2025ko urtarrilaren 21a

Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkarteak Orkestrako zuzendari nagusia saritu du bere ibilbide profesionalagatik
Ikerketa eta eskualdeko garapen ekonomikorako ekintza lotzen dituzten proiektu estrategikoen inguruan duen ikuspegia eta lidergoa nabarmendu ditu epaimahaiak.
Mari Jose Arangurenek Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkartearen ASPEGI 2025 saria eskuratu du. Orkestrako zuzendari nagusia saritu dute Zuzendari kategorian, eta Enpresaburu kategorian, berriz, Sandra Montes Pérez ScrapAdeko sortzaileetako bat eta operazio zuzendaria.
ASPEGI sariek hamargarren edizioa dute aurtengoa, '10 urte arrastoa uzten 'lelopean, eta lurraldeko emakumeen talentua eta lidergoa ikusaraztea dute helburu, eta genero-berdintasuna garapen ekonomiko eta sozialerako funtsezko motorra delako ideia indartzen dute.
Epaimahaiak Mari Jose Arangurenen ibilbide akademiko eta profesionala goraipatu du, baita ikerketa eta eskualdeko garapen ekonomikorako ekintza lotzen dituzten proiektu estrategikoetan izan duen partehartzea ere. Nazioarteko lankidetza eta enpresa-kudeaketan berrikuntza sustatzeko erakutsi dituen ikuspegia eta lidergoa ere baloratu dituzte.
Sariak otsailaren 20an eman dira, Donostiako Parke Teknologikoan. Bere hitzaldian, Orkestrako zuzendari nagusiak errekonozimendu hau talde osoarekin partekatu nahi izan du: "Orkestra osatzen duten pertsonak dira bere balio nagusia. Nire lana bakoitzak duen hoberena eman dezan baldintzak erraztea da, elkarrenganako konfiantzatik, lankidetzatik eta zaintzatik lan eginez. Horregatik diot beti Orkestrako lidergoa lidergo partekatua dela. Sari hau, Harvarden jaso nuena bezala, nire taldearekin partekatzen dut. Neretzat sari honen gauza pozgarrienetako bat sarira aurkezteko nire hautagaitza Orkestrako taldearen ekimena izatea izan da."
Mari Jose Arangureni buruz
2014az geroztik, Lehiakortasunerako Euskal Institutua zuzentzen du, eta 3 plan estrategiko gidatu ditu bertan. Plan horietan, erakundeak mugarri garrantzitsuak lortu ditu: urteko 3,3 milioi euroko diru-sarreren maila, 98 erakunderekin lankidetzan gauzatutako 41 proiekturekin, 43 pertsonako plantillarekin eta nazioarteko erakundeekiko aliantza-sare zabal batekin.
Ekonomia katedraduna da Deustuko Unibertsitatean, eta aditu ospetsua lehiakortasunaren eta lurralde-estrategiaren arloan, klusterren eta sareen arloan eta politiken azterketan eta. Gai horiei buruzko liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu estatuko eta nazioarteko aldizkari espezializatuetan. Horrez gain, esperientzia handia du aipatutako ikerketa-arloetan nazioarteko proiektuak gidatzen, eta Euskal Herriko hainbat eragilerekin lan egin du.
Erantzukizun handiko hainbat kargu bete ditu Deustuko Unibertsitatean, eta 1994tik irakaskuntza- eta ikerketa lanetan aritu da Deusto Business Schoolen.
2016ko abenduan, Harvardeko Unibertsitateko Estrategia eta Lehiakortasun Institutuak bere ibilbide pertsonalagatik eta lurralde-lehiakortasunari egindako ekarpenagatik saritu zuen.