2016 martxoa 14

Orkestrak eta ADEGI-Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Horren baitan, bi erakundeek enpresetan antolaketa berrikuntza gauzatzen lagunduko duten tresnak bultzatu eta eskainiko dituzte.
Hitzarmena José Miguel Ayerzak, ADEGIko idazkari nagusiak, eta Mari Jose Arangurenek, Orkestrako zuzendari nagusiak sinatu zuten, eta Gipuzkoako enpresetan antolaketa eraldatzeko prozesuak sustatu eta aztertzea izango du helburu.
Horretarako, ADEGIk proposatutako Enpresa Kultura Berria programako kasu praktikoak erabiliko dituzte. Programa hori ADEGIk bultzatzen du, enpresek proiektu partekatu berrietarako bidea egin dezaten. Orkestrak kasu horiek aztertuko ditu eta prozesu mota horiek ezartzen laguntzen duten alderdiei lotutako jakintza sortuko du.
Hitzarmen horren bidez, bi erakundeek elkarrengandik ikasi ahal izango dute, enpresa berrikuntzari lotutako jakintza eta esperientziaren transferentziaz baliatuz. "Horrela, jakintza hori zabaldu eta Gipuzkoako industria ehuna hobetzeko erabili ahal izango da", dio Mari Jose Arangurenek. Gainera, “lortutako emaitzekin antolaketa eraldaketari buruzko esparru teoriko bat eraiki nahi dugu, etorkizuneko kasuetarako ere baliagarri izango dena, bai ADEGIren Enpresa Kultura Berria programaren barruan eta bai beste esparru eta lurralde batzuetan".
Jose Miguel Ayerzaren hitzetan, "Orkestrak Enpresa Kultura Berria aplikatzen duten Gipuzkoako enpresen kasu praktikoak aztertzeak indartu egiten du Gipuzkoako enpresak eta Adegi aurrera eramaten ari garen apustua. Apustu horrek enpresetan gauzak egiteko beste modu bat dakar, konfiantzan oinarritutakoa eta, horrenbestez, komunikazioa, gardentasuna eta enpresaren kudeaketan eta emaitzetan parte hartzea ardatz dituena”. Gainera, "oso positiboa da azterketa horrekin antolaketa eraldaketari buruzko esparru teoriko bat osatzen laguntzea; izan ere, Enpresa Kultura Berriaren –eta planteamendu horren printzipioen, orientazioen eta emaitzen– bokazioa da ahalik eta enpresa gehienetara zabaltzea, Gipuzkoan eta beste lurralde batzuetan. Enpresa Kultura Berriaren azken xedea da enpresetan lankidetzan oinarritutako harremanak indartzea, enpresa proiektuaren iraunkortasunari laguntzeko”.
Orkestrak ADEGIrekin hitzarmena sinatu du Institutuaren konpromisoa delako lurraldearen lehiakortasunaren eragile izatea, ikerketa eraldatzailea sustatzearen bidez.