2026ko ekainaren 11

- Konpainia horiek funtsezkoak dira Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasunerako, eta zeregin estrategikoa dute Europako industriaren etorkizunean
- Enpresa horietako bostetik lau euskal hiriburuetatik kanpo daude, eta espezializazioa, lurraldean errotzea eta nazioarteko proiekzioa uztartzean oinarritzen dute beren arrakasta.
BBK-k eta Orkestrak 53 ezkutuko txapeldun identifikatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoetan, horietatik % 81 euskal hiriburuetatik kanpo. Nazioartekotze handiko konpainia horiek aktibo estrategikoak dira Euskal Autonomia Erkidegoaren industria lehiakortasunerako eta lurralde errotzerako. Hala ondorioztatu du Orkestrak BBKren laguntzarekin egindako “EAEko ezkutuko txapeldunak: tokian errotutako nazioarteko nitxoetako liderrak” txosten berriak. Ikerketak konpainia horiek lurraldearen lehiakortasunari egiten dioten ekarpena aztertu du, baita Europako industriaren eraldaketa testuinguruan duten rola ere.
Espezializazio handiko enpresak dira, eta zeregin kritikoa dute balio kate global konplexuetan. Nagusiki Business-to-Business (B2B) merkatuetan aritzen direnez, jendeak gutxi ezagutzen ditu, baina horietako asko benetako erreferentziak dira munduan teknologia eta industria produktu espezifikoetan. Gainera, produktibitate handia dute eta etengabe ari dira aktibo teknologikoetan inbertsioak egiten.
Funtsezko aktiboa EAEko eta Europako industriarentzat
Txostenaren arabera, ezkutuko txapeldunak funtsezko zutabea dira Europako industriaren egungo testuinguruan, lehia globala, tentsio geopolitikoak, trantsizio digitala eta kontinentearen autonomia estrategikoa indartzeko beharra ezaugarri dituenean.
Agertoki horretan, Euskal Autonomia Erkidegoa industria enpresa oso lehiakorrak sortzeko eta horiei eusteko gai den lurraldea da, tokiko errotzeari uko egin gabe. Ekosistema hori erraztu duten faktore historiko eta egiturazkoen artean, ikerketak honako hauek azpimarratzen ditu: eskualdearen manufaktura oinarri trinkoa, lankidetza publiko-pribatuaren eredua, Lanbide Heziketaren bikaintasuna, zentro teknologikoen sarea, eta epe luzeko ikuspegia duen erakunde mailako industria politika.
Ikerketak erakusten duenarena arabera, lurraldeari ekartzen dizkioten onuren artean aipatzekoak dira enplegu kualifikatua, jakintza teknikoa eta balio erantsi handiko industria sareak sortzea, guztiak funtsezko elementuak lehiakortasun jasangarria eta ongizateari lotutakoa lortzeko.
Gainera, identifikatutako bost enpresatatik lau euskal hiriburuetatik kanpo daude, eta horrek agerian uzten du udalerri ertainetan, txikietan eta industria korridoreetan industria jarduerari, enpleguari eta ekoizpen gaitasunei eusten laguntzen dutela.
Nazioarteko nitxoetan nabarmentzea, EAEn errotuta egonik
Txostenak adierazten du ezkutuko txapeldunen nazioartekotzea eskakizun handiagoko fase batean sartzen ari dela. Enpresa horietako askorentzat, kanpoan lehiatzeak ez du esportatzea bakarrik esan nahi; aitzitik, erabaki estrategikoak hartu behar dituzte beren merkataritza presentziari, ekoizpeneko inbertsioari edo merkatu estrategikoetara egokitzeari buruz, lehia gero eta handiagoa den garai honetan. Egoera horren aurrean, dibertsifikazioan eta arrisku globaletara egokitzeko etengabeko gaitasunean oinarritutako nazioartekotze adimendunaren alde egiten du txostenak.
Enpresa horien nitxoetako espezializazioaren eta nazioartekotzearen estrategiari laguntzea da erronka, haien ekoizpen gaitasunak eta tokiko ekosistemarekiko harremanak ahuldu gabe, azken batean jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan errotuta jarrai dezan. Txostenak ohartarazten du, gainera, inbertsio beharrek, ondorengotza prozesuek edo akziodunen aldaketek oreka hori tenkatu dezaketela.
Horregatik, nitxoko industria enpresei egokitutako bidelaguntza mekanismoak indartzeko beharra azpimarratzen du, epe luzeko ikuspegiarekin eta haien negozio ereduak ongi ezagututa. Baina asmoa ez da enpresa horien nazioartekotzea mugatzea, baizik eta nazioarteko merkatuetan haztea erraztea, enpresa horien lehiakortasuna azaltzen duten gaitasun estrategikoak Euskal Autonomia Erkidegoan mantenduz.
Ezkutuko txapeldunen komunitatearen lehen foro publikoa
Hain zuzen ere, enpresa horien erronketan eta txostenaren ondorioetan sakontzeko, ekainaren 15ean, 09:30ean, Ezkutuko txapeldunen komunitatearen lehen foro publikoa izango da, Bilboko BBK Aretoan. Topaketa hori mugarri izango da proiektuan. Baina ez da lehen urratsa; izan ere, Orkestrak eta BBKk dinamizatuta, komunitateko enpresek urtebete baino gehiago daramate lanean, eta hainbatetan elkartu dira aurrean dituzten erronkak identifikatzeko eta ikaskuntzak partekatzeko.
Foroak, halaber, Hermann Simon izen handiko ikertzaile alemaniarraren ”Hidden Champions” kontzeptuaren sortzailearen- hitzaldi magistrala izango du, eta, ondoren, mahai ingurua. Bertan, komunitateko enpresetako ordezkariek euskal industriaren etorkizuneko erronkei buruzko ikuspegia azalduko dute.