2016 apirilak 8
Mari Jose Arangurenek, Orkestrako zuzendari nagusiak, eta Imanol Pradalesek, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak “Bizkaia lehiakorra eta lurralde gisa orekatua eraikitzeko Eskualdeko Estrategia” aurkeztu dute gaur.
Bi erakundeak lurraldeko toki eta eskualde garapenaren alorrean ari diren eragileekin batera arituko dira, lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin, baina aniztasuna kontuan hartuta.
Proiektuan ondoko arloak jorratu nahi dira: berrikuntza, inbertsioak, industria lurzorua, konektibitatea eta komunikaziorako azpiegiturak, nazioartekotzea eta ekintzailetza.
Bizkaiko lurraldearen ezberdintasunak kontuan hartuta, proiektuak, eskualdeko estrategia lantzeko, lau eremutan banatu du lurraldea, lehiakortasunari dagokionez erronka komunak dituzten eskualdeak batera hartuta:
- Iparraldea: Txorierri, Mungialdea, Eskuinaldea eta Uribe Kosta
- Ekialdea: Busturia, Lea-Artibai eta Durangaldea
- Hegoaldea: Nerbioi-Ibaizabal eta Arratia
- Mendebaldea: Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri
Eremu horietako bakoitzean, lankidetza prozesua abiaraziko da Orkestraren, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren eta bertako garapen eragileen artean, etengabeko komunikaziorako tresna bat sortzeko, eremu bakoitzak dituen erronkak zehazteko, eta lantalde bana eratzeko, erronka horiek guztiak proposamen, proiektu eta jarduketarako egitarau zehatz bilakarazteko asmoz.
Orkestra, lehiakortasuna eraldatze izaera duen ikerkuntza erabiliz sustatzen duen erakundea izanik, aipatutako eragileekin batera arituko da lanean, Bizkaiari bere ekoizpen ehuna espezializatzen laguntzeko eta lurralde kohesionatua izatera iristeko erabil ditzakeen tresnak eskaintzeko.
Imanol Pradalesek gaurko aurkezpenean esan duen bezala, proiektuaren abiapuntua Orkestrak Bizkaiko Foru Aldundiarentzat egin zuen lehiakortasunaren diagnostikoaren ondorioetan dago. Ondorio horiek erakusten zuten Bizkaia lurralde heterogeneoa dela, errealitate ezberdinak eta konplexuak dituena, eta eskualdeko lehiakortasuna sustatzeko berariazko programa behar duena.
Mari Jose Arangurenek aurkezpenean gogoratu du Orkestrak, orain dela 10 urte sortu zenetik, euskal lurraldearen lehiakortasunean aurrera egiten laguntzeko konpromisoa duela. Era berean, adierazi du Orkestrarentzat ohore handia dela eskualdeko estrategia eraikitze aldera Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean jardutea, proiektua bete-betean baitator bat Orkestraren filosofiarekin: lurraldeko eragileekin batera lan egitea geure bezalako lurralde hain heterogeneoaren beharrei eta errealitateei erantzungo dien estrategia eraikitzeko.