2026ko maiatzaren 25a

Presentación Índice Local de Complejidad

Irudia: COTEC 

  • Indize berriak enpleguaren sofistikazioaren eta aniztasunaren erradiografia eskaintzen du Espainiako 4.000 udalerri ingurutan
  • Bilbo, Donostia eta Getxo ekoizpen egitura konplexuenak dituzten 20 udalerrien artean daude
  • Orkestrak eta Cotecek garatutako tresnari esker, dibertsifikazio ekonomikorako aukerak identifikatu eta tokiko garapeneko politika publikoak bideratu ahal izango dira

Cotec Fundazioak eta Orkestrak Konplexutasun Ekonomikoaren lehen Tokiko Indizea aurkeztu dute gaur Madrilgo Las Rozasen, enpleguaren datuetan oinarrituta udalerrien ekoizpen gaitasunak aztertzeko aukera ematen duen tresna berria.

Indizeak, lehen aldiz, Espainiako 4.000 udalerri ingururen ehun ekonomikoaren sofistikazioaren eta aniztasunaren erradiografia eskaintzen du. Horretarako, Gizarte Segurantzako afiliazio datuak aztertu ditu, eta herri bakoitzean dauden jarduera ekonomikoek zenbateraino behar dituzten gaitasun eta jakite aurreratuak neurtu du.

Proiektuaren helburua da, ekoizpenari dagokionez, lurralde bakoitzaren indarguneak identifikatzen laguntzea. Gainera, tresnak aukera ematen du tokiko garapeneko politika publikoak bideratzeko eta dibertsifikazio aukerak hautemateko.

Konplexutasun indize handiena duten udalerrien artean, EAEko hainbat udalerri nabarmentzen dira, lurraldean dauden gaitasun aurreratuen sendotasunaren eta orekaren isla.

Zer da konplexutasun ekonomikoa?

Oro har, konplexutasun ekonomikoak ekonomia batean metatutako jakintza maila eta gaitasunak neurtzen ditu, ondasunen esportazio saskiaren analisiaren bidez. Ignacio Gordo Coteceko Ekonomia Saileko Analisi Ekonomiko eta Proiektuen arduradunak ekitaldian azaldu duenez, lurralde bat konplexuagoa da produktu aniztasun handiagoa ekoizteko gai denean eta produktu horiek "nonahikoak" ez direnean, hau da, arruntak ez direnean edo beste batzuek errepikatzeko zailak direnean.

Probintzia mailatik beherako esportazioen daturik eskura ez dagoenez, Orkestrak Cotecekin lan egin du Konplexutasun Ekonomikoaren Mapan erabilitako jatorrizko kontzeptu esparrua udalerri mailara eramateko metodologia bat osatzeko, Gizarte Segurantzako afiliazioen datuak erabilita.

 Asier Murciegok, Orkestrako IT & Big Data arlokoak, adierazi duenez, "enpleguari buruzko datuak erabiltzeak esportazioen informazioa osatzen du, jarduera ekonomiko guztiak kontuan hartzeko aukera ematen baitu; hala, ondasunen industria bakarrik kontuan hartu beharrean, zerbitzuen pisua agerian jartzen du”.

Tokiko garapena bideratzeko tresna

Azterlanak berresten duenez, konplexutasun ekonomiko handiena duten udalerrietan errenta maila handiagoak erregistratu ohi dira, eta horrek indartu egiten du ekoizpenaren sofistikazioaren eta ongizate ekonomikoaren arteko erlazioa.

Indize berriaren beste elementu garrantzitsuenetako bat "konplexutasuna zehazteko” izenekoa da. Adierazle horri esker, gaur egungo gaitasunetatik abiatuta udalerri bakoitzean garatzeko aukera gehien dituzten jarduera ekonomiko berriak identifika daitezke. Ildo horretatik, tresna interaktiboak informazio erabilgarria eskaintzen du lurralde bakoitzaren errealitatera egokitutako garapen ekonomikorako estrategiak eta politika publikoak diseinatzeko, Susana Franco Orkestrako ikerketa zuzendariak azpimarratu duenez.

noticia cotec madrid

Orkestrako Asier Murciego eta Susana Franco Coteceko lantaldearekin, Madrilgo Las Rozasen egindako aurkezpen ekitaldian

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru udalerri, konplexutasun ekonomikoko udal-rankingaren top 20an

Madril eta Bartzelona dira konplexutasun ekonomikoko udal rankingaren liderrak, baina konplexutasun indize handiena duten 20 udalerrien artean EAEko hiru nabarmentzen dira: Bilbo (6. tokian), Donostia (9.enean) eta Getxo (15.enean). Emaitza horiek EAEn dauden gaitasun aurreratuen sendotasuna eta oreka islatzen dituzte.

Bilboren kasuan, ikusten da konplexutasuna zerbitzu aurreratuetako jardueretan espezializatzearekin lotuta dagoela, hala nola publizitatean, aseguruetan edo finantza zerbitzuetan, baina baita itsas garraioari edo zinemako, bideoko eta telebista programetako, soinu grabazioko eta musika edizioko jarduerei buruzkoetan ere.

Donostiaren konplexutasuna ere zerbitzu aurreratuetan espezializatuta egotearen ondorio da, bereziki Ikerketa eta Garapeneko jardueretan, baina baita kultur jardueretan ere.

Azkenik, Getxoren konplexutasuna itsas garraioarekin, arkitekturako zerbitzu teknikoekin edo kirol, jolas eta entretenimendu jarduerekin lotutako jarduerengatik dator, besteak beste.

Txostenaren emaitza zehatzak eskuragarri daude jada Cotecen webguneko plataforma interaktiboan. Hain zuzen ere, plataforma horrek aztertutako 4.000 udalerri inguruko datuetan eta 86 jarduera adarretan modu pertsonalizatuan nabigatzeko aukera ematen du.

Espainiako Konplexutasun Ekonomikoaren Mapa eguneratzea

Ekitaldian, Espainiako Konplexutasun Ekonomikoaren Maparen eguneratzea ere aurkeztu da, Cotecek egina, esportazioen datuetan oinarrituta.

Emaitzen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako egitura ekonomiko sofistikatuena duen autonomia erkidegoa da, eta horrek esportazioen aniztasuna eta konplexutasuna erakusten ditu. Lurralde historikoei dagokienez, Gipuzkoa da rankingaren liderra, eta haren atzetik daude Araba eta Bizkaia.

Azterketa honek nabarmentzen du Gipuzkoa espezializatuta dagoela garraioarekin eta metalekin lotutako jardueretan, eta ingeniaritza mekanikoarekin lotutako esportazio aurreratuak dituela, horien artean trenbideko garraioa, arrantza ontziak, zulaketa makinak edo metalaren akaberako makinak.

Etiketak: Enpresa adimendunaren laba, politika publikoen laba