2016 Maiatzak 31

Reunion RIAC

Orkestraren hamargarren urteurrenean, 10 herrialdetatik etorritako eskualdeko lehiakortasuneko adituak Donostian eta Bilbon izango dira lau egunez, Euskal Autonomia Erkidegoan bultzatutako lehiakortasun politikak eta ekimenak ezagutzeko eta, bereziki, lurraldearen lehiakortasun eredua bertatik bertara ezagutzeko. Gaur izan da lehenengo lan saioa, Deustuko Unibertsitatearen Bilboko kampusean.

RIACeko Nazioz Azpiko Lehiakortasuneko Aditu Taldeak Ameriketatik kanpo egiten duen lehenengo bilera izan da, eta maiatzaren 31tik ekainaren 3ra arte egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoan. Topaketa Deustuko Unibertsitateko Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak eta Amerikako Estatuen Erakundeak antolatu dute, Eusko Jaurlaritzaren eta Latino Amerikako Garapen Bankuaren laguntzaz.

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, 10. urteurrena ospatzeko ekitaldien baitan, RIACeko Nazioa Azpiko Lehiakortasuneko Aditu Taldearen nazioarteko laugarren bilera hartuko du. Orkestra nazioarteko erreferentzia bihurtu da eskualdeko lehiakortasunaren azterketa eta arrazoi horregatik arduratu da bilera horretako programa koordinatzeaz. Lau egunez, topaketa honetako parte hartzaileek aukera izango dute Europar Batasunak bultzatu dituen lehiakortasunerako metodologietara eta politika publikoetara hurbiltzeko, baita Euskal Autonomia Erkidegoan landutako lehiakortasun eredua ezagutzeko ere.

RIAC-Lehiakortasunerako Sare Inter-amerikarra Ameriketako Estatuen Erakundearen ekimen bat da, kontinente hartako herrialdeetan ekonomiaren garapena, lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzearen arduradun gorenen artean esperientziak trukatzea eta loturak indartzea sustatu nahi duena.

Horrela, lantaldeak interes berezia du lurraldearen lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzeko diagnostikoak, neurketak eta garapen ekonomikoko estrategiak ezagutzeko eta metodologiak partekatzeko. Sortutako jakintza ekonomia garapenari eta lehiakortasunari lotutako politika publikoak bultzatuko dituzten estatuetan, eskualdeetan edo hirietan erabiliko da, esparru publikoaren eta pribatuaren elkarlanean oinarrituz.

Donostiako bilerak aukera emango du xehetasunez aztertzeko Euskal Autonomia Erkidegoan aurrera eramandako lurralde lehiakortasunerako ekimenak, besteak beste, ondoko alderdietan: espezializazio adimenduneko estrategiak, lurralde lehiakortasunerako politika publikoen ebaluazioa, eskualdeko adierazleak eta neurketak, maila askotako gobernantza eta deszentralizazioa, kluster politikak, ekintzailetza edo jasangarritasunaren erronka. Orkestrako ikertzaileek eta EAEn lehiakortasunari lotutako proiektuetan lan egiten duten erakundeetako arduradunek beren esperientziak aurkeztuko dituzte lan saioetan.

Azkeneko egunean, topaketan parte hartuko duten adituek dokumentu bat idatziko dute, aurreko egunetan landutako gaien inguruko gomendio nagusiak jasotzeko. Gogoeta horrek herrialde desberdinen artean baterako ekintzak aurrera eramateko oinarri sendoak jartzeko balio du eta, Ameriketako Estatuen Erakundearen bidez, RIAC sarearen aldi bateko buruari helaraziko zaizkio, kasu honetan, Mexikori.

Topaketan izango dira Ameriketako Estatuen Erakundeko herrialde eta erakundeak, eta lehiakortasunean eta garapen ekonomikoan –nazio, estatu, eskualde edo udalerri mailan– interesa duten eta espezializatuta dauden erakunde publiko, pribatu eta akademikoak. Hainbat elkarte eta erakundetako ordezkariak ere izango dira bertan: Latino Amerikako garapenerako Bankua, Garapenerako Banku Inter-amerikarra, Integrazio Ekonomikoko Amerikako Erdialdeko Bankua, Lehiakortasun Kontseiluen Federazio Globala, Latino Amerikarako eta Kariberako Ekonomia Batzordea, Monterreyko Teknologikoa eta Ameriketako Estatuen Erakundea.