Regional Studies aldizkariak orain dela gutxi ale berezi bat argitaratu du unibertsitateak eskualde garapenean duen egitekoaren inguruan. Sarrerako artikuluan, gaur egun unibertsitateek bizi duten tentsioa agerian jartzen dute Paul Benneworthek eta Rune Dahl Fitjarrek. Izan ere, alde batetik, beren misioetatik ondorioztatzen diren igurikimenei erantzun behar diete eta, beste alde batetik, beren jarduerak –horien artean, ikerketa– finantzatzeko eskatzen zaizkien baldintzak bete.

Egileek azaltzen dute, zehazki, kontraesanak sortzen direla unibertsitateek nazioartera zabaltzeko eta bikaintasuneko ikerketa gaitasuna erakusteko jasaten duten presioaren eta beren kokaleku diren lurraldeek aurrean dituzten tokiko erronkei erantzuteko deiaren artean. Azken igurikimen horri erantzutea ez da batere erraza gaur egungo ingurune konplexuan, agenda globalei zein tokikoei erantzun behar baitzaie. Gainera, erronka jakin batzuei erantzuteko, nahitaezkoa da eragile askoren artean ikuspegi partekatua lantzea.

Orkestra unibertsitate baten barruan sortu zen ikerketa institutu bat da, enpresekiko eta gobernuekiko elkarlanaren adibide. Lurraldean eragiteko eginkizun esplizitua du, lehiakortasunaren esparruan, ongizatea bultzatzeko. Testuinguru horretan, aurrekoaren inguruko gogoeta sakona ari gara egiten. “Lehiakortasuna ongizate inklusiboaren eta iraunkorraren zerbitzura” proiektuan, Latino Amerikako zenbait unibertsitaterekin ari gara lanean, lehenengo, gizarte inklusiboaren eta iraunkorraren zerbitzura egongo den lehiakortasuna zer den definitzeko eta, bigarren, unibertsitateetako bakoitzak lehiakortasunaren hurbilketa hori bultzatzeko nola lan egin dezakeen ikusteko.

Lehenengo helburua lantzeko, hainbat hurbilketa berrikusten hasi gara, esate baterako, Kanadako Ongizate Indizea, Social Progress Imperative, Nazio batuen 2030 Agenda eta beste esparru batzuk, besteak beste, Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoak, Ekonomia Lankidetza eta Garapeneko Erakundeak (ELGEk) edo Boston Consulting Group taldeak proposatzen dituztenak. Eta ongizate inklusibo eta iraunkorraren aurretiazko definizio honetara iritsi gara:

Unibertsitateak ekintza kolektiborako gogoeta bidera dezake, enpresak, administrazio publikoak, jakintzaren eragileak eta herritarrak erantzunkide izan daitezen ongizate inklusiboa eta iraunkorra bilatzeko ahaleginean. 

"“Prozesu sistemiko eta dinamiko baten emaitza da, gizartea osatzen duten pertsona guztiek beren giza beharrizanak modu integralean estalita edukitzea eta pertsona bezala beren potentzial osoa garatzeko aukera izatea ahalbidetzen duena, komunitateko eragile guztiek, elkarlanean, lurralderako nahi duten etorkizuna eraikiz, denboran modu iraunkorrean eta planetako gainerako biztanleekin elkartasunez”.

Bigarren helburua lantzeko, aztertzen ari gara unibertsitateak nola bidera dezakeen ekintza kolektiborako gogoeta, enpresak, administrazio publikoak, jakintzaren eragileak eta herritarrak erantzunkide izan daitezen pertsonentzat ongizate handiagoa bilatzeko, gero eta modu inklusiboagoan eta iraunkorragoan. Besteak beste, galdera hauek ditugu mahai gainean: Zein estrategia gara ditzakete enpresek ongizate inklusiboaren eta iraunkorraren zerbitzura egongo den lehiakortasuna bultzatzeko?; Zein politika gara ditzakete administrazio publikoek?; Zein paper dute herritarrek?

Hurrengo hilabeteetan, prozesu bizi honetatik ateratzen diren gogoetetako batzuk partekatuko dituzte hainbat ahotsek blog honetan. Hala, hurrengo postek “lehiakortasuna” eta “ongizatea” kontzeptuen inguruko eztabaidak hurbilduko dizkigute eta ongizate inklusiboaren eta iraunkorraren inguruko definizioaren baitako elementuetan sakonduko dute. Beste batzuk enpresek bultza ditzaketen estrategiak izango dituzte aztergai edo gobernuek jarraitu ditzaketen politikak. Latino Amerikako unibertsitateetan gurekin lanean ari diren ikertzaileak ere gonbidatuko ditugu beren postak idaztera, eztabaidak beren lurraldeetan nola bideratzen ari diren konta dezaten.

Gure helburua ez da, nolanahi ere, erantzun guztiak edukitzea, baizik eta galdera gehiago sortzea, gogoeta prozesua elikatzeko. Prozesu hori gurekin elkarreraginean ari diren tokiko eragileei ere zabalduko diegu. Gainera, ikasitakoa eztabaida akademikora eramango dugu. Horrela, post honen hasieran planteatu dugun igurikimen bikoitz horri erantzuten ahaleginduko gara..

Mari Jose Aranguren y Patricia Canto