2015eko uztailak 9

 retos oportunidades colaboracion intercluster euskadi aquitania


Orkestrako Henar Alcaldek eta Usue Lorenzek Interclustering III. Jardunaldian hartu zuten parte, joan den uztailaren 9an, Hendaian. Topaketaren helburua zen mugaz bestaldean elkarrekin lan egiteko aukerak bilatzea, nazioartekotzearen eta berrikuntzaren esparruetan.

Topaketa “Klusterren arteko mugaz bestaldeko lankidetza sustatzea eta laguntzea” proiektuaren barruan antolatu zen. Proiektuaren bultzatzaileak Orkestra eta Bihartean-Iparralde-Gipuzkoako Mugaz Bestaldeko Ganbera dira. Klusterren arteko lankidetza sustatu nahi dute, dibertsifikazio adimenduneko estrategia bat artikulatzeko funtsezkotzat hartzen baita, lurraldeak lehiakortasun handiagoa izateko bidean.

Helburu horrekin bat, Orkestrak Akitania eta Euskadiko klusterren indargune nagusien azterketa aurkeztu zen, European Cluster Observatoryk proposatutako metodologiaz baliatuz egina. Egindako lanak bi eskualdeen arteko osagarritasuna eta aukerak aurkezten ditu. Nagusiki azpimarratzen du enpresa txikiei gehiago lagundu behar zaiela mugaz bestaldeko lankidetzan, lankidetza hori erraztuko duten tresnak sortu behar direla, eta klusterra agente dinamizatzailea izan daitekeela, enpresentzat aukerak identifikatu eta antzemateko ekintzak bideratuko dituena.

Olga Irastorza Bihartean- Iparralde-Gipuzkoako Mugaz Bestaldeko Ganberako kideak Akitaniako eta Euskadiko klusterren arteko lankidetza aukeren inguruko azterlanaren emaitzak aurkeztu zituen. Emaitza horiek bi eskualdeetako klusterrek bete duten galdesorta batetik ondorioztatu dira.

Galdesortaren erantzunetan sarritan azaldu zen enpresek nazioartekotzeko eta I+Gko beharrak dituztela. Nazioartekotzeari dagokionez, azpimarratzekoa da eskualde bakoitzak beste herrialde batzuekin dituen loturek –Euskadik Hego Amerikarekin eta Akitaniak, AEBekin eta Kanadarekin– lankidetzarako aukerak eskaintzen dituela, lurralde horiek aztertu eta haietara errazago hedatzeko.  Berrikuntzari dagokionez, Euskadin nagusi da diseinu eta produktuaren berrikuntza; Akitanian, berriz, interes handiagoa du zerbitzuaren berrikuntzak. Berrikuntza prozesuetan elkarlana bideratzeko lehentasunezko bazkideak bezeroak eta hornitzaileak izan ohi dira. Unibertsitateak eta Zentro Teknologikoak ez dira hain garrantzitsuak, bereziki Akitanian. Parte hartzaileek interes handiz entzun zituzten ondorio horiek eta azpimarratu zuten garrantzitsua dela unibertsitateak eta zentro teknologikoak enpresengana hurbiltzen joatea.

Jardunaldia amaitzeko, bi lan saio paralelo antolatu ziren, bata nazioartekotzeari buruzkoa eta bestea berrikuntzari buruzkoa. Saio honetan ateratako ondorioak Interclustering IV. Jardunaldian landuko dira, udazkenean.