2015eko azaroaren 26a

Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak Gazteen Enpleguari buruzko Foroan (#BYEF) hartu du gaur parte, Novia Salcedo Fundazioak eta ICARO think thank-ak antolatuta. Arangurenek bereziki azpimarratu du enpresaren barruan konfiantzazko harremanak landu behar direla, enpresaburuaren eta langilearen onerako.
Bide horretan, azpimarratzen du beharrezkoa dela langileak enpresan aukera izatea bere gaitasunak gauzatzeko. Horretan, adierazten du garrantzitsua dela gehiegizko “kontrola” saihestea. Arangurenen hitzetan, “enpresa ez da soilik enpresaburuaren onerako tresna bat", izan ere, "enpresak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da langileak ere enpresa bere proiektutzat hartzea, enpresaren parte sentitzea".
Gazteen prestakuntzari dagokionez, Mari Jose Arangurenek adierazi du “oinarrizko hezkuntzatik bertatik, pertsonaren trebetasunak landu eta indartu behar direla, baita erantzukizunaren zentzua ere, horrela, belaunaldi berriek bizitzan dituzten erronkei baikor eta kementsu erantzun diezaieten”.
Mari Jose Aranguren enpleguari buruzko mahai inguruan izan da, Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuei lotuta, beste aditu hauekin batera: Ángel Toña, Eusko Jaurlaritzako Lan sailburua; Teresa Laespada, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatua; Ruben Urosa, INJUVEko zuzendari nagusia Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioan; Virginia Múgica, Confebaskeko Lan Harremanetako Saila; Unai Sordo, CCOO Euskadiko idazkari nagusia; Jesús García, UGT-Euskadiko Ikasketa eta Programen arduraduna; Gorka Maiztegi, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko Enplegu arduraduna; eta Sara de la Rica, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia katedraduna.
Guztiek enplegagarritasunari lotutako alderdiak landu dituzte, Nazio Batuen Erakundeak 2015-2030 urteetarako erabakitako garapen jasangarriko helburuei lotuta. Zein ekoizpen eredu, zein antolaketa kultura eta zein gaitasun izango diren funtsezkoak aztertu dituzte, pertsonentzat onuragarria izango den balio erlazio bat lortzeko eta, horrela, etorkizuneko gizarte eta ekonomia erronka berriei aurre egiteko.
Ikus laburpen vídeoa hemen: