2016 maiatzak 6

Indice regional europeo de desarrollo a debate

Susana Franco Orkestrako ikertzaileak "Líderes en PIB y a la cola en el desarrollo social: el índice regional europeo de desarrollo social a debate” biltzarrean hartu zuen parte, joan den maiatzaren 6an, Catalunya Europa Fundazioak antolatuta, Gizarte aurrerapenaren Europako eskualde indizeak (SPI) BPG osatzeko eskaintzen dituen aukerez eztabaidatzeko. Eztabaidaren oinarrian informazio hau dago: Katalunia 52. tokian dago biztanleko BPGren arabera, Europako eskualdeen sailkapenean. Baina, gizarte garapenaren indizeari dagozkion parametroak kontuan hartuz gero, 162. tokiraino eroriko litzateke (indize hori Europako 272 eskualdetarako kalkulatu da), biztanleko BPG txikiagoa duten Espainiako eta Europako beste eskualde batzuen atzetik. 

Alde horren arrazoiak ikusteko, hainbat aditu elkartu ziren, SPIak beste adierazle tradizionalago batzuk, horien artean, BPGa, nola osa ditzakeen aztertzeko. SPIk, BPGk ez bezala, ez ditu ekonomia adierazleak kontuan hartzen; aitzitik, gizarte eta ingurumen adierazleetan oinarritzen da. Indizea Social Progress Imperative irabazi asmorik gabeko nazioarteko erakundeak kalkulatzen du herrialdeetarako. Indize hori bera Europako eskualdeetarako kalkulatu da, erakunde horren, Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Orokorraren eta Orkestraren artean aurrera eramaten duten proiektuaren baitan.

Indizeak hiru adierazle multzo ditu: jendearen oinarrizko giza beharrak (esate baterako, etxebizitza eta janaria), ongizatearen oinarriak (besteak beste, eskola behar baino lehenago uztea) eta aukerak (adibidez, bizitzan zeharreko prestakuntza edo gizarte taldeetan barneratzea). Ekonomia daturik kontuan hartzeak dakar BPGrekin alderatu ahal izatea. Horrela, ikus daiteke BPGren maila txikietan, hazkundea SPIren gorakada handiei lotuta dagoela, baina harreman hori ez da hain argia BPG handiagoak dituzten herrialde eta eskualdeetarako. Hain zuzen ere, BPGren gorakadaren eta SPIren zati baten (oinarrizko giza beharrak eta ongizatearen oinarriak) arteko lotura agerikoa da. Baina ez dago korrelaziorik ingurumen iraunkortasunaren eta osasun adierazleekin –horien artean, gizentasuna– edo aukeren adierazleekin.

Orkestrak proiektu honetan parte hartzen du Institutuak uste duelako lehiakortasunaren helburua, adiera zabalean hartuta, herritarren bizi kalitatea hobetzea dela. Susana Francok Europako indizea eraikitzeko lantaldean hartu du parte. Haren iritziz, halako adierazle osatuak metodologia ikuspegitik erronka eta ohar berriak dakartza, datuak interpretatzeko orduan ere aurrean eduki behar direnak. Esate baterako, “iturri ofizialak erabili dira, besteak beste, Eurostatek bizi mailaren inkesta” eta, horiekin batera, “iturri ez ofizialak" ere erabili behar izan dira, “Gallup inkesta, kasu”, elementu batzuk neurtzeko, osterantzean indizetik kanpo geldituko baitziren. Aurkezpen osoa hemen ikus daiteke.

Bestalde, beste elementu garrantzitsu batzuetan, adinekoen bizi kalitatean edo kulturarako sarbidean, esate baterako, ez dago eskualdeko daturik, indizean sartzeko. Zailtasunak zailtasun, datu eskuragarriek erakusten dute gizarte aurrerapenaren egoera ez dela ekonomia aurrerapenaren egoeraren mailara iristen (azken hori biztanleko BPGn neurtua), ez Katalunian eta ez Euskal Autonomia Erkidegoan. Hurrengo urratsa da aurkitzea zergatik gertatzen diren alde horiek eta zer egin dezakegun lehiakortasunean aurrera egiteko, baina adierarik zabalenean.

Etiketa: Ongizateko lab-a