2016ko otsailak 16

Aste honetan, Europako Batzordeak eskualdeko Gizarte Aurrerapeneko Indizea kalkulatzeko proiektuaren BETA bertsioa aurkeztu du. Proiektuaren helburua da Europako 272 eskualderen gizarte aurrerapena neurtzea. Lehenengo aurkezpena Open Days ekitaldian izan zen, joan den urrian. Proiektua elkarrekin landu dute Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusiak, Social Progress Imperativek eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak.
Indize honek eskualde bakoitzeko Barne Produktu Gordina (BPG) baino gehiago neurtu nahi du eta, horregatik, beste aldagai batzuk ere neurtzen ditu, herritarren ongizatea identifikatzeko eta hobetzeko, gizarte edo ingurumen ikuspegia ere aintzat hartuta. Susana Franco ikertzaileak eta Orkestrako Gizarte eta Ekonomia Aurrerapen Jasangarriari buruzko ikerrildoaren koordinatzaileak #BeyondCompetitiveness blogean argitaratutako postean esandakoa berreskuratuz, "indize horretako adierazleak hiru dimentsiotakoak dira: oinarrizko giza beharrak, ongizatearen oinarria eta aukerak".
Gizarte aurrerapena neurtuz, Europako eskualdeetan estrategia eta politika egokiak lantzeko informazioa eskuratu nahi da. Europako Batzordeak uste du kohesio politikako programan landu beharreko arloak lehenesteko lagungarri zaiola. Erreferentzia sendoa izan daiteke Europako Batzordeko zerbitzuek azter dezaten 2014-2020 tarterako programek gai egokiak lehenesten dituzten toki egokietan. Gainera, eskualdeek indize hori erabili ahal izango dute nork bere funtsekin finantzatutako politikak erabakitzeko orduan.
Gizarte Aurrerapeneko Indizearen hiru dimentsioak hartuta, ikus dezakegu Euskal Autonomia Erkidegoa Europako sailkapenean erdiko multzoan dagoela. Aurretik ditu Iparraldeko herrialdeetako, Alemaniako edo Erresuma Batuko eskualdeak eta atzetik, berriz, Europako ekialdeko eta hegoaldeko herrialdeetakoak. Espainiako gainerako eskualdeekin alderatuta, Madril kenduta, antzeko eskualdeak baino askoz ere hobeto dago sailkapen horretan. Susana Francok adierazten du orain arte lortutako emaitzak nahiko harrigarriak direla: "Herrialdeen barnean, aldakortasun handiagoa espero genuen eta, ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren kokapen hobea Europan, batez ere gure BGPren antzekoa duten Europako eskualdeekin alderatuta. Kontuan hartu behar da erabilitako datuetan gabeziak daudela, Europan eskualde mailako informazioa ez baita oso ugaria. Horregatik, zenbait herrialdetan nazioko datuak erabili izan dituzte adierazle batzuk kalkulatzeko eta, beste batzuetan, hautemateen inkestak ere egin behar izan dira. Nolanahi ere, indizea abiapuntu egokia da gure indarguneak eta ahultasunak ebaluatzeko”.
Proiektua aurkeztuta, alderdiek beren iritzia eman ahal izango dute gaien inguruan, gaiak neurtzeko erabilitako adierazleen inguruan, eta adierazle horiek konbinatzeko moduaren inguruan, eskualde bakoitzarentzat azken puntuazioa kalkulatzeko. Oharrak eta galderak honako helbidera bidal daitezke: regio-papers@ec.europa.eu 2016ko urrian, eskualdeko Gizarte Aurrerapeneko Indizearen bertsio berrikusia argitaratuko da.