2025ko abenduaren 10a

- Orkestrak eta CaixaBank Dualizak Lanbide Heziketaren Behatokiaren 2025eko txostena aurkeztu dute Bartzelonan. Bertan, ingurumen-trantsizioa gauzatzeko beharrezkoak diren konpetentzien mapa zehatza egiten da.
Ikerketaren arabera, Espainian identifikatutako lehentasunezko okupazio berdeen % 60 baino gehiago LHko titulazioen mende daude.
Txostenak azpimarratzen du LHk belaunaldi berriak prestatzeaz gain, jardunean dauden langileen gaitasunak eguneratzeko eta birkualifikatzeko prozesuak ere errazten dituela, aldaketa teknologikoen eta ingurumenekoen aurrean erresilientzia ekonomikoa lortzen lagunduz.
Orkestrak eta CaixaBank Dualizak Lanbide Heziketaren Behatokiaren txosten berria aurkeztu dute Bartzelonan. Ekitaldian parte hartu dute CaixaBankeko presidente Tomás Muniesak, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioko Lanbide Heziketaren Plangintza, Berrikuntza eta Kudeaketako zuzendari nagusi Maria Paz Sánchezek eta txostenaren egile diren Orkestrako eta CaixaBank Dualizako ikertzaileek.
Aurten, ingurumen-trantsizioa gauzatzeko beharrezkoak diren gaitasun berdeen azterketa sakona egiten du txostenak. Juan Gamboa Orkestrako ikerlari eta Behatokiko zuzendarikideak azaldu duenez, “gaitasun berdeak gaitasun, ezagutza eta balio multzo bat dira, pertsonek modu aktiboan parte har dezaten karbono gutxiko ekonomia batean, klima-aldaketarekiko erresilientea eta bioaniztasunarekiko errespetuzkoa”. Gamboaren arabera, gaitasun horiek funtsezko hiru dimentsiotan ulertu behar dira:
- Dimentsio tekniko-okupazionala: ingurumen-araudia eta hura betetzea bermatzeko trebetasun praktikoak biltzen ditu, baita zeharkako gaitasunak ere, hala nola digitalak. Konpentezia horiek guztiak LHko okupazio zehatzei lotuta daude.
- Ekonomia berdearen dimentsioa, gaitasun horiek ingurumen-trantsiziorako balio-kate estrategikoetan eragiten dutelako.
- Trantsizio justuaren dimentsioa, okupazioak eta sektoreak jasangarritasunera orientatzea dakarrena, inor atzean utzi gabe, eskualde guztietan gazteak zein pertsona okupatuak formatuz.
Dimentsio horietan oinarrituta, txostenak funtsezko 312 gaitasun berde identifikatu ditu. Gaitasun horiek beharrezkoak dira lehentasunezko 71 lanbidek beren potentzial guztia jasangarritasunean oinarrituta zabal dezaten. Gaitasun horien erdia baino gehiago hiru arlotan biltzen dira: naturaren kontserbazioa; ingurumen araudi eta politikak, finantzazioa eta kontzientziazioa; eta hondakinen kudeaketa eta arriskuen prebentzioa. Orkestrako ikertzailearen arabera, horrek esan nahi du “guztiz zeharkakoak” diren konpetentziak direla, eta Lanbide Heziketako okupazio berde gehienetan presente daudela.
Las competencias verdes claves para la Formación Profesional en España
Aurten, ingurumen-trantsizioa gauzatzeko beharrezkoak diren gaitasun berdeen azterketa sakona egiten du txostenak.
Lehentasunezko okupazio berdeen% 60 baino gehiago LHko titulazioen mende daude
Azterketaren ekarpen nagusia da Lanbide Heziketako zikloen bidez gara daitezkeen gaitasun berdeak identifikatzea. Ikerketaren arabera, gaitasun horiei lotutako lehentasunezko okupazio berdeen % 60 baino gehiago LHko titulazioen mende daude zuzenean. Hala, hezkuntza-maila hori finkatzen ari da, eraldaketa produktiborako, lurralde-lehiakortasunerako eta gizarte-kohesiorako eragile estrategiko gisa.
2024ko txostenaren ikuspegiari jarraituz, ingurumen-trantsiziorako funtsezko balio-kateetan ere sakontzen du azterlanak, eta sei identifikatzen ditu, non gaitasun berdeek eragin erabakigarria izango baitute: energia, garraioa, manufaktura-industria, eraikuntza, nekazaritzako elikagaiak eta hondakinen kudeaketa. Horietan guztietan, LHk trantsizio berde inklusibo eta bidezkoa bermatzeko duen funtsezko rola nabarmentzen da.
Ildo horretan, analisiak azpimarratzen du LHk belaunaldi berriak prestatzeaz gain, gaitasunak birkualifikatzeko eta eguneratzeko prozesuak ere errazten dituela jardunean dauden pertsonentzat. Gainera, aldaketa teknologikoen eta ingurumenekoen aurrean erresilientzia ekonomikoa lortzen laguntzen du.
Lanbide Heziketari buruzko datu guztiak biltzen dituen behatokia
CaixaBank Dualizak eta Orkestrak plataforma interaktibo bat mantentzen dute 2020tik: Lanbide Heziketaren Behatokia. Estatistika iturri publiko eta pribatuetako datu kuantitatiboak biltzen ditu, eskura dauden azken datuekin eguneratuta. Datu base zabal horrek lanbide heziketaren ikuspegi orokorra eskaintzen du, 370 adierazle bakan eta 2.000 adierazle konbinatu baino gehiagoz baliatuz.
Informazioa eskuratzeko hainbat maila ditu, guztiak lurraldeka bereizita, eta analisi monografiko eta sektorialen atal bat.