2026ko azaroaren 23a

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2026ko Txostena

 

  • Berrikuntza jarduerak egiten dituzten eta beste eragile batzuekin lankidetzan aritzen diren euskal enpresen % 86,9k lortu du merkatuan berrikuntzak sartzea; berrikuntzan bakarka aritzen direnetatik, ordea, % 64,1ek
  • EAEko enpresa txikien % 24,3 bakarrik aritzen da beste erakunde batzuekin lankidetzan; enpresa handietan, berriz, % 73,6 aritzen da
  • Euskadik 129 spin-off sortu ditu 2010 eta 2025 artean, Europako batezbestekoaren ia halako hiru biztanleko, nahiz eta finantzaketa erakartzeko gaitasun txikiagoa izan
  • Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunari buruzko 2026ko Txostenak bost jarduera ildo planteatzen ditu ezagutzak merkatuan eta gizartean duen eragina areagotzeko: berrikuntza enpresa gehiagotara eramatea, industriaren eraldaketa bizkortzea, lankidetza indartzea, enpresa teknologiko berriei hazten laguntzea eta nazioarteko konexioak zabaltzea

Euskal Autonomia Erkidegoak zientzia eta teknologia sistema zabala eta sendoa du, hamarkadetan egindako inbertsioei eta enpresen, unibertsitateen, zentro teknologikoen, ikerketa zentroen eta administrazio publikoen arteko elkarlanari esker. Orain erronka da sortutako ezagutza enpresa gehiagotara iristea, batez ere enpresa txikietara, eta produktu, prozesu eta negozio aukera berri modu arinean bihurtzea. Horixe da Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak gaur Kursaalen aurkeztu duen Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2026ko Txostenaren ondorio nagusietako bat.

“Ezagutzatik merkatura: transferentzia teknologikoa, industria eraldatzeko” txostenak, SPRI Taldearen laguntzaz egindakoak, transferentzia teknologikoko eta ezagutzaren euskal sistemaren funtzionamendua eta industrian duen eragina aztertzen ditu. Azterketa horretatik eta nazioarteko esperientzietatik abiatuta, bost jarduera ildo planteatzen ditu sortutako ezagutzaren eta horrek lehiakortasunean duen eraginaren arteko lotura hobetzeko.

Lankidetzak berrikuntza gehiago eta emaitza hobeak dakartza

Azterketak berresten du lankidetzak berrikuntza emaitza hobeak dakartzala: berrikuntza jarduerak egiten dituzten eta beste eragile batzuekin lankidetzan aritzen diren euskal enpresen % 86,9k lortu du merkatuan berrikuntzak sartzea; berrikuntzan bakarka aritzen direnetatik, ordea, % 64,1ek. Era berean, produktuko berrikuntza lankidetzan aritzen diren enpresa berritzaileetan, merkatuko berritasuna % 49,8koa da (lankidetzan ari ez direnetan, % 35), eta produktu berritzaileekin lortutako itzulkin ekonomikoa fakturazio osoaren % 28 ingurukoa da.

Sistema horren eragina esportazio jardueran eta erresilientzian ere islatzen da. 2025ean, EAEko erdi eta goi teknologiako produktuen esportazioak 17.843 milioi eurora iritsi ziren, lurraldeak esportatutako guztiaren % 59,8, bereziki garraioan eta makinerian. Esportazioen guztizkoa ia % 9 jaitsi bazen ere azken bi urteetan, produktu horien esportazioak ia egonkor mantendu ziren.

I+G+Bko euskal ekosistemaren indarguneak agerikoak badira ere, Orkestrak bere eragina baldintzatzen duten bi itogune nagusi identifikatu ditu: enpresa txikietan dagoen berrikuntza arrakala eta oinarri teknologikoko enpresa berriek eskala handitzeko duten zailtasuna.

Datuek erakusten dute jarduera berritzailea oso kontzentratuta dagoela enpresa ertainetan, enpresa horien % 59,1ek berritzen baitute. Enpresa txikien artean, berriz, ehuneko hori % 48,3ra jaisten da. Lankidetzari begiratuz gero, arrakala are handiagoa da: enpresa handien % 73,6 eta ertainen % 52,5 aritzen dira lankidetzan, baina txikien % 24,3 bakarrik.

Bestalde, 2010 eta 2025 artean 129 spin-off (ikerketa jardueretatik eratorritako enpresak) eta oinarri teknologikoko 520 enpresa berri sortu ziren Euskadin. Spin-offak biztanleko neurtuta, kopuru hori EB-27ko batezbestekoa halako hiru da. Hala ere, enpresa horiek eskuratzen duten finantzaketa Europakoa baino nabarmen txikiagoa da, eta horrek hazteko aukerak mugatzen ditu.

Jarduteko bost esparru, ezagutza merkatura iristea lortzeko

Txostenak azpimarratzen du beharrezkoa dela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako ekosisteman eta enpresek emaitza horiek bere egiteko gaitasunetan egiten den inbertsioa zaintzea eta indartzea. Industrian duen eragina areagotzeko, bost jarduera eremu proposatzen ditu:

  1. Berrikuntza enpresa gehiagotara zabaltzea, batez ere txikietara, laguntza programak haien beharretara egokituz eta zerbitzu teknologikoetarako eta lankidetza proiektuetarako sarbidea erraztuz.
  2. Industriaren eraldaketa bizkortzea, sektore tradizionalak eraldatuko dituzten, sortzen ari diren sektoreen hazkundea erraztuko duten eta enpresa proiektu disruptiboak sortuko dituzten teknologia berrien bidez.
  3. Enpresen, eragile teknologikoen eta eragile zientifikoen arteko lankidetza indartzea, baterako proiektu eraldatzaileak erraztuz, ezagutza bi noranzkoetan mugi dadin.
  4. Enpresa teknologiko berriei hazten laguntzea, finantzaketa espezializaturako, inkubazio eta azelerazio programetarako eta nazioarteko merkatuetarako sarbidea hobetuz.
  5. Euskadi nazioarteko beste ezagutza eta berrikuntza ekosistema batzuekin konektatzea, aldaketa teknologikoei aurrea hartzeko, talentu ikertzailea erakartzeko eta aukera berriak euskal enpresen beharrekin lotzeko.

Ohikoa den bezala, azterketak Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren eta ongizatearen urteko diagnostikoa ere jasotzen du, 80 adierazle ingurutan oinarrituta. Analisiak kokapen sendoa erakusten du eta bilakaera positiboa esparru gehienetan. Hala ere, erronka batzuk identifikatzen ditu, horien artean, esportazioen bilakaera, produktibitatearen hazkundea eta enpresetan teknologia eta gaitasun berriak txertatzen jarraitzeko beharra.

Ekosistemako eragileek transferentzia teknologikoa nola bizkortu aztertu dute

Txostena gaur aurkeztu da Lehiakortasunari buruzko Biltzarrean. Ekitaldian hainbat agintarik parte hartu dute, eta ekosistemako eragileek osatutako elkarrizketa mahai bat ere osatu da.

Iván Martén Orkestrako presidenteak eman dio hasiera ekitaldiari eta azpimarratu du “teknologiaren eta ezagutzaren transferentziarik gabe ez dugula lortuko industria eraldatzea, eta industria eraldatu gabe ezin izango zaiela datozen urteetako lehiakortasun eta ongizate erronkei aurre egin”.

Ideia horrekin bat egin du Mikel Jauregi Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasuneko sailburuak irekiera instituzionalean: “Ziurgabetasunari aurre egiteko bermerik onena berrikuntzaren alde egitea da, teknologikoki aurreratuagoak eta balio erantsi handiagoko produktuak garatzeko. Eta, berrikuntzan lider izateko, gure industriak lehiakide izatetik elkarlanean aritzera igaro behar duela berresten du ikerketa honek”, nabarmendu du Jauregik.

Ikerketa merkatura azkar eta eraginkortasunez eramateko moduari buruzko eztabaida praktikoa izan da, James Wilson Orkestrako zuzendari nagusiak moderatuta. Eztabaida horretan parte hartu dute Borja Gárate Metrologia Sarikiko zuzendari nagusiak, Rafa Lizarralde IDEKO zentro teknologikoko zuzendari nagusiak eta Aitziber López Cortajarena CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoak. Solasaldian, enpresen eta eragile zientifiko-teknologikoen arteko lankidetzari eta ezagutza merkatura eramateko erronkei buruzko esperientziak eta hausnarketak partekatu dituzte.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eman dio amaiera ekitaldiari, eragile ekonomiko guztien lankidetza bultzatzeko eta jarraitzeko beharra azpimarratuz: “Ziurgabetasun globaleko testuinguru honetan, ezinbestekoa da gure ekonomiaren indarguneak aprobetxatzea etorkizuneko industria sektoreetan apustuak egiten jarraitzeko, gure lurraldeak sendotasuna izan dezan eta etorkizuneko lehiakortasuna eta ongizatea bermatuta egon dadin. Apustu horiek lurraldeko eragile guztien lankidetza behar dute, eta arreta berezia jarri behar da lurraldeko enpresa txiki eta ertainen eraldaketa bultzatzeko”.

Txostenaren aurkezpena Orkestraren 20. urteurrenaren ospakizunaren barruan dago. 2006an Deustuko Unibertsitatean sortu zenetik, Institutuak 700 proiektu baino gehiagotan parte hartu du, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasun erronkei buruzko ikerketa aplikatua garatu du, enpresekin, administrazio publikoekin eta beste eragile batzuekin lankidetzan.