2018ko apirilaren 16a

Elkarrizketa:  Paloma Enriquez (AICE-IZEAko zuzendaria), Jon Iartza (HETELeko zuzendaria), Iosune Irazabal (Ikaslaneko zuzendaria) eta Rikardo Lamadridekin (Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria)

LHko sareko zuzendariekin bilera

Aste honetan zehar hasiko dira eskualde desberdinetan tailerrak, eskualde bakoitzeko gobernantza landu ahal izateko. Aurreko buletinetan aurreratu moduan, prozesu honek agentzien, Aldundiaren eta Orkestraren artean azken urteetan eraikitako gobernantza eragile berri biri irekitzen dio: Lanbide Heziketari eta Eusko Jaurlaritzari.

2017ko abendutik 2018ko otsaila bitartean egindako bilerak ezinbestekoak izan dira agente berri hauek prozesuan txertatzeko. Testuinguru horretan, Paloma Enriquez (AICE-IZEAko zuzendaria), Jon Iartza (HETELeko zuzendaria), Iosune Irazabal (Ikaslaneko zuzendaria) eta Rikardo Lamadridekin (Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria) hitz egin dugu prozesuaren inguruan.

Zer esan nahi du, zuen ikuspuntutik, prozesu honetan txertatzeak?
Rikardo: Lanbide Heziketako Sailburuordetzak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean jardun du orain arte, baina beharbada ekimen puntualetan. Egungo prozesuan, aurrerapauso bat eman da elkarlan horretan eta oinarritik edo hasieratik, Lanbide Heziketa txertatu da, Gipuzkoako lurralderako horren estrategikoa den prozesu batean.

Paloma: IZEA Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxeentzat, Gipuzkoako lurraldeko garapena bultzatuko duten proiektuetan parte hartzeko eta proiektu horiek bultzatzeko aukera bat da, prestakuntza esparruan dugun jakintza eta esperientzia eta enpresekin ditugun harreman estuak eskainiz (ekintzailetza, eredu duala, lantokietako prestakuntza…). Azpimarratu nahiko nuke bat datorrela, bete-betean, gure lankidetza ereduarekin.

Jon: Poz handiz jaso dugu gonbidapena. "Etorkizuna Eraikiz" ekimena estrategikoa da Gipuzkoarentzat eta honen garapen prozesurako Lanbide Heziketako zentroak kontuan hartzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Aurrerapausoak lortu nahi baditugu, elkarlana derrigorrezkoa da, eta gu prest gaude lankidetza sustatzeko.

Iosune: Lanbide Heziketak, bereziki Gipuzkoan, beti izan du ezaugarri industria sektorearekiko eta gizartearekiko hurbiltasuna. Garrantzitsua da gu kontuan hartzen jarraitzea lankidetzan oinarritutako gobernantzaz hitz egiten dugunean, alde batetik, tresna berriak eskaintzen dizkigulako gure ikastetxeetan aurrera eramaten ari garen lana indartzeko eta, beste alde batetik, lurraldeko beste eragile batzuekin lankidetza eta harremanak sendotzen laguntzen digulako.

Beharrezkoa zen? Zergatik?

"Lanbide Heziketako sailburuordetzak, alde batetik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, beraien estrategiak diseinatu eta garatu dituzte. Beraz, beharrezkoa zen biak prozesu honetan elkarlanean jardutea, gizartearen onerako eta onurarako baita."

Rikardo: Lanbide Heziketako sailburuordetzak, alde batetik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, beraien estrategiak diseinatu eta garatu dituzte, eta, azken urteotan, argi dago bat datozela, bai Gipuzkoako lurralde mailan eta baita Euskal Herri mailan. Beraz, beharrezkoa zen biak prozesu honetan elkarlanean jardutea, gizartearen onerako eta onurarako baita.

Iosune: Beharrezkoa da gu kontuan hartzea, bi arrazoirengatik, nagusiki: alde batetik, enpresa txiki eta ertainengatik eta mikroenpresa txiki eta ertainengatik hurbil gaudenez, haien solaskide izan gaitezkeelako enpresek behar dutena eta “Etorkizuna Eraikizen” barruan lortu nahi dena batzeko; beste alde batetik, ez dugu ahantzi behar Lanbide Heziketak gure ikastetxeetara hurbiltzen diren kolektiboen enplegagarritasuna hobetzen laguntzen duela, gazteengatik hasi eta bere garaian ikasketak utzi zituzten arren, laneratzeko beharra dutenengana. Elkarrekin lan egitea beti da positiboa, eta irakasleek orain arte lantzen ez zituzten gaitasunetan prestakuntza jasotzea gizartearen beharren arabera eraldatzea da, nolabait.

Paloma: Bai. Oso garrantzitsua da askotariko ikuspegiak eta esperientziak dituzten eragileak batzea, proiektu honetan egiten den bezala. Oso ona da horrelako foroak edukitzea, ideia berriak bultzatzeko eta aurrera eramateko. Gure ustez, garrantzitsua da Gipuzkoarako “etorkizunean” pentsatzea, beharrei aurrea hartuz eta proposamen eta ekintza berriak sortuz, hemen bizi garen pertsonen ongizatea hobetzeko.

Jon: Beharrezkoa da gu kontuan hartzea. Gaur egun, Lanbide Heziketako zentroak eragile sozio-ekonomikoak gara gure eskualdeetan eta gure ahalmen guztiei etekina atera behar dio gizarteak, asko dugu emateko. Besteak beste, eskualdeetako enpresa txiki eta ertainekin harreman estuak ditugu eta beraien berrikuntza prozesuan, formazioaz gain, zerbitzu teknikoen eragile ere izan behar dugu. Prozesu horretan guztian Garapen Agentziekin koordinatuta egotea ezinbestekoa ikusten dugu.

Nondik norakoa izango da lanketa?

Paloma: Elkarteak Eskualde Arteko Mahaiko bileretan parte hartuko du, 2019ko lan ildoak diseinatzeko. Lanbide Heziketako zentroek, nork bere eskualdeko garapen agentziarekin elkarlanean, eta lan dinamika homogeneoei jarraituz, Mahaian adostutako proiektuak eta programak eramango dituzte aurrera.

Jon: Jadanik Garapen Agentziak ari dira ikastetxeak bileretara gonbidatzen, ekimena aurkeztu eta interesatuak dauden Lanbide Heziketako zentroek prozesuan parte hartuko dute. Hasiera batean, irakasleentzat formazio tailerrak antolatuko dira elkarlan proiektuak landuz eta datozen hilabetetarako lan ildoak diseinatuko dira. Lehenengo ekimenetako bat laneratzeko arazo bereziak dituzten gazteentzat enplegua sustatzeko formazio programak garatzea izango da.

Iosune: Proiektuan parte hartzen duten erakunde guztien artean harremanetako metodologia bat sortzea da helburua, epe luzera, enpresei zerbitzua ematen lagunduko dituen lankidetza proiektuak identifikatzeko eta ezartzeko. Helburu hori lortzeko, hainbat jarduera eramango dira aurrera, esate baterako, irakasleentzat bideratzaile prestakuntza edo aurrez aurreko lantegiak lankidetza proiektuak garatzeko mekanismoak definitzeko.

Aurten, bi lan ildoren inguruan arituko gara: batak 4.0 industriarekin du lotura; bigarrena, guztiz desberdina, bazterketa arriskuan dauden gazteen enplegagarritasuna hobetzeko prestakuntza programak diseinatzea da.

Rikardo: Lanbide Heziketako sailburuordetzaren ikuspuntutik, Euskal Herrian eta kasu honetan Gipuzkoako lurraldean martxan jartzen diren estrategien eta ekimenen arteko sinergiak bilatu eta aprobetxatu behar dira, ahal den enpresa eta pertsona kopuru handienera heldu ahal izateko. Lan hori aurrera eramateko, gure Lanbide Heziketako ikastetxeak guztiz prestatuta daude.