helburua, gizarte eragileekin lankidetzan garatutako proiektuen bidez, autonomia erkidegoaren lehiakortasuna hobetzea da. Honekin lortu nahi den azken helburua erkidegoko biztanleen ongizatea da. Gure lurraldeak dituen lehiakortasun erronkei aurre egiteko, ikerketa prozesu eraldatzaileak garatzen ditugu administrazio publikoekin, enpresekin eta lurralde eragileekin batera. Gure ikerketan lurraldeko eragileekin elkarrekintzak intentsitate desberdinak izan ditzake, institutuan erabiltzen ditugun metodologien arabera. Elkarreragin-maila txostenetan jasotako azterketa eta gomendioak partekatzetik politiken ko-sortze prozesuetaraino joan daiteke.  Elkarreragin hau erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzan gertatzen da, elebitasunak dakarren konplexutasuna ikerketan barneratuz. Zenbait proiektutan, modu kontzientean egiten dugu bi hizkuntzek euren espazioak izan ditzaten ahalegina, euskara, gutxiengoan dagoen hizkuntza moduan, prozesuaren parte dela bermatuz. Proiektu hauetako esperientzia oinarritzat hartuta, uste dugu hizkuntza aniztasunak elkarbizitzako beste hainbat eremutako aniztasuna ulertzen laguntzen duela, eta lurraldeko aktoreekin lan egiten dugunean gainditu behar diren beste konplexutasun batzuk gainditzen laguntzen digula.   

Aipa dezagun orain ingelesaren tokia. Akademiako kide moduan, rankingetan goiko mailan agertzen diren aldizkarietan argitaratzea eta gainontzeko ikertzaileek gure lana zitatzea eskatzen zaigu, gure lanaren kalitatearen froga moduan. Honek, karrera akademikoak neurtzeko orduan PLOTE indizea bezalako ekimenek indarra hartu ezean, nahi edo ez ingelesez argitaratzera bultzatzen gaitu. Beraz, lurralde erronkei aurre egiteko ikerketa prozesuetan tokian tokiko eragileekin euskaraz eta gazteleraz komunikatzen garen bitartean, ingelesez idatzitako literatura akademikotik ateratzen ditugu prozesu horietarako edukiak. Ondoren, ikerketa prozesu horietako aurkikuntzak eta ikasgaiak ere ingelesez argitaratzen ditugu. Gure lana, beraz, modu jarraian mugitzen da teoriatik praktikara, edukiak ingelesetik euskarara eta gaztelerara itzultzen ditugun bitartean; eta praktikatik teoriara, berriro euskara eta gazteleratik, ingelesera itzultzen garenean.   

Aurrekoak dituen ondorioen artean, hiru aipatu nahi ditugu orain. Lehenik eta behin, gure lana tokiko eragileekin edo ingelesez hitz egiten ez duten lankideekin partekatu ahal izateko, sarri itzuli egin behar izaten dugu. Itzulpenak garesti ateratzen dira, bai dirutan eta baita denborari dagokionean ere. Ondorioz, gure lanaren zati handi bat ingelesez soilik geratzen da, ikerketa-prozesuan parte hartu duten eragileengandik urrun. Arazoa ez da soilik honek eragileen ikasteko aukeretan dakarren murrizketa. Horrez gain, emaitza akademikorik ez jasotzean, eragile horiek ikerketak beraientzat dituen onuren inguruko iritzi ezkorra garatzen dute. Tokiko eragileek uste badute ikertzaileek atzerriko aldizkarietako soilik idazten dutela, ez dira prest egongo ez ikerketa laguntzeko eta ezta prozesu hauetan parte hartzeko ere. 

Bigarren ondorioa ingelesez lan egiten ez duten akademikoek bizi dituzten zailtasunei lotua dago, ikerlari hauek zailago izaten bait dute eremu bakoitzean puntakoak diren eztabaidetan parte hartzea. Hirugarren ondorioak  badu bigarrenarekin lotura. Izan ere, jakintza-eremu desberdinetako eztabaida konplexuak ingelesez egiten badira, hizkuntza hau da ideia konplexuak adierazteko geroz eta gaitasun sofistikatuagoa garatzen duena, eta gainontzeko hizkuntzak -konparazioz- pobretu egiten dira. Hizkuntza jakin batean ideia konplexu bat adierazteko ahaleginetan etsitzen dugunean, hizkuntza hori pobretu egiten dugu. Euskarak duen hiztun kopurua kontuan izanda, hau zaindu beharreko gaia da.

Ondorio hauek kontuan harturik, egoerari aurre egiteko modu ezberdinak aztertzen ari gara. Ahalegin hauetako bat "Lurralde Garapenerako Aktore Fazilitadoreak" izeneko liburua partekatzeko sortu genuen espazio birtual dialogikoa da. Hasierako orrialdeak (ikus 1. irudia) parte-hartzaileak kultur anitzeko gune batera gonbidatzen ditu, espazio berean edukiak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta portugesez aurkituko dituelarik. Parte-hartzaileek ele anitzetan egin ditzakete ekarpenak hainbat gairen inguruan irekitzen diren hariei jarraituz. Modu honetan aritu gara Europako eta Latin Amerikako hainbat parte hartzaile geure hausnarketak partekatzen.

  1. Irudia espazio birtual eleaniztuna

 Facilitadores

Iturria: https://dgroups.org/groups/perfadt

Beste adibide bat gaur egun idazten ari garen liburu bat da. Egileek euren kapitulua zein hizkuntzatan idatzi nahi duten hautatzeko aukera izan dute. Horrez gain, osagarri moduan, ohikoak baino luzeagoak diren laburpenak prestatzen ari gara kapituluan erabilitakoa ez beste bi  hizkuntzatan. Honen helburua emaitzak komunitate desberdinekin partekatu ahal izatea da.  Kapituluetarako gehien aukeratutako bi hizkuntzak ingelesa eta gaztelera izan dira, hauek baitira audientzia zabalena dutenak mundu akademikoan. Baina laburpenak argitaratzeko autoreek euskara, norvegiera, portugesa eta alemana hautatu dituzte besteak beste. Neurri batean, hizkuntza hauen erabilera ikerketa prozesuan parte hartu zuten tokiko aktoreei aitortza bat da.

Hizkuntza anitzeko espazio hauetan ikusi dugu parte hartzaileek, behin baino gehiagotan, eleaniztasuna garestitzat eta deserosotzat jotzen dutela. Goian aurkeztutako espazio birtualaren kasuan adibidez, parte-hartzaile batzuek adierazi zuten euren hizkuntza beste batzuen artean topatu beharrak gehiegizko ahalegina eskatzen ziela eta haien parte hartze prozesua moteltzen zuela. Baina deserosotasun hori ekiditen duten alternatibek inklusioari eta pluraltasunari ere uko egiten diote. Ondorioz, akademiak gizartearen arazo konplexuei aurre egiteko duen erronkari erantzun nahi badio, deserosotasun hau barne hartu eta kudeatu beharra du.

Izan ere, gizateriak dituen arazoak konplexuak dira, besteak beste,  arazo hauen eta balizko konponbideen inguruko interpretazio anitzak daudelako. Hizkuntzak, kultura desberdinetan irmo errotuak, interpretazioen aniztasun honen parte dira. Hizkuntza aniztasuna gure ikerketan integratzen ikasten badugu, gizartearen erronka konplexuen inguruan dauden desberdintasun sakonagoak nola kudeatu ulertzen hasiko gara. Izan ere, arazo horietako asko  konpontzeko ezagutza teknikoa ezinbestekoa da, baina ez nahikoa. Jakintza teknikoa eduki arren,  zailtasunak ditugu jakintza hori erabiliaz gizartearen arazoak konpontzeko hartu behar diren  erabakiak hartzeko. Jakintzaren eta ekintzen arteko lotura honen eraginkortasuna ez dator soilik ingelesetik egin beharreko itzulpenetatik, itzulitakoa ikerlari eta gizarteko erabakitzaileen arteko hizkuntzan modu sakonagoan txertatzetik baizik.  

Gure ikerketa gizartearentzat baliagarria izatea nahi badugu, konplexutasunean nabigatzen ikasi behar dugu. Hori ikasteko moduetako bat ikerketan eragina duten hizkuntza anitzentzat partekaturiko espazioak garatzea da.

Post hau jatorrian ingelesez argitaratu zen London School of Economics-ek Impact Blog izenarekin duen blog-ean, ondorengo izenburuarekin: Embracing multilingualism to enhance complexity sensitive research

Miren Larrearen itzulpena