2015eko ekainaren 10a.

argentina g


Bart Kamp Orkestrako ikertzaileak zerbitzutzeari buruzko nazioarteko mintegian hitzaldia eskaini zuen, Cordoban (Argentinan), joan den ekainaren 10ean. Gai horren inguruko jakintza partekatu zuen probintzia hartako aditu akademikoekin eta enpresa munduko pertsonekin.

Mintegiaren antolatzaileak Industria, Merkataritza, Meatzaritza eta Garapen Zientifiko-Teknologikoko Ministerioa, Unión Industrial de Córdoba, Orkestra eta ProCórdoba erakundeak izan ziren. Enpresetan zerbitzutzeari ekiteko edo hura txertatzeko elementuak eskaini nahi izan zituzten, lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko. Ildo horretatik, Bart Kampek adierazi zuen garrantzitsua dela zerbitzutzea "lehiakortasunean aurrera egiteko eta balio gehiago eskuratzeko bitartekotzat" ikustea. “Herrialde askotan ari dira estrategia horrekin, besteak beste, Erresuma Batuan, Danimarkan eta Suitzan, baita Espainian edo Argentinan ere”.

Zerbitzutzearen oinarrizko printzipioa da ulertzea bezeroak nola erabiliko duen enpresaren produktua edo zerbitzua eta balio proposamena areagotzea, erabilera, funtzioa, ezartzea edo aplikazioa osatuko duten zerbitzu osagarriak ere eskainita. Horrela, zerbitzutzeak hiru aukera handi eskaintzen dizkie enpresei: finantza arlokoa (sarreren beste iturri bat eskaintzen du); estrategiaren arlokoa (hornitzaileek eta bezeroek balioa elkarrekin sortuta, kontsumitzailearen leialtasuna indartzen da) eta, gainera, produktua desberdintzeko iturria da eta, horrenbestez, marketineko tresna (salmentak areagotzeko aukera ematen du eta merkatura produktu berriak helaraztekoa).