2017 martxoak 21

La Cosa Taller 1

Horregatik, Orkestrako eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaile talde bat elkarrekin ari da lanean ikerketa-ekintzako proiektu batean. Proiektu horren helburua da Gipuzkoan bideratze (edo fazilitazio) gaitasunak eraikitzen laguntzea eta, horretarako, lurraldeko eragile gakoentzat erabilgarri egongo den tresna digital bat diseinatu nahi da.

Proiektua Etorkizuna Eraikiz programaren barruan dago, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, lurraldeak dituen etorkizuneko erronkei erantzuna ematen lagunduko duten proiektu berritzaileak aurrera eramateko.

Proiektuaren abiapuntua Miren Larrea eta Pablo Costagmana Orkestrako ikertzaileek lurralde garapeneko prozesuetan bideratzaileek duten egitekoaren inguruan idatzitako lana da. Bi ikertzaileek eragileen (ikertzaileak, policy makerrak, garapen agentzietako teknikariak) arteko elkarrizketaren aldeko apustua egin dute lurralde garapena bultzatzeko eta jakintza sortzeko. Ildo horretatik, uste dute ikerketaren emaitzak komunikatzeko modua ere estrategikoa dela eta, proiektu honetan, komunikazio dialogikoaren bidetik jo nahi da, ingurune digitaletan. Bestalde, Mondragon Unibertsitateko Andoni Eizagirre ikertzaileak ikerketa eta berrikuntza arduratsuaren ikuspegia (IIR) eransten dio egitasmoari. Hain zuzen ere, Europako Batzordeak hurbilpen hori proposatzen du gizarteko erronka handiei irtenbidea emateko. Hala, ikertzaileak ikerketa prozesu konplexuak egituratzeko eta bideratzeko duen gaitasuna kritikoa da.

Proiektua gogoeta-ekintza-gogoeta zikloen bidez gauzatuko da. Prozesu horretan, parte hartzaileak tresnaren ezaugarriak definitzen joango dira. Martxoan, jakintza komunikatzeko eredu desberdinen inguruko esparru kontzeptualak abiapuntu hartuta, komunikazioaren prozesu ikuspegiaren inguruko gogoeta egin da. Ikertaldeak gogoeta hori bidaia interaktibo baten moduan ikusten du, eremu birtualera eramango duena, liburua "idazten jarraitzeko". Gogoeta-ekintza-gogoeta hurrengo zikloetan, ikertaldea beste ezaugarri batzuk definitzen joango da, bideratzailearen inguruko jakintza komunikatzeko moduak lurraldean bideratze gaitasunak eraikitzera eraman gaitzan.