2026ko otsailaren 26a

 James Wilson durante la Presentacion de KoopBehatokia

Kooperatiben Kontseilua lagatutako irudia

  • Kooperatiben Kontseiluak eta Orkestrak Euskadiko Kooperatiba Enpresen Behatoki berria aurkeztu dute Bilbon 
  • Euskal kooperatibek enpresa sareari, ekonomiari eta gizarteari egiten dioten ekarpena aztertzeko, ezagutzeko eta zabaltzeko plataforma da 
  • KoopBehatokiaren lehen azterketek kooperatiben eragina erakusten dute, bost ardatz nagusitan: kalitatezko enplegua sortzea, nazioartekotzea, etengabeko berrikuntza, lurralde oreka eta gizarte kohesioa

Euskadik tresna berri bat du gaurtik, kooperatibismoak lurraldearen lehiakortasunari eta ongizateari egiten dion ekarpen bereizgarria aztertzeko eta ikusarazteko. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak–KOOPERATIBEN KONTSEILUAK eta Orkestrak KoopBehatokia, Euskadiko Kooperatiba Enpresen Behatokia, aurkeztu dute gaur Bilbon, Kooperatiba enpresek Euskadiren lehiakortasunean eta industrian duten zeregin estrategikoa jardunaldian.

Ekitaldia BAT Dorrean izan da, eta bertan izan dira Patxi Olabarria, KOOPERATIBEN KONTSEILUKO presidentea; Mikel Torres, Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua; Rosa Lavin eta Mikel Larrea, KONFEKOOPeko presidentea eta zuzendaria, hurrenez hurren; eta Mikel Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun sailburua, besteak beste.

Presentacion KoopBehatokia

Jardunaldiko hitzaldi nagusia James Wilson Orkestrako zuzendari nagusiak egin du. Wilsonek behatoki berria aurkeztu du, eta Euskadiren lehiakortasun eta industria testuingurua, erronka nagusiak eta kooperatiba enpresek erronka horiei aurre egiteko orduan egiten duten ekarpen espezifikoa azaldu ditu. "Euskadiko lehiakortasunari eta ongizateari buruz egin ditugun azterketa berrienek agerian uzten dute berrikuntza eta produktibitatea modu iraunkorrean bultzatu behar direla, gure eredu sozioekonomikoarekin bat datorren ikuspegi batetik. Testuinguru horretan, kooperatiba enpresek balio bereizgarria ematen dute erronka horiei aurre egiteko, dimentsio ekonomikoa, ingurumenekoa eta soziala modu orekatuan integratzeko gai direlako”, adierazi du. 

Kooperatibismoaren gizarte eta lurralde eragina sistematizatzeko behatokia

KoopBehatokia ez da datu biltegi soil bat, Euskadiko kooperatibismoaren errealitatea aztertzeko, ezagutzeko eta zabaltzeko gune bat baizik. James Wilsonek eta Patxi Olabarriak ekitaldian azaldu duten bezala, KoopBehatokia kooperatiba ereduaren balio bereizgarria eta lurraldean duen eragina ikusarazteko asmoz sortu da, Euskadiko industriaren lehiakortasuna indartzeko tresna estrategikoa izateaz gainera. 

Behatokiak hiru helburu nagusi ditu: 

  • Kooperatibek enpresa sareari, ekonomiari, gizarteari eta pertsonei egiten dieten ekarpena neurtzea eta ikusaraztea
  • Erabakiak hartzeko, politika publikoak diseinatzeko eta euskal ekosistema kooperatiboa indartzeko funtsezko datuak emango dituen erreferentziazko plataforma bat eskaintzea 
  • Kooperatiben egungo egoera aztertzea, dimentsio askotatik: demografia, enplegua, berrikuntza, lehiakortasuna, gizarte eragina eta lurralde eragina

Gainera, KoopBehatokiak mapa interaktibo bat ere badu, kooperatiben lurralde banaketa erakusteko. Beste atal batean, aldiro-aldiro eguneratuko denean, kooperatibismoari buruzko argitalpenak eta azterketak jasoko dira.

Kooperatibak, formula juridiko bat baino askoz gehiago 

Behatokiaren esparruan egindako lehen azterketek agerian uzten dute kooperatibismoa formula juridiko bat baino askoz gehiago dela: lana, ekonomia eta gizartea ulertzeko modu bat da. Parte hartzea, ekitatea eta elkartasuna dira eredu horren funtsezko zutabeak. Euskadiri dagokionez, milaka proiektu kolektibotan islatzen hori, bai sektore tradizionaletan eta bai gorabidean doazenetan. Kooperatiba guztien artean, industria sektorekoek garrantzi berezia dute.

KoopBehatokiak erakusten du euskal kooperatibismoak ekarpen erabakigarria duela Euskadin, bost ardatz nagusitan:

  1. Kalitatezko enplegua sortzea: enplegu kooperatiboaren ehuneko handiena duten euskal eskualdeek emaitza hobeak dituzte berdintasunari lotutako aldagaietan, besteak beste erregistratutako langabezia indizean edo industriako enpleguaren pisuan.
  2. Nazioartekotzea eta nitxo globaletako lidergoa: nazioarteko merkatu nitxoetako liderren edo ezkutuko txapeldunen % 23,7 kooperatibak dira.
  3. Etengabeko berrikuntza: kooperatiben % 6,2k I+Gko jarduerak egiten dituzte; ehuneko hori txikiagoa da, % 0,9koa hain zuzen ere, antzeko sektore eta tamainetako beste enpresa forma batzuetan.
  4. Lurralde oreka: kooperatibak lurralde osoan banatuta daude, eta enplegua, berrikuntza eta gizarte kohesioa sortzen dituzte, tokian-tokian.
  5. Gizarte kohesioa eta ongizatea: enplegu kooperatibo handiena duten EAEko eskualdeek egoera orekatuagoak dituzte berdintasun adierazleetan. Eragin hori bereziki nabarmentzen da S80/S20 ratioan, alegia, diru sarrera handienak dituen biztanleriaren % 20aren biztanleko errentaren eta diru sarrera txikienak dituen biztanleriaren % 20aren biztanleko errentaren arteko aldea erakusten duen ratioan.

KoopBehatokia abian jarrita, Orkestrak ikerketa akademikoa Euskal Autonomia Erkidegoko erronkekin lotzeko apustua indartu du, ekosistema kooperatiboaren eta gizartearen zerbitzura dagoen tresna bizi bat eskainiz.