2016ko otsailak 24
Elkarrizketa: Mikel Meoki, Embeblue enpresako zuzendari eta sortzailea

Mikel Meoki Embeblue enpresa ekintzaileko zuzendaria eta sortzailea da. 2013az geroztik, BIG THING deritzon zerbitzu berritzailea eskaintzen du. Zerbitzu horrek gauzen interneten sektorerako neurrira egindako elektronika diseinatu eta fabrikatzen du, egungo gainerako hornitzaileek baino askoz merkeago eta azkarrago.
Mikelek eta bere taldeak Crecer + XV. Inbertsio Foroan hartu zuten parte, joan den otsailaren 18an. Beren proiektuak aurrera egin dezan inbertsiogileen interesa erakarri nahi zuten. Inbertsiogileen eta ekintzaileen arteko topaketa horretan, Embebeblue enpresaren inguruko zehaztasunak eta finantzaketa beharrak azaldu zizkien Mikelek bertara hurbildu ziren 30 kideei.
Nola ezagutu zenuten Crecer+ sarea?
Crecer+ sarearen barnean lanean aritu zen enpresa ekintzaile batek gomendatu zigun sarea lehendabizi, oso esperientzia ona izan baitzuen sarean. Handik denbora batera, beste pertsona batek berriro ere sarearen bertuteen inguruan hitz egin zigunean, Crecer+eko kideekin harremanetan jarri ginen.
Zergatik hartu zenuten Crecer+ sarean sartzeko erabakia?
Gu ez gara finantza alorrean adituak. Gai horretan nolabaiteko jarraipena izatea funtsezkoa dela uste dugu. Gainera, gure eta inbertsiogileen arteko harremana sortu eta sendotzeko modua eta hizkuntza ere ez genituen ezagutzen eta partekatzen. Ikuspegi horretatik, Crecer+ sareak ikasteko aukera polita eskaintzen zigun.
Zer ikasi duzue eta zer eskaini dizue Crecer+ sareak gaurdaino?
Lehen oso aurkezpen teknikoa egiten genuen. Orain, aldiz, inbertsiogileen ikuspegia kontuan hartu eta merkatuei eta zenbakiei garrantzia ematen dien aurkezpena egiten dugu. Zentzu horretan, nire txipa zeharo aldatzen lagundu dit. Orain proiektua beste modu batean plazaratzen dut, inbertsiogileek hobeto uler dezaten.
Zer lortzea espero duzue inbertsio foroan?
300.000 euro edo gehiago ateratzea espero dugu, proiektuak aurrera egin dezan. Gainera, harreman eta bezero berriak ere lortu nahi ditugu. Izan ere, pentsatzen dugu inbertsiogileek horretan lagun diezaguketela.