2016 maitzak 28

Gaur goizean “Bizkaia lehiakorra eta lurralde gisa orekatua eraikitzeko Eskualdeko Estrategia” egitasmoaren bigarren aurkezpena izan da, Durangon. Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak eta Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak izan dira lan saioaren buru eta eskualdeko garapenerako eragileei azaldu dizkiete proiektuaren helburuak.
Bizkaiko lurraldearen ezberdintasunak kontuan hartuta, proiektuak, eskualdeko estrategia lantzeko, lau eremutan banatu du lurraldea, lehiakortasunari dagokionez erronka komunak dituztenak.
Hona lau eremuak:
Iparraldea: Txorierri, Mungialdea, Eskuinaldea eta Uribe Kosta
Ekialdea: Busturia, Lea-Artibai eta Durangaldea
Hegoaldea: Nerbioi-Ibaizabal eta Arratia
Mendebaldea: Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri
Bizkaiko Foru Aldundia eta Orkestra lurraldeko tokiko garapenaren alorrean ari diren eragileekin batera arituko dira, Bizkaiko lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin, baina aniztasuna kontuan hartuta.
Egitasmoaren lehenengo bilera joan den apirilaren 8an izan zen, Zamudion, lurraldearen iparralderako. Gaur, lurraldearen ekialdean egin da aurkezpena. Aurkezpen horretan, Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Durangaldeko eragile asko eta askotarikoek nork bere eskualdeko erronka nagusiak definitu dituzte, aurrerantzean, proiektuan, erronka horiek lantzen jarraitzeko. Hurrengo asteetan, hegoaldeko eta mendebaldeko eragileei aurkeztuko zaie egitasmoa.
Lau eremu horietako bakoitzean, lankidetza prozesua abiaraziko da Orkestraren, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren eta bertako garapen eragileen artean, etengabeko komunikaziorako tresna bat sortzeko, eremu bakoitzak dituen erronkak zehazteko, eta lantalde bana eratzeko, erronka horiek guztiak proposamen, proiektu eta jarduketarako egitarau zehatz bilakarazteko asmoz.
Proiektuan ondoko arloak jorratu nahi dira: berrikuntza, inbertsioak, industria lurzorua, konektibitatea eta komunikaziorako azpiegiturak, nazioartekotzea eta ekintzailetza.