2016 martxoak 23

Bide horretan elkarrekin arituko dira Orkestra, Nafarroako Gobernua, Sodena sozietate publikoaren bidez, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Inarbe ikerketa zentroa. Egitasmoaren helburua da foru gobernuari lehiakortasunari eta lurralde garapenari buruzko jakintza aurreratua eskaintzea.
Hitzarmena Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko presidenteak, Ignacio Mª Echeberriak; Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak, Manu Ayerdik; eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Alfonso Carlosenak, sinatu zuten, Nafarroako ekonomiaren eta enpresen lehiakortasuna sustatzeko.
Hiru erakundeek ikerketa eta garapen teknologikoko proiektuak eta ekintzak eramango dituzte aurrera eta adituen trukea eta langileen prestakuntza ahalbidetuko dituzte.
Hain zuzen ere, Orkestra eta Inarbeko ikertzaileak elkarrekin arituko dira lanean, baita Sodenarekin ere, Nafarroako Gobernuak lehiakortasunaren eta lurralde garapenaren alorreko jakintza aurreratua izan dezan.
Ayerdi lehendakariordeak lankidetza honen garrantzia azpimarratu du; izan ere, Orkestra eta Inarbe ikerketa zentro espezializatuak dira eta, Sodenarekiko lankidetzaren bidez, Nafarroari "bere estrategia zehazten" eta lehiakorragoa izaten lagundu diezaiokete. "Gobernuak partaidetzazko lidergo honen bideratzaile eta bultzatzaile lanak egingo ditu, baina gizarte osoa bide berean jarri behar dugu”, adierazi du.
Bestalde, Orkestrako presidenteak nabarmendu du hitzarmena baliagarria izango dela Institutuan sortutako jakintza Nafarroan aplikatzeko eta horrek aukera emango duela, halaber, eskualdeko lehiakortasunaren esparruan ikasi eta jakintza berria sortzeko.
Hiru erakundeek elkarrekin landuko duten lehenengo proiektua “Nafarroako lehiakortasun diagnostikoa – Nafarroako espezializazio adimenduneko estrategian (RIS3an) lehentasunak definitzeko analisia eta gogoetak” izango da. Nafarroako Gobernuak, Sodenaren bidez, lurraldearen eraldaketa ekonomikorako sistema europar horren baitan, espezializazio adimenduneko estrategia definitu behar du, estrategia hori edukitzea ezinbesteko baldintza izango baita Europar Batasuneko egiturazko funtsak eskuratu ahal izateko.
Orkestrak diagnostikorako eta analisirako bere jakiteak jarriko ditu prozesu horretan: sei ikertzaileko lantaldea arituko da horretan, Mikel Navarro Orkestrako ikertzailea eta Deustuko Unibertsitateko Ekonomia Katedraduna buru dela. Inarbek ere ikertzaile talde bat jarriko du proiektuan lanean, Pablo Arocena, Institutuko zuzendaria, buru dela.