2015eko irailaren 2a

 dialogue

Abuztuaren 31n, astelehena, urruneko prestakuntza prozesu baten lehenengo saioa izan zen, “EPIA-Lurralde Garapenerako Ikuspegi Pedagogikoko eta Ikerketa-ekintzako Foro Birtuala" egitasmoaren baitan. Egitasmo horren helburua da Hego Amerikan lurralde garapenean fazilitadore lanak egingo dituztenen sarea eraikitzea.

Foroko bideratzaileen taldea honakoek osatzen dute: Miren Larrea (Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea), Pablo Costamagna (irakaslea, ikertzailea eta bideratzailea –ConectaDEL Programaren koordinatzailea eta Orkestrako Zubigintza proiektuko kidea), Mónica Muñoz (ConectaDEL Programaren komunikazio arduraduna), Eleonora Spinelli (ConectaDEL Programaren Ikuspegi Pedagogikoko lerroaren koordinatzailea) eta Ana Victoria Peláez Ponce (Rafael Landívar Unibertsitateko Ekonomia eta Gizarte Ikerketen Institutuko ikertzailea eta CODET-Lurraldeen Ekonomia Garapenerako Jakintzaren Kudeaketarako Amerika Erdialdeko Sareko kidea).

Foroaren lehenengo edizio honek hamaika parte hartzaile ditu, hainbat herrialdetan lan egiten dutenak: Argentina, Brasil, Costa Rica, Mexiko, Nikaragua, El Salvador, Espainia eta Panama. Gehienek lurralde garapenari lotutako ekimenak dituzten unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan egiten dute lan.

Foroaren amaieran, parte hartzaile bakoitzak dokumentu labur bat aurkeztuko du, bere jardunbidearen inguruko gogoeta kritikoa jasotzeko. Gainera, fazilitadore lanetan trebatuko da foroak ardatz dituen gaietakoren batean. Horrela, ekarpen kontzeptualetatik edo praktikatik abiatuta, jakintza berria eraikitzen joango da eta, bide batez, EPIA ikuspegia aberasten.

Zortzi ardatz aukeratu dira:

  • Gaitasunak eraikitzea
  • Estrategia partekatua eta ekintzarako esparru berriak
  • Berrikuntza prestakuntzan eta ikerketan
  • Ikertzaile/irakaslea, lurraldeko eragilea
  • Elkarrizketa guneak eraikitzea jakintza kolektiboa elkarrekin sortzeko
  • Rolak eta elkarreraginak definitzea: gizarte ikertzailea, hezitzailea, gogoeta egingo duen eragilea, fazilitadorea
  • Komunikazioa eta sistematizazioa
  • Erakundeen eraldaketa prestakuntzara eta ikerketa fazilitatzeko

Foroa aurrera eramateko Unibertsitate Teknologiko Nazionalaren Rafaelako Eskualde Fakultateko campus birtuala erabiliko da. Hain zuzen ere, erakunde horrek eta Orkestrak lankidetza hitzarmena dute, eta dagoeneko hainbat ekimen jarri dituzte abian lurralde garapenaren inguruan, besteak beste, aipatutako foroa.