2015eko abenduaren 17a

Miren Larrea esplikatzen

Miren Larrea Orkestrako ikertzaile senior eta Zubigintzako kideak (Gipuzkoa Sareaneko ekintza-ikerketa laborategia) hitzaldia eskaini du “Lurralde adimendunak” ikastaroan, Garapenek, Euskal Herriko Unibertsitateak eta RealiZe negozio ereduen enpresak antolatuta. 

Gipuzkoa Sareanen esperientzia abiapuntu hartuta, Larreak azpimarratu du ikuspegi partekatua gakoa dela lurralde garapena adimenduna izateko. Ildo horretatik, bi kontzepturen garrantzia azpimarratu du: gobernantzarena, lurralde adimendun batek bestelako harreman eredu bat behar duelako, sareen eraikuntzan oinarritutakoa; eta estrategiarena, plangintza ikuspegiaz gainera, ikaskuntza, negoziazioa eta talde lana ere aintzat hartu behar dituena. Larreak dio, horrela, “lurralde adimendunak arazoei herri gisa erantzuteko gaitasuna duten horiek direla”

“Lurralde Adimendunak” ikastaroa gaur eta bihar eskainiko da Donostiako Miramar Jauregian. Ikastaroaren helburua da lurralde adimendunen inguruan ekonomiaz bestelako alderdiak ere lantzea, “azken urteetan jarduketa eta estrategia osoagoak bilatzen ari baitira, gizarte alderdiak eta ingurumenari lotutakoak ere kontuan hartuko dituztenak".

Larrearen hitzaldiaren nondik norakoez informazio gehiago nahi izatekotan, entzun Euskadi Irratiko Faktoria programan eginiko elkarrizketa.